ATZEKOZ AURRERA

Inauterietako maskara berriak

Maskara kirurgikoak apaintzeko tailer bat antolatu du Bilboko Euskal Museoak, haurrentzat. Inauteriak egoerara egokitu dituzte, eta festa horren jatorriari buruzko azalpenak eman dituzte.

Forma eta kolore askotako apaingarriekin apaindu zituzten maskarak haurrek atzo, Bilboko Euskal Museoak antolatutako tailerrean. EUSKAL MUSEOA.
Uxue Gutierrez Lorenzo
Bilbo
2021eko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Maskaratuta ala mozorroa jantzi gabe, Bilboko Euskal Museoan dauden pertsona guztiek dute maskara bat soinean. Zuriak, beltzak edo koloretakoak; baina denak, ahoa eta sudurra ondo estalita. Inauterietako larunbat goiza da, baina ez da hori maskara jantzita eramateko arrazoia: pandemia betean eguneroko elementu bihurtu da maskara, mozorro kutsua apurka galduz. 2021eko inauterietan, eguneroko maskarari ukitu berezia ematea bihurtu da ospakizunaren adierazle bakarrenetako bat. Desfile koloretsuen faltan, inauterietako zenbait pertsonaia ezagutzeko eta maskara kirurgikoak apaintzeko tailerra antolatu dute Bilboko Euskal Museoko kideek.

Apal bada ere, nabari da inauteriak direla. Zortzi haur joan dira tailerrera, eta hiru daude mozorrotuta: Harry Potter pelikulako Hermione tailerra noiz hasiko zain dago museoaren atarian, eta alboan ditu katu bat eta printzesa bat. Era berean, nabari da pandemia betean murgilduta dagoela mundua: segurtasun distantzia gordetzen ari dira haurrak, eskuak desinfektatu dituzte tailerra hasi aurretik eta gurasoek, espazioaren edukiera dela eta, ezin izan dute tailerra ikusi.

Nor bere aulkian eseri, eta adi entzun dituzte Alaitz Mendiolagarai museoko hezkuntza departamentuko langilearen azalpenak. Inauteriei buruz mintzo da: «Zer egiten dugu inauterietan?», bota du galdera. «Mozorrotu!», erantzun dio katuz jantzitako haurrak. Bigarren galdera: «Zergatik mozorrotzen gara?». Ahots fin baten erantzuna, apal: «Dibertitzeko». Azalpen luzearen aurretik, azken galdera: «Mozorrotzen garenean, ezagutzen al gaituzte?». Haurretako batek argi utzi du aspaldiko kontua iruditzen zaiola mozorrotzearena: «Ez dut gogoratzen!».

Mendiolagaraik esplikazioari ekin dio. «Lehen, neguko azken jaia ziren inauteriak, eta nahi adina jaten zuten herritarrek. Izan ere, inauterien ondoren eta udaberriko produktuak hazi arte, uzta eskaseko garaia zetorren». Adi begiratzen diote haurrek Mendiolagarairi. «Neguko uztaren bukaeran ospatzen ziren inauteriak, baina, zergatik mozorrotuta? Inork ez ezagutzeko mozorrotzen zen jendea, eta bihurrikeriak egiten zituzten; batez ere, janaria ostu». Lapurretak gauzatzeko janzten zituzten maskarak.

Tradizioaren azalpena Bizkaiko lau pertsonaiaren adibideekin osatu du museoko langileak: Mundakako atorrak eta laminak, Durangoko surrandiak, eta Markina-Xemeingo hartza. «Atorrak musikariak dira, eta zuriz janzten dira; burko bat buruan jarrita, etxez etxe joaten dira, janaria lapurtzen». Soilik gizonek janzten duten mozorroa da atorrena, eta andreek, berriz, lamina itxura hartzen dute Mundakako inauterietan. «Laminek ere lapurtzen zuten?», galdetu du haurretako batek. Baiezkoa erantzun du hizlariak, hori baita inauterien jatorrizko funtsa: janari lapurretak eta bihurrikeriak.

Ohiko maskarak, mozorro

Teoriatik praktikara salto egin dute ondoren. Usadioaren nondik norakoak hobeto ezagututa, hiruko taldetan banatu dira pandemia garaiko mozorroa atontzeko. Maskara kirurgikoak forma eta kolore askotako apaingarriekin hornitu dituzte: izarrak, bihotzak, borlak... Katuz mozorrotu den haurrak irizpide argia izan du maskara apaintzeko: «Pieza guztiak erabili nahi nituen; denak jarri ditut».

Mozorrotzeko erabili ohi diren maskaren partez, osasun egoerak bultzatutako maskarak dituzte soinean haurrek 2021eko inauterietan; baina posible da ohitura zaharrak berriztatu eta egoera berrietara moldatzea: jantziak dituzten maskaren gainean apaindu berri dutena jarri, eta gurasoei erakustera joan dira, poz-pozik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.