Hungariako Kaldereroen Konpartsa Tradizionalak Parte Zaharreko kaleetan desfilatuko du. 18:45ean abiatuko dira, Zuloaga plazatik, eta amaitu ere bertan amaituko dute, 21:30ak aldera. Urteroko kanpamentuari ere eutsiko diote aurten, eta 20:00etan izango da hori, Konstituzio plazan. Hala ere, jakinarazi dute koronabirusa dela-eta ez dutela ibilbidean zehar geldialdirik egingo tabernetan.
Hemeretzi tribuk parte hartuko dute aurten Konpartsa Tradizionalean; 284 bat kaldererorekin. Ardatza tribuko arduradun Aizpea Leizaolak azaldu du zer ekarriko duten gaurko egunez: «1972tik jaian parte hartzen duten tribuetako arduradunek ordezkatuko dituzte Erregina eta Damak». Eta, hain zuzen, Leizaolak berak hartuko du Erreginaren rola. Damak, ordea, Gaztelubide elkarteko arduradun Ander Garmendia eta Union Artesanako Juanjo Perez izango dira. «Konpartsa berriak sortu dira, eta jaia gure hiriko hainbat auzotara zabaldu da».
Txomin auzoko kaldereroek ere gogor eragingo diote mailuari. 18:00etan abiatuko dira, Aintzieta pasealekutik, eta, jakinarazi dutenez, espaloitik egingo dute ibilbide guztia.
Hala ere, ez dituzte soilik kaldereroek biziberrituko asteburu honetan Donostiako kaleak. Kresalako inude eta artzainek bihar iragarriko dute inauterien etorrera. 12:00etan abiatuko dira Euskal Herria kaletik, eta kalez kale arituko dira dantzan, makilak eta panpinak eskuan.
Joxe Muruak, Kresalako Inude eta Artzainen Konpartsako ordezkariak, azaldu du 30 bikotek parte hartuko dutela, 60 danborrariren eta The Joselontxo's txarangaren doinuen laguntzaz.
Antigua auzoan ere izango da inude eta artzainen desfileaz gozatzeko aukera, Antiguotarrak taldearen eskutik. Baina datorren larunbatean izango da; hilaren 26an.
Beste hainbat txokotan
Iruñea ere ez da kaldererorik gabe geratuko, gaur 18:30ean hasiko baitu kalejira Iruña taldeak. Beren egoitzatik Nabarreriarainoko ibilbidea egingo dute. Irunen (Gipuzkoa) eta beste hainbat herritan ere izango dira gaur kaldereroak. Irunen, 19:00etan aterako dira, Alberto Anguera plazatik. Inudeek eta artzainek, ordea, bihar goizean ekingo diote desfileari; 12:15ean, Santiago kaletik. Tolosako kaldereroek ere hartuko dituzte kaleak gaur, 19:00etatik aurrera.
Kaldereroak, eta inudeak eta artzainak
Besteak beste, Donostian, Tolosan, Irunen eta Iruñean, gaur eta bihar.