Asteburuko proposamenak

Inauterien iragarle fidelak

Larunbatean kaldereroak ospatuko dituzte Donostian, Tolosan, Irunen eta Azpeitian, besteak beste. Inauteriak bertan diren adierazle dira kaldereroak.

DONOSTIAKO KALDEREROAK
Donostiako kaldereroak, iaz. GORKA RUBIO / FOKU
unai zubeldia
2024ko otsailaren 1a
05:00
Entzun

«Ihauteri alaiaren iragarle gu gara, bai atsegina eta algara». Hala dio Hungariako kaldereroak kantuak. Urtero, inauterien atariko nolabaiteko txupinazo edo festa hasierako lehen ekitaldi izaten dira kaldereroak hainbat herritan, eta hala gertatuko da aurten ere. Donostian, Tolosan, Irunen, Azpeitian (Gipuzkoa) eta beste hainbat txokotan zartagina astinduz eta kantuan gozatuko dute larunbat arratsalde-iluntzea. Urteurrenei helduta, aurten 140. urteurrena izango dute Donostiako kaldereroek —Union Artesana eta La Fraternal elkarteek sortu zituzten, 1884an—, eta mende erdia beteko dute Tolosakoek. Urteurren ospakizun txiki batzuk izango dituzte bietan. 

Donostian, 21:45etik aurrera, hemeretzi tributako 412 partaide elkartuko dira Parte Zaharrean, Hungariako Kaldereroen Konpartsa Tradizionalean; ohi bezala, 22:00etan Konstituzio plazan jarriko dute kanpamentu nagusia, eta han ariko dira Kresala dantza taldeko dantzariak, eta Donostiako Udal Musika eta Dantza Eskolaren Banda. 01:00a aldera amaituko dute ibilbidea, Gaztelubide elkartearen parean. Aurten, emakumezkoak izango dira parte hartzaileen %60. Gauerdi txaranga ere kalez kale ibiliko da, eta baita, urteroko moduan, erregina eta haren damak ere. 

Donostian, 21:45etik aurrera, hemeretzi tributako 412 partaide elkartuko dira Parte Zaharrean, Hungariako Kaldereroen Konpartsa Tradizionalean.

Aurten, Juan Antonio Antero izango da erregina —besteak beste, Eraldeak Donostiako inauteriek XIX. mendetik gaur egunera arte izan duten garapenari buruzko liburua idatzi zuen iaz—, eta Amaia eta Ibon Antero damak. «Honekin, nire historiako ziklo bat ixten da», hasi zuen azalpena Juan Antonio Anterok berak. «Parte Zaharrekoa naiz, eta 15 urterekin atera nintzen lehen aldiz Hernaniko bandarekin musika jotzen. Ondoren, 1980ko hamarkadan, Groseko kaldereroetan sartu nintzen, eta ia berrogei urtean ibili naiz hor». 

Etengabe eguneratzen

Parte Zaharrean bakarrik ez, Grosen, Amara Berrin, Egian, Herreran eta Amara Zaharrean-Erdialdean ere aterako dira larunbatean kaldereroen konpartsak. «Hau festa bat da, dibertimendua da, eta halaxe izan behar du», adierazi zuen Jon Insausti Donostiako Udaleko Kultura eta Euskara zinegotziak herenegun, aurkezpenean. «Garai bateko jaia eta ospakizuna da, baina belaunaldiz belaunaldi kultura eta usadioa eguneratzen asmatu dute». 

Tolosako kaldereroei dagokienez, Urdiña Txiki elkarteak antolatuta, 50. urteurrena izango dute aurten. Carlos Pitz elkarteko kideak azaldu duenez, «oso gogotsu» daude kaldereroetarako. «Inauterien aurreko asteburua izaten da urtero, eta kalean nabaritu egiten da hori. Niretzat, gaueko parrandarik politenetakoa izaten da beti». 19:00etan abiatuko da kalejira, Tolosako Plaza Zaharretik. «Hartza, domatzailea, Tolosako banda, dantza taldea, zingaroak... denak elkarrekin ibiliko dira kalez kale». Pare bat orduko ibiliaren ondoren, 70-80 lagun elkartuko dira afari giroan, Urdiña Txiki elkartean. Pitzek Tolosara joateko eta gozatzeko deia egin die denei. «Etortzen direnek ondo pasatuko dute».

Igandean, berriz, artzain eta inudeen txanda izango dute Donostian, Kresala elkarteak antolatuta. 12:00etan abiatuko dira Parte Zaharreko Euskal Herria kaletik, eta kalez kale ibiliko dira 14:00ak aldera arte. Aurten, berrehun partaidek osatuko dute konpartsa —30 dantzari bikote izango dira tartean—, eta Joselontxo’s txaranga izango dute ondoan. Igandean, Grosen eta Amaran ere izango dira artzain eta inudeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.