Inauterietako astelehen batez, Turkiako eta Italiako galdaragile batzuek desfilea egin zuten Donostiako kaleetan. Karriketan barrena zihoazela, eskuetan zeramatzaten metalak astintzen hasi ziren, baina ez ziren karroza baten parte: beren produktuak saltzera joanak ziren Donostiara. Hala erraten du kondairak, behintzat, eta hala sortu ziren gaurko inauterietako kaldereroak.
Hungariako Kaldereroen Konpartsa Tradizionalak 1884. urtean egin zuen lehen desfilea Donostian, eta urte batzuez joan-etorrian aritu baziren ere —desfilea birritan desagertu zen—, 1960. urtetik aitzinera beti ateratzen dira otsail hasieran. Aurten, Donostiako Udalak hala erabakita, otsaileko bigarren asteburuan adituko dira metal hotsak Parte Zaharrean, etzi, baina konpartsa gehiago ere aritzen dira desfilean, auzoen arabera banatzen direnak. Amarako Kaldereroen Konpartsak, gainera, 25. urteurrena du aurten. Donostia ez da, dena den, otsailean inauteriak iragartzeko kaldereroen bisita jasotzen duen herri bakarra; Gipuzkoako beste hainbat herritan ere izaten dira: Tolosan, Azpeitian eta Irunen, erraterako —otsailaren 22an, kasu horietan—.
Larunbatean 21:30ean hasiko da desfilea Donostiako Parte Zaharrean, han eginen baitute kontzentrazioa kalderero guztiek, Fermin Calbeton kaleko Lasala plazaren aitzinean. Kale horretan bertan eginen dituzte ibilaldiaren lehen geltokiak, 22:00etan Konstituzio Plazara ailegatu arte. Une hori berezia izaten da donostiarrentzat, konpartsaren erreginek eta damek agurra egiten baitiete gainerako kaldereroei, eta musika eta kantu zerrenda guztia abesten baitute han.
Ekitaldi hori bukatu ondotik, hainbat kale ernatuko dituzte: Narrika, Abuztuaren 31 eta Euskal Herria, bertzeak bertze. 01:30 aldera bukatuko dute ibilbidea, eta orduantxe erranen dute agur kaldereroek, heldu den urtera arte. Metalekin zarata egiteaz gain, kantuan emanen diote agurra urteroko egunari. Kantu horiek denak lehendik entseatzeko aukera izaten da hirian; aurten, adibidez, astelehenean hasi zituzten entseguak. Oraindik, ordea, bada kantuak ikasteko aukera: gaur 20:00etan Orixe ikastolan, eta bihar 19:00etan udaletxeko batzar aretoan. Azken hori orkestrarekin eginen dute, eta kalderero aterako direnentzat izanen da soilik.
Konpartsa tradizionala jantzi desberdin anitzek osatzen dute, baita tribuek ere. Hemeretzi tribu dira orotara: Aizarte, Akelarre, Antiguotarra, Ardatza, Arrano, Artesana, Artikutza, Bare-Bare, Esperanza, Euskal Billera, Gaztelubide, Herria, Kasilda, Kresala, Tenis errege-kluba, Suharri, UR, Urgull eta Zarauztarra. Tribuko kideez gain, Hungariako Kaldereroen Konpartsa Tradizionalak ezinbertzeko pertsonaia batzuk ditu: erregina, dama, zuzendaria, laguntzaileak, hartza eta domatzailea. Azken urteetako datuei eutsiko die aurtengo kalderero kopuruak: konpartsa tradizionalean 410 parte hartzaile izanen dira. Horien %60 emakumezkoak dira, eta tribuarekin batera Gauerdi txaranga eta Kresala dantza taldea arituko dira.
Inude eta artzainak
Asteburua borobiltzeko, bertze ikuskizun bat izanen da Donostian: inude eta artzainena. 1885ean atera ziren aurrenekoz, eta ohitura horrek ere zenbait urte desegonkor izan zituen. Ia mende bat geroago, 1977an, Kresala elkarteak ohitura berreskuratu zuen, eta urtero-urtero ateratzen dira ordutik. Ikuskizuna igandean izanen da, 12:00etan Kresala Elkartearen Euskal Herria kaleko egoitzatik hasita. Guztira, 30 inude eta artzain bikote, 60 danbor jole eta bertze hainbat pertsonaia aterako dira; Grosen ere aukera izanen da desfileak ikusteko.
Kaldereroen ospakizuna egin eta biharamunean bertan ospatzen dute inude eta artzainen eguna Donostian; historiak dioenez, garai batean menditik jaisten ziren artzainen eta herrian bizi ziren inudeen arteko harremana islatzen du. Beran ere (Nafarroa) egiten dute halakorik, baina bereizgarritasun bat eransten diote jaiari: mutilak inude mozorrotzen dira, eta neskak artzain.
Eraiki dantza taldeak antolatuta, Irunen ere aterako dira inudeak eta artzainak, baina donostiarrek baino aitzinerago eginen dute: otsailaren 23an, kaldereroen konpartsaren hurrengo egunean, han ere.