Kazetaria

Fermin Erbiti: «Iñaki Perurena aho batez da miretsia eta maitatua, eta hori ez da oso erraza»

‘Iñaki Perurena. Harria bidelagun’ liburuan harri jasotzailearen «erretratua» egiten saiatu da Erbiti: «Elkarrizketa luze eta sakona merezi duen pertsonaia dugu. Gizon polifazetikoa eta poetikoa da».

Fermin Erbiti kazetaria, joan den ostiralean, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Fermin Erbiti kazetaria, joan den ostiralean, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Kristina Berasain Tristan.
Donostia
2024ko azaroaren 26a
05:00
Entzun

Fermin Erbitiren (Iruñea, 1964) bederatzigarren liburua da Iñaki Perurena. Harria bidelagun. Erbiti Kazetaritzan lizentziaduna da, euskaltzain urgazlea eta Nafarroako Kontuen Ganberako komunikazio arduraduna, baina beti aurkitzen du tarte bat «solasaldi luze eta sakon bat merezi duten pertsonak» elkarrizketatzeko: «Kazetaritzaren alde onena, niretzat behintzat, jende interesgarria ezagutzea da».

Zergatik Iñaki Perurena?

Nafarroako Kontuen Ganberan egiten dut lan, eta beti eramaten ditut era askotako pertsonaiak hitzaldiak ematera; auditoreak, bestela, zenbaki artean daude beti. Vicente Madoz psikiatra ospetsua eraman nuen duela bi urte. Solasaldi haren ostean, elkarrizketa luze bat egin nion, eta liburu itxura hartu zuen. Kazetaritzaren alde onena, niretzat behintzat, jende interesgarria ezagutzea da. Erdaraz egin nuen orduan, bera erdalduna delako, eta banuen horrelako liburu bat euskaraz idazteko gogoa. Perurenak barruan badu zerbait, pertsonaia berezia da, sentibera. Elkarrizketa luze eta sakona merezi duen pertsonaia dugu.

160 orrialdetan kabitzen al da?

Ezinezkoa da hori, geure burua osotasunean ere ez baitugu ezagutzen, baina oro har hor dagoela esango nuke. Saiatu naiz bera ezagutzen... Nik gozatu egin dut liburu honekin oso hiztun ona delako. Etorri handikoa da, azkarra, zentzuduna... Denaz hitz egin dugu, oroimen oso ona dauka, eta gai sakonetan ondo moldatzen da. 

Duela urtebete hasi zineten, ezta?

Bai. Iruñeko hotel bateko kafetegi batean egin nion proposamena. Ordu asko pasatu ditugu elkarrekin. Horrelako elkarrizketa bat ezin da di-da batean egin. Patxadaz aritu gara, pare bat edo hiru orduko bospasei solasaldi egin genituen, eta gero beste batzuk laburragoak. Kontaktua etengabea izan da. Whatsap bidez ere aritu gara. Pagotxa izan da.

IÑAKI PERURENA ETA FERMIN ERBITI
Iñaki Perurena eta Fermin Erbiti, liburuaren aurkezpenaren egunean, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Gizon poliedrikoa da. 

Erabat. Gizon polifazetikoa eta poetikoa da. Euskal Herriko harri jasotzailerik ospetsuena dela begi bistakoa da, baina horretaz gain, abeltzaina, harakina, aktorea, aurkezlea, bertsozalea, historiazalea, eskultorea... Hamaika zereginetan aritua da, eta guztietan txukun, dotore, duin. Iñaki Perurena aho batez da miretsia eta maitatua, eta hori ez da oso erraza. Euskal Herri osoan da miretsia eta maitatua. Eta Nafarroa Arragoa horretan are zailagoa izaten da hori.

Espero ez zenuen zerbaitek piztu dizu arreta?

Haurtzaroa aipatuko nuke. Madozek esaten zidan 7 urte arteko etapa hori oso garrantzitsua dela, hor dagoela dena. Eta Iñaki ere haurtzaroak markatu zuen. Leitzako Alfaroa etxean sortua da, gurasoak maizterrak ziren, eta pobre izateko kezkaz bizi ziren. Larre motzean hazitakoa da. Etxe hartan lanak zuen lehentasuna. Xabier Letek aita zenari eskainitako poema ederra datorkit gogora. Esaten du Letek: «Lanean galdu zuten/ arrenkura gabe/ bizitzaren dema». Nik uste dut horrek erakusten duela nolakoa izan zuen haurtzaroa eta nola markatu zuen. Lezioa oso ondo ikasi zuen: bizitzan lan eta lan eta lan egin behar zela.

Bi zati ditu liburuak.

Bai. Nire helburua zen Perurenaren erretratua egitea. Lehen partean, berarekin izandako solasaldia dago. Perurenak bere bizitzaren errepasoa egiten du hainbat gairi buruzko iritzia emanez; haurtzaroa, kirola, telebista, euskara, politika... Bigarren zatian, Iñaki ongi ezagutzen duten lagun batzuen testigantza bildu dugu, erretratua osatzeko eta txukuntzeko. Liburuan argazki sorta zabal bat dago ere. 

Perurenak esan du liburuan lore asko daudela, eta berak arantzak ere badituela, jenio txarrekoa dela...

Argi ilunak bizitza guztietan daude. Egia da hiru seme-alabekin batetik bestera ibili zela, mila saltsatan. Alabak aita miretsi egiten du, baina esaten du ez zutela aita ikusten, eta berak zama hori ere badarama gainean. Behar zen lekuan egon ote zen galdetzen dio bere buruari, baina badaki garai hartan hala izaten zela. 

Peru Harrin ateratakoa da azaleko argazkia. Perurena ezin da harririk gabe ulertu.

Harria izan du bizitzako bidelagun, eta oraindik ere hari emana bizi da, zoriontsu. Harria jasotzea irauli zuen gizona da, modernizatu egin zuen, kirol bihurtu zuen. 1987. urtea mugarri izan zen, 300 kiloko harria altxatu zuenean. Horrek sekulako oihartzuna izan zuen. Madrilgo farandulako jendea ezagutzen zuen, eta telebistako programek sekulako audientziak zituzten garaian zer saltzen zuen? Ba gure kultura, euskara... Oso mediatikoa izan da. Errezitatzen, kantatzen, dantzatzen... Denetan aritu da kamera aurrean, aise, naturaltasunez. Euskal kulturaren enbaxadore ona izan da, bestea errespetatuz beti, baina berea defendatuz. Eta Peru Harri bizitzak egin dion oparia da. Leitzako paraje eder hori harriaren tenplua da. Txikitatik bazuen amets bat, eta zen harri jasotzailea izatea. Leitzan pilotariak edo aizkolariak ziren, eta, gurasoen debekuari aurre eginez, temati jarraitu zuen, zailtasun guztien aurka. Autodidakta izan da, artista handia.

lotsabako

Kazetari bat?
Ben Bradlee.

Liburu bat?
Anjel Lertxundiren 'Mentura dugun artean'.

Leku bat?
Itsasoa menditik, Zarautzen adibidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.