Biomedikuntzako gradua eta Ilustrazio Zientifikoko graduondokoa eginak ditu Maddi Astigarragak (Deba, Gipuzkoa, 1997), baina orain ausartu da lehenengoz bere burua ilustratzaile zientifikotzat hartzen. Izan ere, 2022ko Jot Down lehiaketa irabazi du, ilustrazio zientifikoaren adarrean, Ikusezinak ilustrazioarekin: emakume zientzialarien ikusgaitasunik eza irudikatu du.
Zergatik erabaki zenuen lehiaketan parte hartzea?
Lan mundua ez da erraza ilustratzaile moduan jarduteko; ezta ilustratzaile zientifiko moduan ere. Irakaskuntzako masterra egin bitartean, lan txikiak egiten nituen, niretzat gehienbat. Lehiaketaren berri eman ziguten, eta, hasieran, pentsatu nuen ez neukala denborarik: masterra, lana, praktikak... Azkenean, erabaki nuen ezin nuela galdu halako aukera bat. Denbora atera nuen gauez marrazten aritzeko.
Lo invisible, ikusezina zen gaia. Emakume zientzialariak marraztu dituzu. Zergatik?
Gaia irakurri nuenean, konturatu nintzen zientziak berak ikusezinak diren gauzak ikusarazteko balio duela: zientzialariek ordura arte ezezaguna den hori frogatzeko lan egiten dute. Era berean, gizarteak, edo sistema kapitalistak, zientziaren inguruko zenbait gauza ezkutatzen ditu: lan baldintzak, lehiakortasuna, interesak... baita emakume zientzialariak ere.
Nortzuk aukeratu dituzu?
A4 tamainako irudia eskatzen zutenez, hiru emakume marraztea erabaki nuen. Cecilia Payne da lehenengoa: izarrak hidrogenoz eta helioz osatuta daudela deskubritu zuen. Bigarrena Inge Lehmann da, Lurraren barneko nukleoa bi zatitan banatuta zegoela aurkitu zuen sismologoa. Azkena, berriz, Rosalind Franklin da: DNAren irudi bat lortu zuen, haren egitura ezagutzeko lehia handia zegoen garaian.
Izarrak, sismografoetako irudia eta DNAren marrazkia ere sartu dituzu ilustrazioan. Zergatik?
Hiru emakumeak eta haien aurpegiak ikusarazi nahi izan ditut, baina baita haien lorpenei garrantzia eman ere, irudian integratuz.
Atzean, begi ugari marraztu dituzu. Ikusezintasuna salatzeko?
Bai, begiratzekoa ez ezik, ikusteko deia zabaltzeko.
Zuk zeuk, izan dituzu emakume zientzialariak erreferente?
Erreferente ez dakit, baina egia da ikasgelan gehienak emakumeak ginela, nahiz eta badakigun unibertsitateko ikerketa postuetan zenbat eta gorago egin orduan eta emakume gutxiago daudela. Zortea eduki nuen, ikerlari emakume asko izan baikenituen irakasle.
Eta ilustrazio zientifikoek ba al dute ikusgaitasunik?
Ilustrazio zientifikoa ez da ezaguna lan moduan. Ez da aintzat hartzen zer ekarpen egin dezakeen, ez eta komunikatzeko zer ahalmen duen ere. Kasu honetan bezala, ikusezina ikusarazten du, oso modu bisualean. Ilustrazio zientifikoek ikusgaitasun handiagoa behar dute, haien balioa eta erabilgarritasuna kontuan hartuta.
Zerk ezaugarritzen ditu ilustrazio zientifikoak?
Zientziaren komunikaziorako balio dute, hori da helburua. Izan liteke, batetik, zientzialarien arteko komunikazioa hobetzeko, irudiek lagundu baitezakete aurkikuntzaren bat egitean elkarri prozesuak azaltzen. Baina, bestetik, zientziak lortutakoa herrian edo gizartean zabaltzeko balio du: kartel informatibo eta posterretatik hasi, eta eskolako liburu edo museoetako karteletaraino.
Zehaztasuna beharko da, ezta?
Oso garrantzitsua da: zientifikoki zuzenak diren marrazkiak sartu behar dira, eta zehaztasuna behar dute. Zehaztasun hori ez da beti bera, ez baita gauza bera zientzialarien arteko komunikaziorako irudiak egitea, oso espezifikoa baita, edo haurrentzako liburu bat egitea, ez baita hain zehatza. Hala ere, ezin da zehaztasuna galdu dibulgazioaren aitzakian. Sinplifika dezakezu, baina zehaztasun horri eutsi behar diozu.
Inoiz esan dizute: 'Nolatan biomediku bat ilustratzaile'?
Batzuei bitxia iruditzen zaie, bai. Ilustrazioa sormenarekin lotzen da, eta arlo zientifikoa, zehaztasunarekin. Ilustrazio zientifikoaren alde polita da zehaztasun hori sormenez adierazten saiatzen dela, bere helburua, hau da, komunikatzea lortzeko.
Baduzu ezer esku artean orain?
Beti ditut proiektutxoak esku artean: ez naiz geldirik egoten. Ilustrazio zientifikoaren mundutik bizitzea gustatuko litzaidake. Beraz, lehiaketa eta lan txikiei baietz esaten ari naiz, eta aurrera.
Baina gauetan marraztuta?
[Barrez] Espero dut baldintzak hobetu eta arratsaldez edo egunez marraztea, eta deskantsatzeko denbora gehiago edukitzea.
ATZEKOZ AURRERA. Maddi Astigarraga. Ilustratzaile zientifikoa
«Ilustrazio zientifikoek ikusgaitasun handiagoa behar dute»
Cecilia Payne, Inge Lehmann eta Rosalind Franklin zientzialariak eta haien lorpenak irudikatu ditu Astigarragak Jot Down lehiaketa irabazi duen ilustrazioan, «ikusezina ikusaraztea» helburu hartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu