ATZEKOZ AURRERA. Leire Urbeltz. Irudigilea

«Ilustrazio hedatua zer den ez dakit oraindik»

Arte bitartekaritzetan buru-belarri dabil Urbeltz, zenbait ikaslerekin lanean. Uste du artea bestela erakutsi beharko litzatekeela ikasketa zentroetan. Paradigma aldatu behar da horretarako.

IÑIGO URIZ / @FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2020ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Kultur bitartekaritzak artista eta heziketa zentroak batzen ditu. Horretan dabil Leire Urbeltz irudigilea (Iruñea, 1985) azken boladan, Uharte zentroan lanean. Hiriartearen programa bati jarraikiz, Iruñeko Iturrama institutukoekin egindako audio proiektu bat aurkeztuko dute gaur, 18:00etan, Ziudadelan.

Zer moduz instituturako buelta?

Hunkigarria benetan. Ez nintzen itzuli handik ihes egin nuenetik, eta ez dirudi asko aldatu denik. Tira, irakasleak beste batzuk dira.

Zer moduz nerabeekin lanean?

Interesgarria. Beste belaunaldi bat da, eta uste dut haiek ere badutela asko irakasteko. Ikastetxe asko bisitatzen ditut, eta, oro har, oraindik oso hezkuntza sistematikoa dago, kurrikularra: irakaslea goian eta ikasleak behean. Saiatu gara zerbait horizontalagoa eskaintzen. Niretzat oso interesgarria izan da, soinua ari baitziren lantzen, eta normalean ez baitut horretan pentsatzen.

Audiogida disruptiboak prestatu dituzue. Nola aditzen dute Ziudadela nerabeek?

Haientzat zeharbidea da: ez diote asko erreparatzen, egunero pasatu arren. Harrigarri da: ez diogu ondare historikoari askorik erreparatzen. Niri ere gertatzen zait; egunero ikusten duzunari ez diozu begiratzen bidaiariaren begiekin.

Zer proposamen duzue gaurko?

Lan pila bat egin dute. Hamabost audiogida prestatu dituzte, baina hiru aurkeztuko ditugu: gotorlekua ibiltzeko hiru modu desberdin dira.

Arte bitartekaritza zertarako da baliagarria?

Paradigma aldaketa bat da. Abangoardiak sortu zirenetik, ezin dugu artea modu akademiko eta arkaikoan irakatsi. Behar dugu moldatu gaur egungo ekoizpenetara. Orduan, bitartekaria ez dago maisuaren tronuan: behera jaisten da, eta, guztien artean, bakoitzari duen hori ateratzen saiatuko da.

Paradigma aldaketa horretan, zeintzuk dira ondorioak?

Emaitza jakin bat lortzea oso ona da zientzietan, baina artean ia-ia kontrakoa da. Plastika zientzia balitz bezala irakasten da: «Horrela marraztu behar duzue». Baina arteak beste funtzio batzuk ditu. Orduan, emaitza izan daiteke zerbait oso psikologikoa: bakoitzak bere nortasunarekin konektatzea eta bere burua adieraztea. Edo inteligentzia askotarikoak baloratzea.

Hiriarteak antolatu du, baina udalak bertan behera utziko du. Asko aldatuko da egoera?

Hiriarteak ez du denborarik izan bere filosofia garatzeko. Badirudi arte garaikidea, ezagupen multzo gisa, ez dela instituzionalizatu oraindik edo mitoz beteta dagoela. Ez dago onartuta. Artea askotan publikotik urrun dago, baina, gero, politikatik hurbil, gehiegi. Hiriarteak nahi zuen Azkunan, Tabakaleran edo Dos de Mayon egiten denera hurbildu. Izan dadila birpentsatzeko toki bat, parte hartzailea, ez bakarrik kultura kontsumitzekoa.

Uharte zentroa irlatxo bat da?

Bai, baina ez da erraza izaten ari paradigma aldaketa, orain ez delako erakusketarako leiho bat, ekoizpenerako baizik. Beharko ditu baliabideak gazteei aukerak emateko.

Ilustrazio hedatuaren bila ibiltzen zara. Jarraitzen duzu?

Anbizio hau segurtasun falta handi batetik datorrela uste dut. Inoiz ez dut neure burua oso eroso ikusten inongo merkatutan: ez ilustrazioarenean, ez arte garaikidearenean. Zerbait hain pertsonala eta batzuetan hain gogorra da artea sortzea, batzuetan hasi behar duzu alde batean edo bestean produktiboa izaten eta etekin ekonomikoak ateratzen, baina nik ikusten dut nire ekoizpen isuriari oztopoak jartzen dizkiola horrek. Liburu batetik ilustrazioak aterako balira, zer forma edo euskarri hartuko lukete? Nola eragin sentsazio gehiago ikusleari mundu ilustratu horren barnean sartzen baduzu? Beti ari naiz pentsatzen marrazkia hedatzea. Hori interesatzen zait. Ez bakarrik irudia, baizik eta irudi hori non, nola, zer sortzen duen, euskarri batera pasatu, barruan sartu... Marrazkia eta instalazio artistikoaren bide hori. Oraindik ez dut topatu. Oraindik ez dakit zer den ilustrazio hedatua.

Nola lortzen da oreka? Zuk ere behar baituzu hortik bizi.

Nire kasuan, bitartekaritzaren bidez. Nahiago dut nire ikerketetan sormenaren zalantza horietan aurkitzen ditudan erreferenteak, estrategiak eta ideia eroak partekatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.