Telesailak

Iluntasunetik argitasunera

'Yo, adicto' Javier Ginerren izen bereko liburu arrakastatsuaren egokitzapena da. Egilearen benetako gainditze istorioa azaltzen du; hainbat urte eman zituen alkoholarekiko, drogekiko eta sexuarekiko adikzioaren espiral autosuntsitzailean murgilduta.

'Yo, adicto' telesailaren fotograma bat. DISNEY+
'Yo, adicto' telesailaren fotograma bat. DISNEY+
gaizka izagirre
2024ko azaroaren 2a
05:00
Entzun

Ginerren errehabilitazio prozesua eta drogekiko mendekotasuna gainditzeko borroka ditu ardatz telesailak, baina, testigantza pertsonal arrunta izateaz harago, adikzioaren izaeraren azterketa sakona eta latza egiten du. Paregabea da.

Oso ausarta izan behar da norberaren miseriak, zauriak eta sekretuak modu hain zintzo eta basatian azaltzeko, eta sortzaileak hala egin du; estigmaz inguratuta egon ohi den arazo bat desmitifikatzeko eta gizatiartzeko erakusten duen adorea itzela da. Sei atalez osaturiko lan txundigarria eta zintzoa osatu du, eta mendekotasunaren gai ilun eta askotan ulertezinari modu ausart eta gordinean heltzen dio.

La adicción (Mendekotasuna), La clínica (Klinika), El monstruo (Munstroa), Los vínculos (Harremanak), La Familia (Familia) eta La despedida (Agurra); sei kapituluen izenburuak dira horiek, eta bakoitzean azpigai edota problema jakin bati heltzen dio. Protagonistaren bidaia horretako etapa zehatzak azaltzen dira, eta ikusleak tipula baten moduan zurituz joan beharko du sakonean dauden geruzak arakatzeko. Geruza bakoitzak tonu eta erritmo propioa du; lehen atala konpultsiboa eta frenetikoa da, nahasia, zuzena, mingarria eta lehorra; bigarrena deserosoa da, isiltasun gehiago daude, emozionalagoa da; hirugarrena eztanda bat da...

Pasarte horietan guztietan, zeharo hausten du adikzioaren inguruan egon ohi den ikuspegi sinplista eta moralistarekin; borondate arazo bat soilik ez dela erakusteaz gain, laguntza, ulermena eta tratamendu profesionala eskatzen duen gaixotasun bat dela azaltzen du. Modu gordin eta gardenean erakusten du guztia, eta horrek pertzepzio eta aurreiritzien inguruan hausnartzera gonbidatzen du ikuslea.

Egitura narratiboa, eta gidoia oro har, telesailaren alderdirik sendoenetakoak dira. Maisuki egituratuta dago guztia; protagonistaren une intimo zein emozionalak ezin hobeto orekatu dituzte droga mendekotasunaren ondorio sozial eta psikologikoei buruzko azterketa zabalagoekin.

Baina ekoizpen honen sostengurik eta euskarririk handiena aktoreen lana da. Oriol Plak egiten duen lana ikaragarria da, ezin deskribatuzkoa; bidaia emozional eta katartiko harrigarria haren eskutik egingo du ikusleak. Barrea, negarra, haserrea... emozioen zurrunbilo batean sartu eta erraietatik irtendako antzezpena egiten du. «Pailazoa, gogaikarria eta histrionikoa naiz, harroa, ahoberoa eta friboloa. Nondik hasten da norberaren bizitzaren erretratua?». Protagonistaren beraren off-eko ahotsaren bidez murgilduko da ikuslea istorioan. Gainerako aktoreek ere lan itzela egiten dute: nortasun propioa duten pertsonaien koreografia oso berezia eta zehatza konposatu dute, dibertigarriak bezain tristeak.

Ikus-entzunezkoetan, sarritan, adikzioaren eta osasun mentalaren gaiak modu desinformatu eta friboloan jorratzen dira, baina Yo, adicto-n ez da halakorik egiten; liburuarekin gertatu zen moduan, arazo hori duen jende askorentzat lagungarria izan daitekeen proposamen bat da; akaso haiei zuzendua dago lan hau.

Ikuslea iluntasunetik argitasunera doan tunel batetik eramango duen proposamena da, eta miseria intimoak (eta kolektiboak) modu basati bezain zintzoan azaleratzen ditu.

Arrasto ezabaezina uzten duen ekoizpen aparta da.

FITXA

  • Sortzaileak. Aitor Gabilondo, Javier Giner eta Elena Trape. 
  • Aktoreak. Oriol Pla, Nora Navas, Ramon Barea, Marina Salas eta Itziar Lazkano.
  • Herrialdea. Espainia.
  • Urtea. 2024.
  • Non ikusi. Disney+.
  • Atal bakoitzaren iraupena. 50 minutu.
  • Generoa. Drama.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.