Udako seriea. Euskal Herriko ingurubirak (II)

Illunzar, Ineritze leizeko babesleku

Historiak eta kondairak bat egiten duten bazter amiragarria bertatik bertara ezagutzeko parada emango du ibilbide honek. Aulestiko Narea auzoa da abiapuntua. Ineritze haitzuloa Illunzar mendiguneko bizkarrean ikus daiteke.

Illunzarreko gaina. JOSEAN GIL-GARCIA
Illunzarreko gaina. JOSEAN GIL-GARCIA
Josean Gil-Garcia.
Nabarniz
2024ko uztailaren 24a
05:00
Entzun

Irakurri hemen serieko artikulu guztiak

 

Aulesti eta Nabarniz (Bizkaia) udalerrien artean Illunzar mendigunea altxatzen da airoski. Ezbairik gabe, ezusteko handia hartuko du bisitariak mendigune gotortu izanaren itxura duen parajeotara hurreratzen den lehen aldian. Pirinioetako tontorrik garaienean nola, hala agertuko zaio ibiltariari mugarik gabeko zeruertza. Izan ere, handik goitik Euskal Herriko erliebe malkartsuaz jabetzea ez da lan nekosoa: tontorrak, haranak eta haitz zorrotzak, malkarrak eta ordokiak... Halakoxea da Bizkaiko orografia, mugimendu orogenikoek sorrarazitako tolestura apetatsuan ederki bermatua. Magaletik eskegiak udalerriok osatzen dituzten auzo eta baserriak antzemango ditu bisitariak. Herri xumeak eta baserriak han-hemenka sakabanatuta ikusiko ditu. Gainera, artadi kantauriarrak osatzen dituen baso trinkoak Illunzarreko paisaiaren protagonistak izango dira. Nagitasun gozoan eta eguzkiaren epeletan emango dute zuhaitzok urte osoan, hosto gogor, latz eta arantzadunak goialdeko larrediarekin lehia bizian.

Udako seriea: illunzar
 

Saraua tontorraren azpian, gainera, Ineritze leize zuloa agertuko da, ibiltariak belardiz jantzitako bizkarra korritzen duen bitartean. Haraino bertaraino joan zen behiala emakume bat bere semea aldean zeramalarik. Halaxe hasten da bazterrotan aditzen diren elezaharretako bat. Nonbait, haitzuloko sarbidean hazten den hostazuri baten lorearen edertasunak erakarriak izan ziren berehala. Beste kondaira batek dio sarbideko pikondo baten fruituak liluratuta izan zela bikotea. Dena dela, fruitua edo lorea hartzera joan zirenean, zer eta haitzulotik behera amildu egin ziren bi-biak. Iturrikoerreka inguruan agertu ziren amaren jantzi gorriak.

Narea auzoan, abioa

Narea auzoan (Aulesti, Bizkaia) emango zaio hasiera Illunzarreko ingurubirari. Aulesti herriko enparantzatik hurbil hartzen da Narea auzora doan errepidea, hots, Munitibar eta Lekeitioko desbideratzetik gertu. Horiek horrela, Basabe-Soloeta aparkalekutik gora eginda, Nareako baserriak altxatzen diren talaiara iritsiko da txangolaria, berehalakoan. Gernikara doan errepide estutik hasiko da ibilian-ibilian. San Bizente baseliza agertuko zaio laster, lizarrek eta arteek bapo-bapo babestuta den tenplu xumea. Errepidea uzteko tenorea izaki, eskuinetik doan basabidetik jarraituko du ibiltariak. Hala, ur biltegi paretik igaro eta, zuri-urdineko arrastoak lagun, makina bat pauso emango dugu harresi baten paraleloan.

Antena batera helduko da zaletua segituan, pinudia atzean laga bezain laster. Basabide zabala bertan utzita, artadian sartzen den zidorrari men egingo dio, eta Argaraingo basoko bazterrak ezagutaraztera abiatuko da zoli eta zalu. Sigi-saga bideratuko du zidorrak oinezko otzana. Ereinotzak eta lianak artadi zaharrari lotuta ikusiko ditu bide patartsuan gora egiten duen bitartean. Lexarrabeko eta Lexarragoiko baserriak lotzen dituen bide zabalarekin topo egingo du artadiaren barruko aldatsa amaitutakoan. Eskuinetik segituko du orduan, eta Lexarragoiko baserrira helduko da.

(ID_17207078752605) ILLUNZAR
Lexarragoiko baserri ederra. JOSEAN GIL-GARCIA

Ibiltariak altzifre batzuen babesean ikusiko du baserri galanta. Eskuinera hartu eta basabide zabaletik jarraituko du zehar-zehar. Ezkerretik irtengo den bide patarra utzi eta ehunka metro gehiago egingo ditu lasai-lasai, harik eta hurrengo bidebanatzera heltzen den arte. Orduan, ez bat eta ez bi, ezkerretik gora egingo du. Basabide nagusitik aldentzen den zidor maiztua ikusiko du basabidearen eskuinaldean. Bide zabala lagako du orduan, eta, xendaren xarmak erakarrita-edo, altuera hartzeari eutsiko dio. Itxitura edo alanbre bat ikusiko du laster pago baten ondoan. Hura zeharkatuta, ikuspegi itzela izango du Aulestiko herrigunearen gainean. Oiz mendi zauritua aurrez aurre izango du, baita Bedartzandi-Urregaraiko talaia bikiak ere, Markinaldeko jagoleen antzo hirurak gailenduta.

Oinezkoak Atxabringo harritza zeharkatuko du jarraian. Harbide baten moldean egokitutako zidor harritsuak goratasuna hartzen lagunduko dio. Gain-gainean, Akaputxer tontorra izango du, begia ez diolarik kenduko. Aldats gora egin ordez, zehar-zehar jarraituko du ibiltariak orduan, betiere Illuntzar mendiguneko hegoaldeko zoko-mokoei gortea egitearen kariaz. Harbidea amaituta, eskuinean utziko du Usokaixola aldera egiten deun zidorra. Paraje karstiko batek bete-betean harrapatuko du ibiltaria tanpez. Hurritzek, arteek eta elorri xuriek galeria bat osatuko dute han. Zidor samurrak kareharrizko blokez osatutako bide katramilatuari emango dio bidea. Labirintotik irtetean, eskuinean lagako du Kobara doan bidexka eta, apurka-apurka, Akaputxer tontorrera hurbilduko da. Kareharrizko lauza baten gainean jarritako harri pilaketa batek adieraziko du punturik gorena. Hemendik Atxabringo lepora hurbilduko da, gertu dago-eta. Artegi bat antzemango du lepoan. Handik igaro eta, aldatsari aurre egindakoan, Illunzar tontor gainera igoko da. Bista itzela handik goitik, eta Euskal Herriko mendiak bisean bis: Aizkorri-Aratz, Oiz, Jata, Gorbeia, Urdaibai, kostaldea… Ederrak denak!

Ineritze leize zuloa

Erpin paretik igaro eta, hegiz hegi, bizkarreko belardiak gozo-gozo zapalduta, Pagoetako lepora jaitsiko da bidaztia. Aziendari egarria asetzeko egina bada ere, hezegune pintoresko bat ikusiko du han. Segidan, ur putzuaren gaineko Irurkitza tontorrera igoko da. Handik hurbil, Saraua tontorraren azpian pinu batzuk hazten diren lepoan, Ineritze leizea ikusiko du. Haitzuloaren inguruko argibideak irakurtzeko parada dago bertan. Hala, bisitariak jakingo du zuloak ehunka metro behera egiten duela. Horregatik zuloaren ahoa inguratzen duen alanbrea. Elorri zuri batek estaltzen du sarrera, eta nekez antzemango du barrunbearen handitasuna. Huntza, ordea, zorte handiagokoa da; izan ere, elorriaren enborra baliatuko du haren zurtoinetik ederki kiribildu eta haitzuloari misterio aura eman diezaion. Akaso, elorria loretan denean, kobazuloari desafiozko borroka baten bezalaxe, lore zurietan pausatuko dira erleak, loreei darien nektarra xurgatzearen kariaz. Kilkerren kantuak eta bele beltzen karrankak bazterreko isiltasuna urratzeko ahaleginean arituko dira Ineritzeko zuloaren ertzean.

(ID_17207079401115) ILLUNZAR, INERITZE LEIZEKO BABESLEKU
Fosilak agertuko dira Illunzarreko goialdean. JOSEAN GIL-GARCIA

Leizea atzean laga eta Sarasua muinoa eskuinean dela, tontorraren parean jarraituko du zaletuak. Ziztuan Mandalestako lepora iritsiko da. Orduan, ezkerrera hartu eta beherago agertzen diren urmael eta edanlekua bistaratuko zaizkio. Handik ehunka metrora, bidebanatze batera helduko da. Ezkerrera egingo du han eta, barrera baten aurrean iritsita, langa zeharkatu gabe eskuinera egingo du. Haritz, lizar eta pagoek jantzarazitako zoko-moko polit batera helduko da aise. Basabide nabarmena utziko du han, eta ezkerrera jotzen duen basabideari jaramon egingo dio. Alanbre bat zeharkatu eta gero, maldan behera arituko da. Egitxo iturburutik igarota, Kantera baserrira helduko da. Eta asfaltoan behera, Nabarniz elexaldera joko du ibiltariak, zuzen-zuzen, tipi-tapa.

Itzulera egiteko asmoz, ibiltariak Nabarnizko elizaren ondotik doan errepideari jarraituko dio. Udaletxearen eta kiroldegiaren artetik igarota, errepide bazterretik doan zidor egokituari helduko dio. Haren eskutik Merikako iturri-latsagia-uraska eta Lekerikako Santiagoko ermita bisitatuko ditu. Nabarnizko udalerria atzean laga eta Aulestikoan sartuko da berehala. Narea auzotik hurbil ikusiko du porlan bidea banantzen dela. Gora jotzen duen bidea hartu gabe, behera egingo du garaia altxatzen den auzoan Illunzarreko ingurubirari amaiera emateko.

(ID_17207080634585) ILLUNZAR, INERITZE LEIZEKO BABESLEKU
Done Jakue baseliza Lekerika auzoan dago. JOSEAN GIL-GARCIA

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.