Gizakia Ilargian (eta II)

Ilargiraino eta buelta

Gizakiak lehen aldiz Lurraren satelitea zapaldu zuela 50 urte bete diren honetan, etorkizunera begira ere jarri behar da. Izan ere, Ilargia berriz dago modan, eta dagoeneko hasi da lasterketa hurrengo astronauta han jartzeko. Trumpek esan du 2024an izango dela, baina aditu asko ez dago horren ziur.

Edu Lartzanguren.
2019ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Ilargiarekiko lilurak faseak ditu, eta, orain, ez dago zalantzarik: ilgoran dago. Denera hamabi gizakik zapaldu zuten Ilargia 1969 eta 1972 artean. Geroztik, inork ez. Satelitea ahaztu samar egon da hamarkada luzez. Baina azken boladan berriz piztu da gizakiak hara bidaltzeko grina. Zergatik dago modan berriz Ilargia? «Inguruan dagoelako», esan du Jose Felix Rojas astrofisikari eta EHUko Planeten Zientzien taldeko kideak. «Gainera, Ilargiak trebatzeko balio du urrutiagorako bidaiak egiteko; eta argi dago hurrengo etapa Marte izango dela».

Ilargira berriz joatea «esplorazio kanpaina handiago baten parte» dela esan du Kathryn Hambleton NASAko eledunak. Oraingoan, gelditzeko joango dira Ilargira, eta Hambletonek gaineratu du «presentzia egonkorra» 2028rako hasiko dutela.

Martxoan, Donald Trumpen Gobernuak epea jarri zion NASAri: astronauten botak nahi ditu Ilargian 2024. urterako. Oso goiz ematen du, baina NASAk labana suitzar moduko tresna bat du mahukan gordeta: Lunar Gateway (Ilargirako Sarbidea) espazio estazioa. NASA, ESA (Europako Espazio Agentzia), JAXA japoniarra, CSA-ASC Kanadakoa eta Errusiako Roscosmos agentzien artean eraikitzeko asmoa dago, eta datorren hamarkadan zehar muntatu nahi dute, espazioan. Nazioarteko Espazio Estazioak Lurraren orbitan biratzen du, baina Gateway Ilargiaren orbitan egongo da.



Merezi al du dirua gastatzea nazioarteko espazio estazio bat Ilargiaren orbitan jartzen, zuzenean Ilargiko basea eraikitzeko erabili beharrean? Didier Schmitt ESAko Espazioaren Giza eta Robot Esploraziorako koordinatzaileak eman du erantzuna: «Ilargian base bat eraikitzeko, mantentzeko eta horren eskifaiak txandakatzeko, tarteko etapa bat behar duzu». Izan ere, horrela izan zen Apolo misioetan. Apolo moduluak eraman zituen astronautak eta Ilargiratzeko ibilgailua satelitearen orbita baxu bateraino, eta, gero, bueltan ekarri zituen Lurraren ingurura. «Eraginkortasun kontua da». Espaziontzi osoa Ilargiaren azaleraino jaitsi behar izanez gero, askoz energia gehiago beharko litzateke gero handik berriz ateratzeko. «Azalean behar ez dena orbitan utzi behar da. Gateway-k aukera emango du Ilargia etengabe esploratzeko».

Espazio sakonean ikerketa iraunkorra egiteko lehen urratsa da Gateway, Hambletonen arabera. Misio bakoitzean gizakiak Ilargian lurreratzeko gailu bat bidali beharrean, aukera izan nahi dute sistema espazioan berriz erregaiez betetzeko. «Ilargiaren azalerako lehenengo misioek zazpi egun iraungo dute, asko jota; baina, hamarkadan aurrerago, Gateway hedatuak aukera emango du astebeteko misioak egiteko, edo luzeagoak».

Marterako trebakuntza

NASAk gizakia Marten jartzeko helburua du, eta Ilargia izango da horretarako entrenamendu eremua. «Gateway-k aukera emango du bestela ezinezkoak liratekeen ikerketak egiteko, eta Eguzki Sistematik haragoko misioak egiteko beharko dugun teknologia probatzeko, besteak beste, Marterako», esan du Hambletonek.

Gateway-ren ezaugarri berezietako bat da Ilargiaren inguruko orbitaz alda daitekeela, satelitearen beste lekuetan ikerketak egiteko. «Ilargiaren leku bakarrean egon gara, eta oso denbora laburrez. Gateway-rekin, Ilargiaren eremu osora heldu ahalko gara, besteak beste Hego Polora».

Ilargiak aukera ematen du astronautak gero eta misio luzeagoetarako trebatzeko, NASAko eledunaren arabera. « Astronauten prestakuntza denbora luzatzen ari gara, poliki: Lurretik hainbat ordura, gero hainbat egunera, eta, gero, hainbat urtera». Nazioarteko Espazio Estazioko astronautak Lurretik 408 kilometrora daude. Ilargian, ia 400.000 kilometrora egongo lirateke, eta, Marten, 54 milioi kilometrora.

1969ko bidaia «kirol balentria moduko bat izan zen ia», Rojas astrofisikariaren arabera; «aurkariari gehiago zarela erakusteko ariketa». Marterako gastu handia egingo denez, diru apur bat berreskuratzeko asmoa ere badago.

Izan ere, Ilargia oinarrizko gaien iturri gisa ikusten hasiko dira datozen hamarkadetan. Espazioaren esplorazioaren alderik garestiena gauzak Lurretik ateratzea da, eta orbitan jartzea. Kilo bakoitza oso garesti ordaintzen da. Etorkizuneko abenturetarako behar den materiala Lurretik bidali beharrean Ilargian bertan lortzerik badago, diru asko aurreztu ahalko da. Gizakiek Ilargiko base batean bizirik irauteko beharko luketen ura eta oxigenoa dira han ekoitzi nahi diren oinarrizko gauzetako bi, eta, noski, eraikuntzarako materialak.

Baina, NASAren eta ESAren baikortasuna ikusita, ezkor da Rojas astrofisikaria. Astronautak esan du «ia ezinezkoa» dela 2024rako Ilargian jartzeko epe hori betetzea, «eta kontuan hartuta AEBetan nor dabilen patroi... erabat ezinezkoa». Etxe Zuriko buruak gaur gauza bat esaten du, eta hurrengoan kontrakoa, astrofisikariak adierazi duenez. «Nola utziko duzu halako misio konplexu eta garesti bat Trumpen politika aldakorraren eskuetan?».

Badirudi Trump duela 50 urteko lehia berpizteko saiakera egiten ari dela. Baina, Rojasen arabera, haren moduko pertsona batek ezin du piztu herrialde batean John F. Kennedyk eragin zuen suharra. «Ezagutzen duen inork ez du serio hartzen».

Zaila da esatea zer urterako ikusiko den hurrengo astronauta Ilargian, operazioa oso konplexua baita, eta osagai asko baititu. Horietako edozein trabatzen bada orain inork irudika ez dezakeen arazo batengatik, horrek operazio osoari eragingo dio. «Atzerapenek, gainera, diru gehiago kostatzen dute, jendeak soldata jasotzen jarraitzen duelako. Dirua da eragile erabakigarria. 2024rako ez da izango».

ESAk bigarren mailan jokatzen jarraituko du, Rojasen arabera. Europako agentziak ez du egitasmo autonomorik Ilargira bidaiatzeko. Gaur kolaborazioak baino ez ditu. Errusiako Roscosmos espazio agentziarekin ari da lanean, esaterako. Errusiarrek ibilgailuak bidali behar dituzte Ilargira, baina ESAk tresna batzuk baino ez ditu jarriko horretan. Horrez gain, ESA ari da lanean NASArekin haien Orion kapsula sisteman, eta horrekin Ilargira heltzeko Artemis egitasmoan. «Baina ez du ibilgailurik, eta itxaron egin beharko dugu, egitasmoak 2025etik harago daudelako aurreikusita».

ESAk azaroan Space19+ ministro kontseilua egingo du, Sevillan (Espainia). «Horretan Gateway egitasmoan egongo garela baieztatzen bada, litekeena da Europako astronauta bat estazio horretan egotea 2028rako», esan du Schmittek, ordea. «Eta, beharbada, Ilargiaren azalean, hamarkada amaitu baino lehen».

Esplorazio pribatua

Eragile berri batek aldatuko ditu, ziurrenera, espazioaren esplorazioaren orain arteko moldeak: ekimen pribatuak. Orain arte, estatuetako espazio agentziak bakarrik aritu dira, baina dagoeneko badira horretan hasi diren enpresa pribatuak: Space X, Blue Skies Space, SpaceIL eta Israel Aerospace Industries, tartean. «Benetako aukera dago unibertsitate partzuergoak edo enpresa pribatuak ikusteko Ilargian. Agian ustekabea izango dugu, eta hiru urte barru txinatar batek agurtuko gaitu Ilargitik, edo enpresa pribatuak bidalitako norbaitek».

Izan ere, txinatarrek eman dute ustekabea aurten Ilargian, Chang'e 4 gailua Lurretik ikusten ez den aldean pausarazita. Haientzat gizaki bat Ilargian jartzea munduaren gidariak eurak direla esateko modu bat litzateke, eta «teknologian lehenak izateko», esan du Rojasek. Txinatarrek datorren hamarkadaren amaierarako nahi dituzte hankak Ilargian. «Baina txinatarrekin, normalean, dagoeneko egina dutenean jakiten dugu». ESAk begi onez ikusten du, ordea, haien parte hartzea. «Horrek, ziurrenera, lehia azkartuko du, eta baita lankidetza ere, espero dezagun», esan du Schmittek. Gerra Hotza amaitu zen; historia, ez. Ilargirako Gerra Grisa martxan da, Marterako Gerra Gorriaren bezperan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.