'Il dolce far niente'

Asperdura, hutsaltasunaren sinbolo gisa baztertua, sormenaren eta hausnarketaren iturri bihur daiteke. Psikologoek desadostasunak dituzte asperdura kudeatzeko moduaren inguruan.

Asperdura irudikatzen duen ilustrazioa. ZALDI EROA
Asperdura irudikatzen duen ilustrazioa. ZALDI EROA
unai etxenausia
2025eko urtarrilaren 15a
05:00
Entzun

Ezer ez egitearen plazera, Il dolce far niente, italiarren kulturaren bihotzean sustraitutako filosofia da, atsedenarekin eta bizitzaren edertasunarekin konektatzeko modu bat. Esaera horrek lasaitasuna arte bihurtzen du, une bakoitzaren esentzia antzemateko gonbidapen gisa, sakonki eta kontzienteki bizitzeko. Baina, ezer ez egitea aspertzea al da? Edo, alderantziz, momentuaren edertasuna antzematea da.

Ezer ez egitearen gozamen sakona eta kontzientea da Il dolce far niente; asperdura, aldiz, sentsazio mingarri eta ahulgarria izan daiteke batzuetan, denborak baliorik izango ez balu bezala bizitzen den esperientzia bat. Ezinbestekoa da bi kontzeptuak aztertzea, eta bakoitzaren inguruko sakontasun psikologikoa eta emozionala ulertzea, gizartearen eta gizakiaren eguneroko erritmoaren eragina kontuan hartu gabe.

Walter Bendix Schoenflies Benjamin Alemaniako literatura kritikari eta filosofo ospetsuak «esperientziaren arrautza txitatzen duen lo txoria» deitu zion asperdurari. Benjaminen ustez, loa gorputzaren erlaxazioaren puntu gorena bada, asperdura sakona erlaxazio espiritualaren gailurra da. Definizio eta esaera filosofikoetatik harago, ordea, asperdura sentitzea esperientzia konplexua izan daiteke.

Asperduraren ideia erromantiko eta filosofikotik aldentzeko asmoz, hiru psikologok sakon aztertu dute gaia ikuspegi zientifiko eta psikologiko batetik. Teknologiak eta hiper konektibitateak gidatutako munduan, asperdurak protagonismo berria hartu du. Nola bizi dugu esperientzia emozional hori? Zer ondorio ditu ongizatean eta gizartean?

«Asperdura deserosoa izan daiteke, eta sentimendu mingarriak eta baliorik gabeko uneak bizitzearen sentsazioa eragin»

LOREA MEDINAPsikologoa

Lorea Medinak dauka ikuspegirik kritikoena asperduraren inguruan. Haren iritziz, asperdurari aurre egin behar zaio, enbarazu egiten baitu: «Asperdura deserosoa izan daiteke, eta sentimendu mingarriak eta baliorik gabeko uneak bizitzearen sentsazioa eragin. Denbora galtzen ari zarela iruditzen zaizu, eta horrek zerbait aldatzeko beharra pizten du, ondoez hori gainditu eta denbora baliozko zerbaitetan inbertitzen ari zaren sentsazioa berreskuratzeko».

Maialen Fernandez eta Uxue Olaziregi psikologoek asperdura «naturalizatzearen» alde egiten dute. Fernandezek azaldu duenez, asperdura «sormenerako katalizatzailea» izan daiteke. «Kanpoko estimulu etengaberik ez dagoenez, gogoak barnealdera begiratzen du, ideia, gogoeta eta motibazio berriak sortuz. Introspekzioa eta helburu berriak ezartzea errazten du». Olaziregirentzat ere gorputzak estimulu faltan jasaten duen egoera da asperdura: «Badirudi ez dagoela ezer, baina gure zentzumenek lanean jarraitzen dute; beti ari gara informazioa jasotzen, nahiz eta maila baxuagoan izan. Zergatik ez naturalizatu hori?».

Medinak onartu du asperdurak sormena pitz dezakeela, burua hausnarketa prozesuetara bultzatuz: «Maiz entzuten dugu asperdurari esker okurritzen zaizkigula ideiarik onenak». Hala ere, haren iritziz, «kontua ez da  aspertzen ikastea, baizik eta asperdura egoki kudeatzen jakitea». Asperdura behar emozionalen adierazpen bat bada, behar horiek desberdinak izango dira pertsonaren eta unearen arabera: «Adibidez, goizean behar dugun estimulazioa ez da arratsaldean edo gauean behar dugunaren parekoa».

Olaziregik, berriz, «interesgarritzat» jo du asperdura, eta ez du uste «gainditu behar den zerbait» denik: «Aspertuta gaudenean edo estimulazio gutxi dugunean, lasaitasunarekin konektatzeko aukera dugu. Gure barne munduarekin harremana estutzen laguntzen du horrek; kanpoko zaratatik deskonektatzean geure buruarekin konektatzen gara». Haren iritziz, asperdura ez da eufemismoz jantzi behar, eta haren konnotazio negatiboak alboratu behar dira: «Sentitzen ditugun sentsazio guztiek balioa dute, eta asperdura ez da salbuespena».

Estimuluak eta adina

Teknologiaren garai honetan, jendea etengabe dabil estimulu bila, eta, nahitaez, horrek asperdura kudeatzeko moduan eragiten du. Hiru profesionalak bat datoz: teknologia erabiltzeak ematen dituen «gehiegizko dopamina pikoek» ez dute laguntzen asperdura kudeatzen. «Gehiegizko estimulazio teknologikoak eta etengabe eduki berriak kontsumitzeak berrikuntzarekiko mendekotasuna sor dezakete, eta horrek zaildu egiten du eguneroko jarduerez gozatzea. Epe luzera, asperdura etengabea eta asegabetasuna sentitzea ekar dezake horrek, ohiko esperientziek ez baitute lortzen estimulu digitalen intentsitatea berdintzea», azaldu du Fernandezek.

Medinaren ustez ere, teknologiak ekarritako sare sozialek eta aplikazioek «berehala distraitzeko estimuluak» eskaintzen dituzte (Instagram, Tiktok, Youtube, bideojokoak...), «eta asperdura saihesten da horiei esker». Haren ustez, aukera galdu bat da asperdurari hausnarketaren bidez aurre egiteko modua galtzea: «Gure emozioei aurre egiteko gaitasuna murriztu eta sormenerako gaitasunari kalte egin diezaioke». Olaziregik azaldu du horrek zaildu egiten duela jendeak kanpoko estimulurik izan gabe disfrutatzeko aukera izatea: «Estimulu gehiegi jasotzen ditugu; horretara ohitu gara, eta horren mendeko bihurtzen ari gara. Baina lasaitasunean eroso sentitzeko gaitasuna irabazi behar dugu».

Bada asperdurari eragiten dion beste faktore garrantzitsu bat: adina. Eragin berezia du haurrengan eta nerabeengan, garapen emozional eta kognitibo betean baitaude. Hiru psikologoek azpimarratu dute garrantzitsua dela adingabeei denbora librea kudeatzeko tresnak ematea, hala nola aire zabaleko jarduerak sustatzea, jolas hezitzaileak proposatzea eta teknologiaren erabilera mugatzea. Fernandezek nabarmendu du, baina, behar bezala kudeatzen denean, autonomia eta sormena susta ditzakeela. Hala ere, Medinak ohartarazi du erabilera desegokiak «autoestimu arazoak, jokabide oldarkorrak eta motibaziorik eza ekar ditzakeela».

«Depresio batek asperduraren sentsazioa areagotu dezake, bueltarik gabeko zirkulu batean harrapatuz»

MAIALEN FERNANDEZPsikologoa

Haurrei autonomia sustatzea eta euren denbora libreari buruzko ideiak sortzen laguntzea gomendatu du Medinak. Horretarako, garrantzitsua da haurrei emozionalki erregulatzen laguntzea, jakin-mina eta esplorazioa bultzatzea eta adinaren arabera egokiak diren esperientziak eskaintzea. «Haurrek beren aspertzearekin modu konstruktiboan jarduteko aukera izan behar dute, eta horretarako garrantzitsua da espazio egokiak eskaintzea eta irudimenaren erabilera sustatzeko aukera izatea».

Asperdura iraunkorra denean

Arriskutsua izan daiteke denbora luzez aspertzea. «Asperdura iraunkorrak» hainbat arrisku eta ondorio larri ekar ditzake osasun emozional eta psikologikoan. Fernandezek azaldu bezala, asperdurarekin harreman patologiko eta disfuntzional bat izanez gero, nabarmen handitzen da depresioa garatzeko arriskua: «Depresio batek asperduraren sentsazioa areagotu dezake, bueltarik gabeko zirkulu batean harrapatuz, non sintoma nagusia bizitzak zentzurik ez izatea den».

Gainera, Fernandezek ohartarazi du aspertzeak harreman estua izan dezakeela sozializazio faltarekin: «Zenbat eta gutxiago sozializatu, orduan eta gehiago aspertzen gara, eta zenbat eta gehiago aspertu, orduan eta interes gutxiago dugu besteekin harremanak izateko». Asperduraren eta bakartzearen arteko lotura horrek kalte egiten dio buruko osasunari, bakardade sentsazioa areagotuz eta ongizate emozionala murriztuz.

Asperdura iraunkorrak zenbait joera bultza ditzake: jokabide inpultsiboak edo adikzioak. Medina psikologoak argi azaldu du hori: «Ez badut asperdurari egoki erantzuteko gaitasunik, estimulu beharrari arreta egokia jartzen ez badiot, hautu txarrak egiteko arriskua izango dut nire ondoez emozionala arindu nahian». Horrela, asperdurak sortutako ondoezari ihes egiteko, modu inpultsiboan har daitezke zenbait erabaki, edo jokabide inpultsiboak izan: hala nola gehiegi jatea, substantzia adiktiboak hartzea edo teknologia gehiegi erabiltzea, mendekotasuna sortuz.

Erantzun horiek ez dira beti kontzienteak, baina asperdura arintzeko nahia pizgarri indartsua izan daiteke: «Ez badut modu esanguratsu batean erantzuten, forma inpultsibo batean egingo dut, helburu bakarra asperdura eragiten didan ondoeza arintzea izango baita», azaldu du Medinak. Ondorioz, asperdura modu desegokian kudeatzeak kalte nabarmenak eragin ditzake osasun emozionalean eta fisikoan.

Normalizatu ala ez?

Gizarte moderno honetan zer balio dauden eta zeri ematen zaion lehentasuna aztertzeko balio lezake jendeak asperdurarekin erakusten duen harremanak. Medinak azaldu bezala, «nork bere burua ezagutzearen garrantziaz jabetu behar du gizakiak». Haren ustez, ohartu behar du zein garrantzitsua den gogoeta egitea eta denbora modu baliotsuan betetzen ari dela sentitzea.

Fernandezek uste du introspekzioa gehiago baloratzen ikasi behar dela: «Aspertzea saihestu beharrean, une horiek balia genitzake sormena sustatzeko, gure jomugei buruz hausnartzeko eta gure giza harremanak sendotzeko». Nabarmendu duenez, harentzat asperdura ez da etsaia, bizitzaren parte natural bat baizik, eta, behar bezala ulertzen eta kudeatzen denean, «hazkunde pertsonalerako tresna indartsua izan daiteke».

«Aspertuta gaudenean, lasaitasunarekin eta, askotan, gure barne munduarekin konektatzen dugu»

UXUE OLAZIREGIPsikologoa

Olaziregi bat dator ezinbestekoa dela asperdurarekin lotu ohi den konnotazio negatiboa aldatzea. Harentzat, asperdura ez da berez emozio bat, baizik eta gorputzak estimulu faltari ematen dion erreakzio natural bat: «Aspertuta gaudenean, lasaitasunarekin eta, askotan, gure barne munduarekin konektatzen dugu. Kanpotik deskonektatzeko eta geure buruari entzuteko aukera bat da».

Psikologoek ere iritzi kontrajarriak dituzte asperdura tratatzeko orduan. Baina agerikoa da jendeak asperdurarekin duen harremanak sakon islatzen dituela haren lehentasunak; gizarteak hala bultzatuta, denbora etengabe produktibitatera eta berehalako entretenimendura bideratu ohi da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.