Jokin Telleria. Margolaria

«Ikusten ikastea da margolaritza»

Erretiroa hartu du Telleriak: margo denda itxi du, eta eskolak emateari utzi dio. Baina margotzeari, ez. 'Arimaren margolariak' telebista saioan egin zen ezaguna, baina 50 urteko ibilia darama jada artearen munduan. «Esperimentatzen» jarraitu nahi du.

MAIALEN ANDRES / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Beasain
2022ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Agoarras usain sarkor bat dago atarian. Itxita erretirongatik jartzen du Beasaingo (Gipuzkoa) Xunai Artea dendaren atean, paper batean, baina atea ez dago itxita. Argia ikusten da hondoan, tailerrean, eta txirrinak jo egiten du oraindik atean aurrera egindakoan. Eskuak trapu batekin igurtziz dator Jokin Telleria (Ataun, Gipuzkoa, 1956). «Barkatuko didak, ezin diat eskurik eman. Agoarras botila erori zaidak oraintxe bertan txukunketetan nenbilela». Ekainean hartu zuen erretiroa. Itxita dauka denda. eta utzi egin dio eskolak emateari. Friasen (Burgos, Espainia) margotu zuen paisaia eder bati ari da azken ukituak ematen. Trebeziaz darabiltza pintzelak, eta patxadaz ahotsa. ETB1eko Arimaren margolaria saioan ezagutu zuten askok, baina aspalditik da haren jarduna ezaguna Goierriko partean. Agerian gelditu da: margotu liteke arima margoz, eta hitzez.

Margolari bat Zeraingo baserri baten kanpoaldean. Zer ari ote zen koadro hartan margotzen?

Margotzeak berak deitu zuen nire arreta, margotzen ari zenak baino gehiago. Gaztelu zen baserria, eta auzoa ari zen margotzen. Gogoan dut mendi handi bat zuela koadroak hondoan. Eta zerbait piztu zuela nire barruan.

Patua izango zen...

Etorkizuna idatzita dago, nonbait. Beti galdetzen diot neure buruari: «Zergatik eraman nituen nik margoak egun hartan baserrira?». Beste edonork pilota, baloia... eramango zituen, baina nik margoak eraman nituen. Zergatik? Ordura arte inor margotzen ikusi gabekoa nintzen! Behin eta berriz ematen dizkiot bueltak horri: egia izango da etorkizuna idatzita dagoela.

Egun hartako siesta galdu zenuen?

Egun hartakoa, eta ordutik aurrerako guztiak [barrez].

11 urte zenituen.

Bai, eta hurrengo urtean Ordiziako lehiaketara aurkeztu nintzen, eta irabazi.

Egiten ziren orduan lehiaketak?

Bai. Eta garbi esanda: uste dut kasualitatez irabazi nuela. Akuarelak erabili nituen, eta orduan ez nekien zer ziren ere.

Non ikasi zenuen?

Inon ez!

Baina ordutik aurrera hasiko zinen ikasten...

Zazpi senide ginen, eta oso gazte nintzela hasi nintzen lanean, 13 urterekin, Salbatore auzoko tailer batean. Amarekin joan nintzen nire lehenengo olioak erostera Donostiara, Casa del Artista dendara. Han esan zidaten Zumarragan bazegoela margolari bat eskolak ematen zituena: Felix Vaqueriza zuela izena. Harengana jo nuen. Tailerrean lanean ari nintzenez, larunbatetan bakarrik joaten nintzen hasieran.

Etxean zer esaten zizuten garai hartan: «Artista zu? Nora zoaz?».

Garai hartan, eta gaur egun ere bai [barrez]. Baina aitak sekula ez zidan ezer esan. Ordiziako lehiaketara joan nintzenean, baratzean ari zen lanean, eta baimena eskatu nion. «Segi-segi», esan zidan, nahiz eta aurpegi arraro samarra jarri zuen. Ez zidan ezer esan, baina badakit ez zuela oso gogokoa izan. «Hortik zer bizimodu aterako du honek?», esan omen zion gerora nire amari.

Askori gertatu zaizue hori?

Margo munduan gabiltzan askorekin komentatu izan dut, eta askori gertatu zaigu, bai, komentario horiek entzun beharra.

Lana eta margolaritza uztartu zenituen?

Legazpira joaten hasi nintzen, baina garai hartako trena 21:00etan etorri beharrean 23:00etan etor zitekeen, eta Zumarragara joaten hasi nintzen, han konbinazio gehiago zeudelako. 19-20 urte izan arte jarraitu nuen horrela.

Zure kabuz ere liburuak, teknikak... behatzen zenituen?

Nik beti esan izan dut margolaritza izan dela nire afizioa, ofizioa eta bizioa. Benetako pasioa izan da, eta da. Garai hartan liburuak ziren iturri nagusia, ez zegoen gaur egungo Internetik. Joaten nintzen klaseetara astean bi edo hiru egunez, baina beste guztietan nire kabuz segitzen nuen margotzen. Saltsan ibili nintzen buztinarekin, egin nituen grabatu ikastaroak, argazkilaritza ere ukitu nuen... Mundu horretan zegoen guztia egiten saiatu nintzen.

Sormena deitzen omen zaio...

Hori da: beti gauza berriak bilatu nahia zen. Tontakeriak ziren, baina norberarentzat oso bereziak.

Beste artisten erakusketetara ere joaten zineten?

Ahal zen heinean, bai. Bazegoelako mugimendu artistiko bat borborka. Harrituta gelditzen naiz orduan egiten nuen guztiarekin. Orain ez dut aste guztian egiten orduan bi egunetan egiten nuena.

Eta etorri zen familia, seme-alabak... ibilbide hori eteteko arriskurik ez zen egon inoiz?

Sekula ez zait burutik pasatu hau uztea. Sekula ere ez. Ezkondu eta etxea erosi genuenean, gela bat prestatu nuen espresuki margotzeko. Gero etorri zen alaba, gero semea... gela hartatik atera beharra neukan, eta garaje bat hartu nuen.

Ikastaroen aukera sortu zen.

Diputazioa hasi zen ikastaroak ematen, baina ez zeukan jende prestaturik horretarako. Deitu egiten zidaten: «Emango duzu ikastaro bat Urretxun, Lazkaon...».

Eta tailerreko lana?

Segitzen nuen, zeren bere txarrean, ordutegia ona zen: 07:00etan sartu eta 15:30ean ateratzen ginen bazkalduta. Azpeitia Hermanos tailerrean lan egiten nuen. Ikastaroak emateko eta margotzeko denbora neukan. Horrela ibili nintzen urte askoan.

Hurrengo mugarria?

Joxe Mari Telleria margolari segurarrak Beasainen ematen zituen eskolak. Esan zidan ezin zuela jarraitu eta ea interesatzen zitzaidan nik hartzea. Beldur askorekin esan nion baietz, asko animatu ninduen berak. Astean bi egunez hasi nintzen Beasainen.

Eta enpresa itxi zuten hurrena.

Langabeziara joan nintzen. Apustua egin beharra neukan: batera edo bestera. Ikusten nuen klaseena izan zitekeela aukera bat, eta pentsamendu horretan nenbilela, CAFetik deitu zidaten. Sei hilabete egin nituen han. Bilboko metroa egiteko hartu gintuzten, eta denok kaleratu gintuzten hura bukatutakoan.

Klaseei heldu zenien berriz?

Badaezpada lokal hau hartu nuen, beldurrez. Denda zen zati batean, eta klaseak emateko aukera zeukan atzeko partean. Eta horretarako lanak egiten ari ginela, berriro deitu zidaten CAFetik. Ezetz esan nien, beste apustu mota bat egin nahi nuela, eta margolaritzan saiatu nahi nuela.

Apustu handia izan zen.

Eman izan diot bueltaren bat, bai. Batez ere, orain, erretiroa hartzeko garaia iritsi denean: «CAFen aritu izan banintz, duela lau urte egongo nintzen erretiroa hartuta, eta pentsio ederrarekin». Baina beste alde batetik, esaten duzu: «25 urte horiek berdinak izango ziren CAFen lan eginda?». Loteria da zure gustuko lana egitea.

Eta agertu zen bidean ETB1eko Arimaren margolariak saioa.

Eta ezezkoa eman nien hasieran. Ikasleek, alabak, bilobak... animatu ninduten. Beldurrez joan nintzen, reality bat zelako.

Esan izan duzu begiak ireki zizkizula. Zer zentzutan?

Lehen esandako hori piztu zidan: gaztetan gauza berriak egiteko nuen gogo hura. Lokarturik nengoen apur bat —eta orain ere arrisku hori badago—, eta horregatik daukat orain gogoa hau guztia antolatu [hankaz gora daukan lokalari begiratzen dio] eta gauza berriak egiteko. Litekeena da gero betiko gauzak eginez bukatzea, baina zerbait berriarekin saiatu nahiko nuke. Saio hartan ikusi nuen margolaritzak aukera asko dituela, hori garai batean ere banekien, baina ahaztuta neukan.

Lehiaketa eta margolaritza ongi uztartzen dira?

Lehiaketa ezberdinak daude. Batzuetan, obra etxean marrazten duzu, eta aurkeztu. Beste batzuetan, egun bakarrean eta kalean egindako koadroak izaten dira. Badute alderdi on bat: behartzen zaituztela duzun onena ematera, burua argitu eta ikusten ikastera. Izan ere, margolaritza, eta artea orokorrean, ez da ikusten duzuna margotzea. Ikusten ikastea da. Egia da lehia hori niri ez zaidala gustatzen. Lehiaketa izan beharrean, sariketa izan behar luke, eta toki askotan jada horrela jartzen dute.

Baina baliagarriak dira.

Jendea ezagutzen duzu, tokiak ezagutzen dituzu... eta badu alde triste bat ere.

Tristea? Zein?

Gaur egun koadroak ez dira saltzen. Lehen ere gutxi, baina orain oso gutxi. Lehiaketa batek baino gehiagok salbatu nau, eta horri esker ordaindu ahal izan dut autonomoen kuota. Diru sarrera garrantzitsuak izan dira lehiaketak.

Izan ere, zuek zer zarete? Profesionalak, afizionatuak...

Hori da: noiz ematen dizute titulua? Noiztik aurrera zara profesionala? Noiz amateurra? Garai batean, Beasaingo lehiaketara, adibidez, 70 lagun aurkezten ziren. Gaur egun, hogei inguru. Jende batentzat, bidaiatzea ez da merkea, ezin dira joan eta etorri ibili, batera eta bestera. Jarraitzen dutenak ni bezalakoak dira, diru sarrera batzuk behar dituztenak hilabetearen bukaeran, nahiko profesionalak, behintzat mundu horretatik bizi direnak. Horiek dira geratu direnak. Tartean daude salmentak horrenbeste jaistearen ondorioz berriz ere lehiaketetara bueltatu diren asko eta asko.

Badago zirkuitu bat?

Bai, bai, lehiaketak asteburuero daude, eta aste barruan ere bai, toki batzuetan.

Baina irabazlea bakarra izaten da...

Zer da irabaztea? Niretzat lasterketa batean irabazten du helmugara lehenengo iristen denak, ikusi egiten da fisikoki. Arte lehiaketa batean, oso subjektiboa da hartzen den erabakia. Jendeak erabakitzen du.

Zein da zure estiloa?

Beti esan izan dut nire oinarria marrazketa dela. Hortik abiatzen naiz. Klasikoa naiz, baina pintzelkada sueltoak gustatzen zaizkit. Inpresionismo eta espresionismo inguruetan ibiltzen naiz. Etiketak ez dira existitzen. Komertzialak iruditzen zaizkit. Nire estiloa figuratiboa izan da orain arte, klasikoari lotuta. Gustatuko litzaidake apur bat hautsiagoa izatea, baina ez da erraza. Abstraktuarekin ere saiatu izan naiz, baina zailtasun handiak ditu horrek. Jendeak dio: «Lau orban dira!». Bai, hala dira, koadroa dekoraziorako bada: koloreak ongi ezkondu eta kito. Baina lau orban horiekin zerbait esan nahi duzunean, orduan beste kontu bat da.

Eta orain zer?

Jarraituko dut lehiaketetara-eta joaten. Jendearekin egindako harreman horri eusteko. Eta presio txikiagoarekin joango naiz, jada ez dudalako behar zerbait irabazi autonomoen kuota ordaintzeko—nahiz eta etortzen dena ongi etorria izango den, erretiroa ez baita punta-puntakoa ere izan—. Baina gustatuko litzaidake esperimentatzen saiatzea. Agian ez dut lortuko, eta betiko paisaiak eta irudiak egingo ditut, baina saiatu nahi dut zerbait ezberdina eta apurtzailea egiten. Horrek esan nahi du margotu nahiko nukeela nik nahi dudana eta ez jendeak eskatzen didana. Picassok esaten omen zuen ez direla gauza bera artista eta pintorea. Pintorea delamargotzen duena saltzen duena, eta artista dela saltzen duena margotzen duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.