Amenduzen sortu eta handitu zen Jacqueline Idiart (Nafarroa Beherea,1941), baserritar familia batean. Zortzi sendiren artean, bakarra izan zen ikasketak segitu zituena, eta Amenduzeko neska bakarra. 1972an Baionan Emazteak Iraultza taldean parte hartu zuenetik, ez zen sekulan emakumeen aldeko borrokatik atera. Bizi ez ohikoa ukan duela dio Idiartek: «Ateratzen nintzen tokitik ez nuen ibilbide hori ukan behar, hori seguru».
Amenduzen handitu zara zazpi sendirekin, nola oroitzen duzu zure haurtzaroa han?
Baserritar familia batetik heldu naiz; zortzi haur ginen, seigarrena nintzen eta neska gazteena, erran nezake familiaren kuttuna nintzela. Orokorki oroitzapen biziki onak ditut. Oroitzen dut beti elkarrekin egoten ginela, maite dut erratea xakur talde bat bezala ginela.
Familian, galtzak janzten zituen neska bakarra omen zinen...
Berriki foto bat atzeman dut zeinetan galtza motzak jantziak nituen. Oroitzen naiz probokazio hutsa zela; amak ez zuen nahi, garaian neskek gona luzeak jantzi behar genituen, ez zen deus agerrarazi utzi behar.
Amenduzeko lehen neska izan zinen ikasketak segitu zituenak, ezta?
Eskolako errientsak ene burasoei erran zien eskola segitu behar nuela. Familiaren arabera hori ez zen ohikoa. Eta bai, uste dut Amenduzeko lehen neska izan nintzela seigarrenera pasatzea. Xantza istorioa da ene ustez, familiako seigarrena nintzen, buraso laborariak nituen, ez zuten baliabiderik haien haurrak eskolaratzeko. Ene ahizpa handiago bati ere errana izan zitzaion eskola segitu behar zuela, baina ene burasoen egoeragatik ez zen posible izan.
Brebeta lortu eta gero lizeora joan zinen. Nola pasa zen?
Donibane Lohizuneko nesken lizeora joan nintzen. Garaian bakarrik bi lizeo katolikok bekadunak onartzen zituzten, Uztaritzekoak eta Donibane Lohizunekoak. Donibane Lohizunekora joatea erabaki nuen Uztaritzera joateko konplikatuegia baitzen. Eskerrak ene ahizpa handiak lan egiten zuela eta ikasketak pagatzen ahal zizkidala, bestenaz, burasoekin soilik ikasketak gelditzea behartua izanen nintzen. Beraz, han egon nintzen bi urtez, Baionako Villa Pia lizeora joan arte; hor arte, lizeoetan neska eta mutikoak bereiziak ziren, apezpiku batek erabaki arte neska mutikoak nahasi behar zirela goi mailako ikasketak baino lehen.
Zer zen gehien ikasten gehien maite zenuena?
Matematika zen gehien maite nuena. Baina Donibane Lohizuneko lizeoan ez zen matematika sailik, filosofia baizik ez zuten irakasten.
Anekdotarik bazenuke?
Donibane Lohizuneko lizeoan kasik denak burges alabak ziren. Egun batez, armadore baten alabak, Iriart abizena zuenak, erran zidan «Ber abizena dugu!» eta nik erantzun nion «Ber abizena bai, baina ez ber izatea!». Ene ustez baziren ni bezalakoak, baina biziki guti ginen.
Hamar urtez egon zinen Parisen.
Baxotik landa pixka bat lan egin nuen irakasle gisa Miarritzen. Eta gero lagun batekin Pariserat joatea erabaki nuen. Hasi nintzen matematika, fisika eta kimika ikasten, baina ez nuen lortu. Geroago goi mailako teknologi ikasi nuen; eta bi leku desberdinetan lan egin nuen, erremedio laborategi batean, eta tinta fabrika batean. 70. hamarkadan ez nuen gehiago burua Parisen sentitzen, Euskal Herrira sartu nahi nuen, eta sartu nintzen. Artean ezkondu nintzenez, normalki emazteak senarra segitu behar zuen eta ez lanik egin; baina nik, absolutuki lan egin nahi nuen, beraz irakasle bilakatu nintzen Hazparnen.
1971n itzuli zinen Euskal Herrira, beraz. Joan zinenetik zer aldaketa izan zen Euskal Herrian?
Euskal Herria aldatu ote zen? Bai! Hainbat gauza kanbiatu ziren. Lehenik hizkuntza erabileraren aldetik desberdina iruditu zitzaidan, jendeak gehiago euskara erabiltzen zuen. Joan aurretik jendearekin, gehienbat, frantsesez hartzen nuen, euskara zekitenekin ere bai. Euskara pixka bat gehiago normalizatua zen. Errefuxiatu politikoak izaten hasi ziren ere, errefuxiatuen emazteak, eta errefuxiatu emazteak ere. Ikastolen borroka ere garai horretan hasi zen. Euskal munduan aldaketa anitz izan zen.
Eta feminismoaren egoera zein zen?
Parisen nintzelarik MLF Emakumeen Askapenerako Mugimendua hasi zen, 1970 aldean. Han nintzelarik ez nuen horretan parte hartu, baina hala ere segitzen nuen; abortuaren alde, bortxaketa eta indarkeriaren aurka borrokatzen ziren. Eta beraz Euskal Herrira itzuli nintzelarik, MLFen borrokek segitzen zuten eta biziki azkarrak ziren; baina hemen, beste giro bat bazen, baziren errefuxiatuak, errefuxiatuen emazteak, eta emazte errefuxiatuak. Eta beraz 1971n sartu nintzelarik, lagun ezagutza batzuekin talde bat sortu genuen.
Zer zen talde hori?
Talde hori Emazteak Iraultzan deitzen zen. Talde guztiak bezala biltzen hasi ginen nahas-mahas mintzatzeko eta kritika pixka bat egiteko. Urte horietan emazteen aldeko borroka bero-beroa zen! Adibidez, 1971n, 343en Manifestua izan zen: 343 emaztek «Bai, abortatu dut» agiria izenpetu zuten, abortua legeztatzeko helburuarekin. Testuinguru horretan erabaki genuen talde hori sortzea, soilik emazteekin, garaian politika arloan kasik gizonak baizik ez baitziren. Iruditzen zitzaigun arazoa ez zela sekulan kolektiboki pausatua izan. Gertatu zitzaidan lagun batzuek erratea: «Nik ez dut sekulan arazorik ukan gizon batekin!»; baina arazoa ez da soilik hori; arazoa ez da soilik pertsonalki gertatu zaizun zerbait, problema da emaztearen lekua eta egoera bere osotasunean jendartean nolako den.
Eta gero?
Emazteak Iraultzan taldean 80. hamarkada arte aritu ginen; hainbat proiektu antolatu genituen, manifestazio eta ekintzetan parte hartu genuen. Oroitzen naiz 1975ean Hendaiaruntz egin genuen manifestaldiaz Eva Forest atxilotu zutelarik; manifestaldi bukaeran denak lurrean jarriak ginen, eta Maite Idirin zutitu zen Arestiren Nire aitaren etxea defendituko dut kantatuz Nire amaren etxea defendituko dut hitzak erranez. Filma bat ere egin genuen Donapaleuko ikastola laguntzeko. Bertako eta urrunagoko beste taldeekin ere anitz lan egin genuen, nahiz eta ez ber alderdikoak izan. Baina 80. hamarkada hastapenean taldea barreiatu zen.
Baina borrokatzen segitu zenuen, ezta?
Ondotik hala ere, beste talde batzuk sortu genituen, garaiko testuingurua segitzen zutenak: adibidez 1987anEuskal Herriko Emazteen Elkartea muntatu genuan, talde horrekin errefuxiatuak, errefuxiatu emazteak eta errefuxiatuen emazteak laguntzen genituen. La Roue de L'infortune izeneko liburuxka bat ere argitaratu genuen, zeinetan paraleloa egiten genuen sorginen ehiza eta errefuxiatuak; alde batean sorgin baten izena ematen genuen, eta beste aldea, errefuxiatu baten izena. Lan biziki ederra zen. 1995ean ere ekitaldi polita batean parte hartu genuen Pekinen, gorbenuz kanpoko erakundeek antolaturik; bertan mundu osoko talde feministak elkartu ziren mintzaldiak egiteko, tailerretan parte hartzeko... Eta bereziki 2000. urtean antolatua izanen zen martxa mundial bat antolatzeko. Munduko egoera ulertzeko bikaina izan zen! Harrigarria izan zen!
Zure garaitik gaur egunera, nola aldatu da emaztearen egoera?
Orokorrean, emazteen bizimoldea aldatu da; emazteak geroz eta gehiago ikusten dira: bertsolariak, kazetariak, politikariak... Goi mailako ikasketetan ere anitz badira. Eskubideetan ere aldaketak izan dira, antisorgailuak edota abortua, adibidez; sexu harreman ukaitea segurtasunean egoera anitz aldatzen du, enetzat hori askatasun bat da.
Martxoaren 4an, haurdunaldiaren borondatezko etena sartu dute Frantziako Konstituzioan. Zer diozu?
Historikoa da! Garantia bat da, ikusiz edozein gobernuk legea ezeztatzen ahal duela edozein mementotan; Frantzian egiten ahalko dute oraindik, baina zailagoa izanen da. Hala ere, 1975ean Veil legeari konparatuz —Frantzian abortua despenalizatu zuen legea—, funtsez ez da aldaketarik, baldintza berak dira. Oraindik ere zaila izaten ahalko da emazte batzuentzat abortatzea: jende anitz ez da formatua, baliabideak eskasak dira, klinikak hesten segituko dute... Batzuek oraindik erabakiko dute atzerrian abortatzea... Hala ere erran nahi nuke historikoa dela, emazteen borrokari beren gorputzen jabetasunaren lortzeko, esker dela.
Zure ibilbide osoa ikusiz, agerian da emazteen aldeko borrokak leku handia izan zuela. Nondik jiten zaizu borrokatzeko gogo hori?
Familiako giroari esker segurenik. Bost mutikorekin altxatua izan nintzen, beti haiekin pilotan edo bihurrikerietan aritzen nintzen. Familian ez zait iruditu mutikoen agintea izan nintzela. Bizian egin dudan guztia naturalki egin dut, ez dut hori egin zerbait frogatzeko. Orduan, neskek ez zuten hainbeste matematikarik egiten. Nik matematikak zergatik ikasi nahi nituen? Maite bainituen! Zergatik lanbide bat xerkatu nuen, nahiz eta ene lagun guztiek haien lana uzten zuten ezkondu eta gero? Nahi nuelako! Gogo hori familiatik heldu da, edo klasetik ere; betidanik banekien lana egin beharko nuela.
1972an,Elkar sortu zenuten.
Bai, Baionan, lagun talde batekin, Elkar sortu genuen. Gure inguruko kantariek aipatzen zuten tresna bat falta zela ekoiztutako obrentzat. Ni ez nintzen batere kantaria edo musikaria, baia hala ere Elkar sortu genuen. Horren sorrera politikoa izan zen, garaian.
1989an atxilotua izan zinen.
Etxean errefuxiatuak aterpetzen genituen, baina horretaz ene senarra zen gehiago arduratzen. Atxilotu gintuzten, eta Parisen epaituak izan ginen, beste batzuekin batera. Erraten nien zuzenki ez nintzela inplikatua, eta juje batek erantzun zuen «Idiartek erraten du ez dakiela deusik, alta Euskal Herrian emazteak dira etxekoandreak!». Atxilotu ninduten Battitta Larzabalen emaztea bainintzen, ekintza hori politikoa izan zen, erakutsi nahi izan zuten edonor atxilotzen ahal zutela. Berrogei egunez egon nintzen kartzelan.
Bi alaba dituzu, zer transmititu nahi izan zenien?
Bururat jiten zaidan lehen gauza euskara da. Gero erran nezake bizitzeko poza, beren desioak eta ametsak obra ditzaten; eta beren burujabetasuna zain dezaten.
Zure ibilbide luzearen bilana zein da?
Iruditzen zait ez dudala sekulan aitzinetik pentsatu ene bizia. Hola gertatu da. Nik bizi osoan eslalomean ibili naiz. Ateratzen nintzen tokitik ez nuen ibilbide hori ukan behar, hori seguru. Eta nik erraten dut: Xantza! Suerte ona! Gertakariek naute horretara eraman. Hala ere gauza batzuk aldatuko nituzke ene militantzian; beharbada talde gisa gehiago atera behar genuen. Gehiago egiten ahal genuen. Baina kontent naiz egin dugun bideaz, bereziki orduan ahalmen guti genuela ikusiz! Geroari begira baikorra naiz! Orain zuei da, gazteei, pentsatzea zer egiten ahal duzuen emazteen alde; beharbada jadanik atzemana duzue!