Sexismoarekin arduraturik eta hari aurre egin nahian elkartzen diren gizon taldeez tesina bat osatu zuen Jokin Azpiazu Carballok EHUko masterrean, duela bi urte. Maskulinitatearen inguruan sortzen ari diren diskurtsoen aspektu ezberdinei interesatuz, batez ere. Geroztik, Londreserako bidea hartu du, baina gaiarekin segitzen du. Gaur, Hendaiako Mediatekan du gaia jorratzekoa, 19:00etan, Emazten Fabore emakume taldeak gonbidaturik.
Maskulinitatea aipatzen duzularik, zein definizio ematen diozu?
Maskulinitatea eta feminitatea botere eremuetan izaten diren harreman ez-orekatuen eskeman ulertzen ditut nik. Hortaz, ez dut horrenbeste interes maskulinitatea edo feminitatea «zer den» definitzen, baizik eta ikuspegi erlazionaletik nola eragiten duen eta desoreka hori nola alda daitekeen pentsatzen. Maskulinitatea eta feminitatea eraikuntza sozialak direla esatea ez da gauza berria; mugimendu eta ikerlari feminista ugarik hala esan dute aspaldi. Biak ala biak ondo egituratutako sistema sinboliko, ekonomiko eta politiko baten barnean definitzen diren kontzeptuak dira, berdintasunik ezaren testuinguruan, gainera. Alegia, ez dira soilik kontzeptu ezberdin bezala aurkezten, mailakatuta agertzen dira hierarkia batean.
Emazteak maskulinoago eta gizonak emeago? Klixe hori baino haratago zer da jokoan? Zein izan daiteke bidea?
Emakume askok bizi dute eta bizi izan dute maskulinitatea, eta gizon askok feminitatea ere bai. Historikoki hala izan da, eta ez da gauza erraza, gehienetan zigorra ekartzen duelako nork bere genero espektatibak ez betetzeak. Baina boterearen erabilerari erreparatu gabe identitate eraldaketan soilik jartzen badugu garrantzia, ez dugu lortuko pentsaera kritiko feministaren sakontasunari probetxua ateratzea. Emakumeak maskulinoago izatea edo gizonak femeninoago izatea oso interesgarria izan daiteke identitatearen ikuspegitik, baina nola eragiten die botere harremanei? Alde horretatik, maskulinitatea bizitzeko forma asko aldatu egin dira azken hamarkadatan, baina horrek eragina izan al du esparru ezberdinetan? Generoak beste era batera produzitzen ditu patriarkatu kapitalistak gurean gaur egun, eta, beraz, posible da genero identitateetan ematen ari diren aldaketa ikusgarri askok —portaera edo estetiketan, adibidez— ez izatea horrenbesteko gaitasun eraldatzailerik.
Berdintasuna denontzat abantaila dela erran ohi bada, zu erran horrekin doi bat kritiko agertu zara, abantailak galtzen dituen horren ikuspegitik edo. Zein da zehazki zure kritika?
Maskulinitate berrien inguruan sortzen ari diren diskurtsoei buruz egindako azterketaren zati bat izan da hori. Hainbatetan plazaratu dugu mezu hori, denontzat onura izango dela berdintasunaren bidean aurrera egitea, baina horrek pribilegioen gaia alboratzera eraman gaitu. Berdintasunerako bidea egiteak gizonezkoon pribilegioen berrikuspen eta galera ekarriko du, eta hala izan behar du ezinbestean, bestela ez baitago harreman desorekatuak orekatzerik. Gertatzen dena da askotan seinalatu ditugula maskulinitatea zalantzan jartze horretatik datozen balizko abantailak, aitatasuna osoki bizitzea eta gure mundu emozionaletan aldaketak egitea, kasurako. Baina hitz egin behar dugu beste alderdi batzuez ere.
Zein dira hitz egin beharreko alderdi horiek?
Adibidez, zaintza intentsiboki eman beharrak sortzen duen nekeaz, eta karrera profesionaletan duen eraginaz. Adibide horrekin jarraituz, gero eta gehiago dira beren seme-alaben zaintzan gehiago inplikatzen ari diren gizon heterosexualak, baina haietako zenbatek egin diote uko beren karrera profesionalari? Horretaz hitz egiteak nahi eta nahi ez botere harremanez hitz egitera garamatza, eta ez horrenbeste «gu-gu-gu» horretan etengabe gizonezkoon identitateak aztertzera.
Nola landu beharko litzateke berdintasunaren kontua maskulinitatearen ikuspegitik, zure iduriko?
Ez dut uste «maskulinitatearen ikuspuntu» bat egon behar denik. Edozein posiziotatik ikuspegi kritiko feministak kontutan hartu eta berauek garatzeko bide kontzienteak bilatzea da kontua. Teoria eta praktika feministak buelta ugari eman dizkio identitateari, subjektibotasunari eta botereari azken hamarkadetan, eta ikaspen oso baliagarria paratu du honen inguruan. Nahiko nuke pentsatu hortik guztitik zerbait ikasiko dugula gizonezko izendatuak izan garenok ere gure posizioa eta ekarpena pentsatzeko, maskulinitatearen (edo maskulinitate berriaren) aldarrikapenetik haratago, gaiaren konplexutasuna aintzat hartuz eta era erlazionalean pentsatuz, dominak zintzilikatzeko presa handirik gabe, eta bakoitzaren posizioak ondo ulertuz eta onartuz.
ATZEKOZ AURRERA. Jokin Azpiazu Carballo. Soziologoa eta aktibista soziala
«Ikuspegi feministak garatzea da kontua»
Gaur, Hendaian, 'Maskulinitateak: eraldatu, irauli ala baztertu?' hitzaldia emanen du; «gizonezko izendatuak» izan direnek teoria eta praktika feministetatik zerbait ikastea nahiko luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu