Munduko kulturen topaleku izan zen Elgeta asteburuan. Euskal Herria aldizkariaren eskutik Mundumira jaialdiak hartu zituen herriko kaleak, eta eskalatzaileek, larunbatean, herriko pilotalekua. Bigarren urtez jokatu zen Mundumiraren baitan Euskal Mendizale Federazioaren (EMF) Euskadiko Boulder Txapelketa, eta piztutako ikusmina ikusita bete-betean asmatu dute.Kategoria desberdinak aintzat hartuta Mikel Ziarrustak, Esther Cruzek, Jon Ferrerok, Irene Alvarez de Castrok, Beñat Arrietak eta Beñat Muruak jantzi zituzten txapelak.
Jendetza bildu zen goiz eta arratsalde eskalatzaileak blokeetan eskalatzen ikustera. Berrogeita hamar kirolari elkartu ziren, eta goizean jokatu zituzten sailkapen saioak. Ohikoa denez, Jon Gurutz Lazkoz eta Gotzon Gardeazabal arduratu ziren blokeak prestatzeaz. Aurtengoak bazuen berrikuntzarik. EMFk hala erabakita, 16 eta 18 urtez azpikoen txapelak sailkapen kanporaketetan erabaki ziren, arratsaldeko finaletan beharrean. Gauzak horrela, eta neskarik ez zenez aurkeztu, mutiletara mugatu zen lehia bi mailatan. Beñat Arrietak irabazi zuen gazteenena, Jon Aranburu eta Mikel Inorizaren aurretik. 18 urtez azpikoetan estua izan zen lehia, eta berdinduta bukatu zuten Beñat Muruak eta Ibai Isasik. Berdinketa hausteko lehian Murua nagusitu zen.
Arratsaldean bosna bloke izan zituzten gainditzeko nagusietan emakumeek eta 20 urtez azpikoek. Azken horien artean neska bakarra: Irene Alvarez de Castro. Bost blokeetako bat kateatu zuen. Mutiletan, aldiz, Jon Ferrerok lau bloke kateatu zituen, eta nagusitasunez jantzi zuen txapela. Haren atzetik bina bloke eskalatuta sailkatu ziren Omar Ben Ali eta Iker Elosegi. Emakumeen artean, azkenik, bost blokeetako lau eskalatu zituen Esther Cruzek, eta bina Ane Mujikak eta Leire Aranbarrik.
Gizonezkoei, azkenik, sei bloke jarri zizkieten. Sei eskalatzaile ziren finalean lehiatzekoak, baina Mikel Odriozola zestoarrari epaileek parte hartzea eragotzi zioten, bakartze gunera berandu iritsi zelako. Azkenerako, Mikel Ziarrustarentzat txapela, Iker Arroitajauregi eta Markel Mendietaren aurretik.
Ikusmina eta emozioa Euskadiko Txapelketan
Mikel Ziarrusta, Esther Cruz, Jon Ferrero, Irene Alvarez de Castro, Beñat Arrieta eta Beñat Muruak irabazi dute

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu