Antzerki lan bat da, baina bada familia baten erroetan arakatzeko ahalegina ere. Euskal herritarren ondorengoa da Ana Bazterrika (Montevideo, 1958), Uruguaiko El Galpon konpainia independenteko kidea. Gernikako bonbardaketatik bizirik atera zirenen testigantzen berri izan ondoren, erasoaren inguruko antzezlan bat egitea erabaki zuen, eta Ainara de Gernika obra ondu zuen Sandra Massera zuzendariarekin batera. 2023an estreinatu zuten Uruguain. Orain, Bizkaira ailegatu da: Bilboko Fundicion aretoan egongo da gaur eta bihar, Gernika-Lumon hilaren 24an, eta Durangon 27an. Gernika izan zen mugarria, eta handik tiraka ari da Bazterrika familiaren historia berreskuratzen. Arbasoen baserria bisitatu berri du Ataunen (Gipuzkoa), semearekin batera. «Emozionalki oso esperientzia indartsua izan da».
Ataungo arbasoetako bat, Francisco Antonio Bazterrika, XIX. mendean joan zen Uruguaira. Familian oroitzen dituzue haren prozesu migratzailearen ingurukoak?
Egia esan, oso gutxi. Nik oso informazio gutxi nuen. Poliki-poliki joan naiz iragan hori berreginez. Ataunera etorri nintzen 2022an, ahizparekin, eta orain berriro itzuli naiz, datu gehiagorekin: topatu dut non izan ziren bataiatuak nire herenaitona arteko arbasoak, eta horri esker aurkitu dugu baserria. Nire arbaso guztiak Ataunen bizi eta hil ziren, nire birraitona salbu.
2022an hasi zinen familiaren iraganaren berri jasotzen?
2018an, euskararen eta euskal kulturaren inguruko kurtso bat egiten hasi nintzen Montevideoko Unibertsitatean. Ez nuen denborarik, eta ezin izan nuen segitu. Izan ere, El Galpon antzerkian ari naiz berrogei urtez —iaz 75 urte bete zituen, Latinoamerikako antzerki independenterik zaharrena da—, baina bizitzeko beste lan bat egin beharra dago: aleman irakaslea naiz lizeo batean, eta 19:00etatik aurrera antzokira joaten naiz entseatzera. Baina orain euskarari berriro heltzeko gogoa daukat.
Nola izan zenuen Ataunen berri?
Uruguain badago jatetxe oso on eta famatu bat, hara joandako ETAko kide ohiena zena. Galdetu nien ea bazekiten zein eremutatik zetorren Bazterrika abizena, eta sukaldariak esan zidan ia ziur Ataungoa zela. Hor hasi nintzen ikertzen.
Zure arbasoak Ataungoak ziren, baina zuk Gernika duzu hizpide antzezlanean. Euskal migratzaileen ondorengo batentzat, zer esangura du Gernikak?
2022an, Ataun ez ezik, Gernikako Bakearen Museoa ere bisitatu genuen. Bonbardaketa bizi zuten haurren eta nerabeen testigantzen berri izan nuen han, eta sakonki hunkitu ninduten. Hortik sortu zen antzezlana egiteko asmoa, eta hortik hasi nintzen ikertzen. Munduan barrena Gernikako arbolaren hainbeste kimu egoteak ere harritu ninduen.
Bakearen Museoan ageri diren pertsonek legez, Ainarak ere heldutasunetik gogoratzen du 12 urterekin bizi izandakoa. Museoko testigantzekin josi duzu obra?
Ez soilik. Testigantzak edonon bilatu genituen. Adibidez, Youtuben gertakariari buruzko lekukotzen bideo mordoa dago. Uruguain bizi diren euskal herritar batzuekin ere hitz egin genuen, eta Leonat Egiazabalek euskal historiaren inguruan azaldutakoak ere erabili ditugu. Horrez gain, Rodolfo Luna Almeida idazlearen Marinka. Una rusa niña vasca eleberria ere erabili dut. Marina Gonzalez Apodakaren historia kontatzen du. Bonbardaketen ondoren erbesteratutako umeetako bat izan zen. Odesara heldu zen [Sobietar Batasuna], hogei urtez egon zen han, eta Argentinara joan zen gero. Ez zuen berriz ikusi familia.
«Historia herri baten lengoaiaren bitartez transmititzeak duen garrantzia helarazi nahi nuen obran. Euskarak egon behar zuen»
Ainara ere erbesteratu egiten da.
Uruguaira, 70eko hamarkadan, diktadura ankerraren garaian. Diktaduran bizi izandakoak ere kontatzen ditu Ainarak. Gauza horiek gaur egun ere badira; terrore modu antzekoak bizitzen ditugu oraindik ere: lizeoan, alemanek kontatu izan didate Ukrainatik ihes egindako haurrak jasotzen ari direla. Antzezlanean, sinbolikoki birrindutako etxera itzultzen denean, pertsonaiak dio: «Hemen nago berriro. Beti itzultzen naiz».
Migrazio prozesuaren bidez, Ainararen historia zure familiarenarekin lotzen duzu? Obra pertsonala da?
Erabat. Antzezle gisa berrogei urteko esperientzia daukat, eta lehen aldia da pertsona bakarreko lan bat egiten dudala; eta eragiten didan gai bat delako egin dut. Uruguain, ikuskizuna bukatu ostean, ikusle batzuk nigana etorri izan dira, besarkatzera, euren istorioak kontatzera. Adibidez, batek esan zidan bi amonak bonbardaketan hil zitzaizkiola. Mutil gazte batek aitortu zidan orduan ulertu zuela Picassoren koadroa, Gernikako bonbardaketari buruz gauzak irakurrita zeuzkala, baina inoiz ez zuela ezer ulertu. Uruguaiko diktadura eta estatu terrorismoa ere jorratzen dira obran; garai hartako preso politiko batzuk ere egon izan dira, eta sentitutakoa kontatu izan didate. Izan ere, antzezlana prestatzeko irakurtzen genuen guztiak Uruguain bizitakoa gogorarazten zigun: debekuak, isiltasunak, atxilotuak, desagerrarazitako jendea...
Euskaraz hitz egin eta abesten duzu antzezlanean batzuetan. Zer garrantzi du euskarak obran?
Historia herri baten lengoaiaren bitartez transmititzeak duen garrantzia helarazi nahi nuen. Euskarak egon behar zuen. 2018an, euskara ikasten hasi nintzenean, hizkuntzaren bidez nire erroetara hurbiltzea nuen helburu.
Gernikan eta Durangon ere antzeztuko duzu Ainara de Gernika. Bi herrietan oso presente dago bonbardaketen inguruko memoria.
Hori da. Ikuskizuna Montevideon egiten ari nintzela, erabaki nuen Gernikara eramango nuela, han jaio zen eta.
lotsabako
Euskal Herriko historiaren beste garai bat?
ETAren inguruan asko irakurri dut.Euskarazko berba bat?
Pertsonaiaren izena gustuko dut: Ainara. Joan-etorrian dagoen hegazti horrek zerikusia du istorioarekin, euskal herritar asko Uruguaira joan eta itzuli egin baitziren. Uste dut oso izen sinbolikoa dela.