Oihana Jauregi. Teknopolis saioko aurkezlea

«Ikusle askok galdetzen digute zer gertatzen zaion 'Teknopolis'-i ETB2n»

Maider Eguesen lekukoa hartu du kazetari donostiarrak Elhuyarrek zientziaren dibulgazioa egiteko ekoizten duen saioan. Sariekin pozik dago, baina ordutegiarekin kexu da, ordea.

Edu Lartzanguren.
2011ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Oihana Jauregi (Donostia, 1980) kazetariak Teknopolis saioa aurkezten du; Elhuyar Fundazioak egiten du ETBrako. Iazko Urrian hartu zion lekukoa Maider Eguesi.

Kazetaria zara. Ez duzu faltan sumatzen zientziako formakuntzarik halako saio bat aurkezteko?

Lagungarria litzateke, ziur. Pena horretaz gehiago ez jakitea; pentsatzen dut askotan, baina ondo dokumentatzen saiatzen gara. Gainera, taldean kazetariez gain, zientzia ikasketak dituzten lankideak ditugu. Dagoeneko hiru urte daramatzat saioan lanean, eta ohituta nago dokumentatzen eta dakienari galdetzen, benetan ondo ulertu ahal izateko. Ikastaroak etengabe jasotzea bezalakoa da.

Nolakoa da kameraren atzetik aurrera pasatzea?

Urduri hasi nintzen: lan berria eta, gainera, aurpegia ematen, niretzat lehen aldia. Gero eta erosoago sentitzen naiz. Azken finean, aurkeztea lanaren zati bat besterik ez da. Gainontzeko guztia atzean egiten dut, taldean, erreportajeak lantzen.

Kirolaren zientziaren inguruko atala estreinatu duzue oraingo denboraldian. Nola hartu dute ikusleek?

KTEK tartean kirola eta teknologia uztertzen dituen tartearekin oso pozik gaude: oso dinamikoa da, erraz ikusten da eta informazio baliagarria helarazten du. Ikusleen iruzkinak ere jasotzen ditugu Facebookeko orriaren bidez. Gertutik atalean ikertzaileek euren burua aurkezten dute. Euren ikerketa lerroa bakarrik ez dute azaltzen, baizik eta ikertzaile izatera nola heldu diren, eta oso interesgarria izaten da.

Azken saioan Iñaki Perurena jarri zenuten harria jasotzearen fisika azaltzen. Zer izango da hurrengoa: sukaldariak jakien biokimika azaltzea?

Perurenaren museoa ikusten izan zen taldearen zuzendari Beñardo Kortabarria, eta haren hitz jario polita eta azalpen interesgarriek gure saioarekin harreman zuzena izan zezaketeela iruditu zitzaion. Sukaldariena apuntatuko dugu; agian, hurrengo urterako.

Berriz emango al duzue teknologia berriei eskaintzen zenioten tartea?

Igande honetan berreskuratuko dugu Videoblog atala. Horrenbeste ugaltzen ari diren gailu elektronikoen inguruan hitz egingo dugu. Alaitz Otsoa de EribeiPad-aren inguruan arituko da.

2009an Europako dibulgazio saiorik onenaren saria jaso zenuten. Eutsi ahalko diozue mailari?

Saioaren helburua zientzia gaiak era interesgarri, ulergarri eta entretenigarrian kontatzea da. Bide horretan jarraitzen dugu, eta maila gordetzea espero dugu.

ETB2n igandeetan 11:00etan botatzen dute saioa. Pozik zaudete horrekin?

Ez. Ordutegi horrek ez digu laguntzen. Ikusleek askotan galdetzen digute: baina ETB2n zer gertatzen da, badirudi Teknopolis ez dagoela? Prime time-etatik urrun gaude, eta nabaritzen da. Espero dugu zorte handiagoa izatea etorkizunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.