ATZEKOZ AURRERA. Ander Bolibar. Ikusgela proiektuko kidea

«Ikusgela hutsune bat betetzera dator»

Bideo pedagogikoak, euskarazkoak eta libreak kaleratzeko sortu dute Ikusgela proiektua. Euskarazko Wikipedia dago atzean, eta jada bi lan aurkeztu dituzte. Euskararen presentzia sarean areagotzea dute asmo.

JON URBE / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2022ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Ikusgela proiektua abiatu du Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak. Atzo kaleratu zuten orain arte egindako lanaren aurrerapen bat, baina aurkezpena irailean egingo dute. Hiru Damatxo ekoiztetxeak eginiko ikus-entzunezkoak dira oinarri, eta Wikipediaren webgunean eta Youtuben daude ikusgai. Proiektuko kideetako bat da Ander Bolibar (Bergara, Gipuzkoa, 1989), eta azaldu du edukietan jarri dutela arreta, batik bat hezkuntzara begira.

Hutsune bat identifikatu ostean erabaki zenuten proiektu hau abiatzea. Zein da gabezia hori?

Batetik, eta labur eta argi azaltzeko asmoz, bideo pedagogikoak dira proiektu honen oinarriak, libreak eta euskarazkoak. Azpiizenburu bat ere badute: Mundua ulertzeko bideoak. Izan ere, beste hizkuntza batzuetan badaude halako atariak edo proiektuak, baina ez euskaraz. Bada, hutsune bat betetzera dator Ikusgela.

Helburuek ere badute zerikusia asmo horrekin, ezta?

Hori da, aldi berean proiektuaren helburua baita sarean euskararen presentzia areagotzea eta euskarazko Wikipedia osatzea. Izan ere, gazteek bilaketa gehienak Youtuben eta Wikipedian egiten dituzte, eta, beraz, horrelako ikus-entzunezkoak erdaretan kontsumitzen dituzte.

Honekin asmoa duzue euskara modu formalean ez ezik modu informaletan ere kontsumitu ahal izan dadin.

Trantsizio bat, edo zubi bat izan nahi du. Hezkuntzarako edukiak dira batik bat, baina bada pixka bat anbiguoagoa ere, mistoagoa. Hau da, hezkuntzara begira eginikoak dira, baina baita interesa duen edonork ikustera bideratutakoak ere. Gainera, freskoagoak dira, normalean hezkuntzan ohituta ez gauden formatu batean eginikoak. Horregatik uste dugu erdietsi dezakegula helburu hau ere.

Freskotasuna aipatuta, garrantzia eman al diezue narratiba berriei?

Bai, formatuan jarri dugu arreta gehienbat. Horregatik, bideo batzuk animazio teknikekin egindakoak izango dira, eta beste batzuek aurkezleak izango dituzte, youtuber estiloan. Iruditu baitzitzaigun XXI. mendeko ikus-entzunezko narratibek izan behar zutela nagusi, edukiari garrantzia emanda. Egiten den produktuak txukuna izan behar du.

Edukiei dagokienez, bi bideo kaleratu dituzue: Hannah Arendt eta Simone de Beauvoir pentsalariak dira protagonista.

Batik bat nazioarteko gaiekin hasiko gara, aurtengo selektibitatean landuko diren bi autorerekin. Are, Hego Euskal Herrian lehen aldiz sartuko dira bi emakume filosofo azterketa horietan. Eta, kasu honetan, euskara pixka bat aurreratu da, gainontzeko hizkuntzetan ez baitago kasik haien inguruko materialik. Platon bai, nahi adina...

Elkarlana ere izan duzue horretarako bide.

Joxe Azurmendi Katedrarekin eta Agora filosofia elkartearekin jarri ginen harremanetan honetarako, aurrez bazutelako kezka bat. Jakitun zeuden ikasleek halako bideoak ikusten zituztela, baina beste hizkuntza batzuetan, ingelesez edo frantsesez, eta, beraz, euskarazko edukia falta zela.

Elkarlana bera izango al da adarretako bat aurrerantzean ere?

Bai, lantzen diren gaietan adituak direnekin aritu nahi dugu, produktua kalitatezkoa izan dadin edukiari dagokionez. Eta, ikus-entzunezko arloan, Hiru Damatxok bermatzen digu formatu aldetik txukuna izango dela.

BERRIA Ikasgelarekin ere baduzue harremana.

Lizentzia libreek ahalbidetzen dute elkarlan motak asko zabaltzea eta ugaritzea, eta horregatik gabiltza jendearekin bilerak egiten. Horietako bat da BERRIA Ikasgela, eta oso pozik gaude. Elkarlan polita izan daiteke etorkizunean BERRIA Ikasgelak eduki hauek nahi duen erara erabiltzea.

Zer-nolako harrera izan du?

Orain arteko harrera oso ona izan da. Gainera, orain eginiko bideoen zabalpenari dagokionez behintzat, Agora elkartearekin gaude harremanetan, eta horrek lagunduko digu zabaltzen. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan dabiltzan filosofoen sarea da, eta haien bidez helduko da eskola guztietara eta filosofia irakasleengana, eta, noski, ikasleengana. Hala ere, kontziente gara erronka bat ere badela.

Irailera arte itxaron beharko da gainontzekoez gozatzeko. Zer espero daiteke?

Dena dago egiteko, eta, orduan, infinitua da Ikusgelak eskaintzen dituen aukerak gaiei dagokienez, ez dutelako zertan egon curriculumari hertsiki lotuta. Baina irailean aurkeztuko dugun lehen denboraldian, filosofiako bideo gehiagoz gain, egongo dira literaturakoak, ekonomiakoak eta historikoak ere. Are, iruditzen zaigu euskal gaietan ere badugula ekarpen bat egiteko. Azken batean, guk hemengoa kontatu ezean...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.