Ikusgaitasunaren tximeletak

Juneren Hegoak Erronka Eguna antolatu dute Errenterian, haur gaixoak eta haien familiak ikusarazteko. Xabi Salillasek 24 orduko kirol erronka egin du, igerian, bizikletan eta lasterka.

Boluntarioak haurrei masailak margotzen, Juneren Hegoak Erronka Egunean, Errenterian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Boluntarioak haurrei masailak margotzen, Juneren Hegoak Erronka Egunean, Errenterian. MAIALEN ANDRES / FOKU
ane insausti barandiaran
Errenteria
2024ko urriaren 12a
16:30
Entzun

Peto arrosako boluntarioak kremaz estali dio masaila haurrari. Pintzel bat hartu, eta kolore zuriz busti du. Tximeletaren gorputza eta antenak marraztu ditu, lehenik; hegoei forma eman die gero, eta urdinez eta arrosaz margotu dizkie barrualdeak. Juneren Hegoak elkarteko sinboloa darama orain haurrak, haur gaixoei eta haien familiei ikusgaitasuna emanez. Hain zuzen, Juneren Hegoak Erronka Eguna ospatu du gaur elkarteak, Errenterian (Gipuzkoa).

Duela 11 urte sortu zen Juneren Hegoak, minbiziagatik hil baitzen June; elkarteak 70 familia lagundu ditu ordutik, eta 300.000 eurotik gorako ekarpena egin du. Festan ez du hutsik egin Carlos Sanchezek, Juneren aita eta elkarteko lehendakariak: «Juneren Hegoak ate ireki bat da bihotz eta pertsona guztientzat; gaurkoa ikusgaitasuna emateko eta boluntarioekin elkartzeko eguna da guretzat».

Gelditu gabe dabiltza boluntarioak: aurpegiak margotzen, tximeleten orrialde-markatzaileak egiten, barran, paella solidarioa prestatzen... Jendea photocall-aren barruan sartzeko engainatu nahian dabil Yolanda Martin, elkarteko bozeramailea: «Jendearen erantzuna oso ona da, herriak beti erantzuten du. Ez dugu uste izaten, baina gure inguruan haur gaixo ugari daude, eta hori ikusarazi nahi dugu».

Xabi Salillas, Juneren Hegoak elkartearen aldeko 24 orduko erronkan. MAIALEN ANDRES / FOKU
Xabi Salillas, Juneren Hegoak elkartearen aldeko 24 orduko erronkan. MAIALEN ANDRES / FOKU

Bixkor txarangaren doinuekin batera, animo oihuak hasi dira bozgorailutik: «Txalo bero bat, mesedez: aupa Xabi!». Xabi Salillasentzat dira hitzok, 24 orduko kirol erronka egiten ari baita elkartearen alde. Atzo 19:00etan hasi zen igerian, 02:00etan eseri zen bizikleta estatikoan, eta gaurko 11:00etan igo da zintara, 19:00ak arte martxa egiteko. Xabi Forrest Gamp dioen kartela du aurrean, eta boluntarioak hurbiltzen zaizkio etengabe, orduero janaria emateko. Ezinezkoa baita halako erronka bat bakarrik egitea. 

Beste zeregin bat gehitu zaio erronkan: kazetariaren galderei erantzutea. «Sartu barrura, horrela ez dut gelditu beharko eta». Zazpigarrenez ari da gisa horretako erronka bat egiten, eta, fisikoki baino gehiago, psikologikoki prestatu dela esan du: «Hiru diziplinak oso desberdinak dira, eta batez ere psikologikoki prestatu naiz. Gehien pozten nauena eta barrua betetzen didana nire gorputzarekin jendea laguntzea da». Igerilekuan hotza pasatu duela dio, eta orain bero egiten duela halako proba baterako; dena den, jendearen animoek poza eta indarra ematen diote. Likido urdinez betetako botila bat eman diote, eta oinez jarraitu du.

Elkarteak saretzen

Lau elkartek jarri dute postua Gernika plazan: Abarkak, Mindarak, Quitemos Hierro a Uxuek eta Pausokak. Azken horretako boluntarioak dira Maixa Arrozpide eta Nora Astiazaran; behar bereziak dituzten haurren alde lanean aritzen dira: «Saiatzen gara horrelako lekuetan egoten, gure errealitatea ikusarazteko; hala, gure arteko sarea ere handituz doa. Azkenean, gertatzen zaizun arte ez zara konturatzen zer arazo dauden». Gaur, behintzat, plazaren erdigunea hartu duten tximeletek emango dute horren berri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.