Reale Arena Donostiako futbol estadioaren ondoan jaso ditu autobusak Mendebaldeko Sahara futbol taldeko kideak. Aurreko aldean entrenatzaileak eta Saharako Kirol Federazioko (FSD) kideak eseriko zirela aipatzean, jokalari gazteak autobusaren atzealdeko eserlekuetan eseri dira. Baten bat loak hartu du Donostiatik Lesakara (Nafarroa) egin behar izan duten bidaian; beste batzuek, ordea, ezin izan dute begirik bildu. «Ez ezazue arreta galdu», gogorarazi die taldeko jokalari Salem Jatri El Jejak, kideak lokartzen ikusi dituenean.
Hemeretzi ume batzen ditu 2023ko Donosti Cup lehian parte hartuko duen Mendebaldeko Sahara taldeak. 11 eta 13 urte bitarteko gazteak dira, eta Saharako Kirol Federazioak elkartu ditu, euren herrialdearen alde egin dezaten. Kirol bat baino gehiago, kausa bat da Mendebaldeko Saharako selekzioaren leloetako bat. Halaxe argitu du leloa Eloulali Mohamed Salem jokalariak: «Irabaztera baino gehiago, gure herrialdeari ikusgaitasuna ematera etorri gara». Mohamed Daf federazioko idazkariaren hitzetan, Mendebaldeko Sahara «ikusezina» da maiz.
Autobusak Lesakarako bidea hartu du. Han dute Donosti Cupeko lehen partida. Hurrengo egunetan, Mallorcako talde baten aurka jokatu beharko dute Herreran (Donostia) eta Sanse futbol taldearen kontra Zizurkilen (Gipuzkoa). Oraingoan, ordea, Trivalvalderas Alcorcon CF Madrilgo taldearekin lehiatuko dira.
Saharako federazioak taldea osatzeko bestelako asmoak zituen hasieran. «Saharako desertuan dauden kanpamentuetako bederatzi nerabek txapelketan parte har zezatela nahi genuen», adierazi du Taquio Jatri Aduh federazioko harreman instituzionalen arduradunak. Arazoak izan zituzten, ordea, Espainiara sartzeko eskatutako bisarekin, eta ezinezko egin zitzaien ume horiek txapelketara gonbidatzea. Azkenean, diasporako gazteekin osatu dute taldea: Alegiatik (Gipuzkoa), Gasteiztik, Bilbotik, Andaluziatik (Espainia), Kanaria uharteetatik (Espainia)... etorritakoak dira. Gehienak, kanpalekuetan egondakoak dira, eta hainbatek bertan dituzte familiako kide naiz lagunak.
«Etortzerik izan ez duten senideengatik, dena eman beharra dugu», gogorarazi die, zelaira iritsi berri, Alih Dedah Badi jokalariak taldekideei.
Partida aurreikusi baino hogei minutu beranduago hasi da, aurretik zelaian jokatzen ari zen partida luzatu delako, besteak beste. Bitarte horretan, mutilek ez dute berotzeko aukera galdu, eta zelaiaren eskuinaldean jarri dira, entrenatzaileen agindupean. Kontzentrazioa aurpegian igartzen zaie. Sedha Sedha Bad jokalariaren oihua entzun da: «Mutilak, garrantzitsuena ez da fisikoa, burua baizik! Buruarekin pentsatu!».
Partida 18:35ean hasi da. 11ko futbol modalitatean jokatu dute gazteek, futbol zelai osoan lehiatu dira. 2023ko Donosti Cupeko arauen arabera, partidek bi zati izaten dituzte, eta bakoitzak 25 minutu irauten du.
Adore oihuak harmailetatik
Harmaila berotu da jada, diasporako gazteen familiak eta federazioko kideek bete baitute Mendebaldeko Sahararen tokia. Txaloen eta oihuen artean, emakumeek tsegrits izeneko txistu hotsa egin dute senideak eta semeak animatzeko.
Bi egun. Duela bi egun ezagutu zuten elkar hemeretzi umeek. Lala Yeslem federazioko kidearen ustetan, «desabantaila» izan zitekeen hori. «Kontrarioek denboraldi osoan jokatu dute elkarrekin, eta guk atzo ezagutu genuen elkar lehenengoz», azaldu du Yeslemek. Gazteek, ordea, ez dute desabantaila gisa ikusten. Elkarren izenak gogoratzeko kezka aurpegia jartzen badute ere, badirudi aspaldian hasi zirela elkarrekin jokatzen.
Hassania dialektoan —Mendebaldeko Saharakoan— eta gazteleraz mintzatzen dira euren artean. Ez dute futbol talde ofizial baten izenean jokatzen, Mendebaldeko Sahararen izenean baizik. Horixe entzuten da harmailetan ere: «Gora mutilak, gora Sahara!».
Berdinduta amaitu da partida. Jokalariek, ordea, ez diote garrantzirik eman emaitzari, eta oihuka hasi dira: «Sahara aske, demokrazia irabazle». Jatri Aduhren hitzetan, partida jokatzea eta Donosti Cupean egote hutsa garaipentzat daukate taldekoek.
Donosti Cup honetan, Saharako Kirol Federazioaren amets ugari bete dira. Oraindik, ordea, badago zer amestu. Lala Yeslem federazioko kideak, lankideekin batera, emakumezkoen selekzioa osatzea du etorkizun hurbileko erronka: «Kanpamentuko neskatilentzat ere erreferenteak sortzeko aukera izan liteke emakumezkoen selekzioa eratzea».
Etorkizuneko erronka hori babestu ez ezik, hartan parte hartzea ere gustatuko litzaiokeela adierazi du sahararrak: «Ohorea izango litzateke nire herrialdearen izenean jokatzea». Nork daki, beharbada datorren urtean Mendebaldeko Saharak aukera izango du Donosti Cupeko emakumezkoen txapelketan jokatzeko.
Ikusgaitasuna jokoan
Mendebaldeko Sahara taldea da Donosti Cup lehiaketan parte hartzen ari diren gonbidatuetako bat. Lehen partidarako, Lesakarako bidea hartu dute taldekide guztiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu