Bizkarra emanez elkarri, denak elbarri. Horixe da Irrien Lagunak Elkarteak abian jarritako Irrien Lagunak Gizartekintza egitasmoaren filosofia laburbiltzen duen leloa. Behar bereziak dituzten haurren eguneroko bizimodua hobetzea du xede. Horien artean daude gaixorik edo elbarri dauden haurrak. «Ume horiek kirolaz, astialdiaz, azken batean, bizitzaz gozatzeko eskubidea dute, berdintasunean», azaldu du Joxe Mari Agirretxe Porrotx pailazoak. Horretarako ari dira lanean, besteak beste, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioarekin.
Behar bereziak dituzten familien elkarteak ari dira proiektuan parte hartzen, baita haiekin lanean ari diren elkarteak ere; guztira, 22. «Aldian behin bilerak egiten ditugu. Helburua elkarte horien arteko harreman sare bat sortzea da, elkar elikatzea». Horrekin batera, ume horien beharrak eta errealitatea ikusgarri egitea dute helburu. «Talde horiek guri ematen digutena ere asko da, Euskal Herri justuagoa bat egiten laguntzen baitute».
Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioaren kasuan, ezintasun fisiko edo psikikoren bat duten haurrek kirola egiteko duten eskubidea aldarrikatzen dute. Irrien Lagunek parte hartzen duten festa eta jaialdi gehienetan sentsibilizazio ekintzak egiten dituzten hori erakusteko. Ezintasunik ez duten umeak ezintasunak dituzten lekuan jartzen dituzte. «Umeek askotan lehia dute soilik buruan, eta ez dira konturatzen errealitate horretaz».
'Itsaso txuri-urdina' kantua
Errealitate hori erakuste aldera, liburu bat ere egin dute federazioarentzat, eta hurrengo ikuskizuneko kantuetako bat ume horiei egongo da eskainita. «Hori euskaraz egitea oso inportantea da».
Goi mailako kirol taldeek ere parte hartzea nahi dute. Realarekin, adibidez, elkarlanean ari dira. «Realak proiektuan bultzatzen ditugun balioak zabaltzen laguntzea da helburua. Horien artean dago ezintasunen bat dutenek kirola egin dezaketela. Realak eta gainerako goi mailako taldeek asko lagundu dezakete horretan, gutxienez mezua zabaltzen».
Realarekin Itsaso txuri-urdina kantua aurkeztu berri dute. Larunbatean estreinatu zuten, eta gaur ere entzun ahalko da Realak Manchester Uniteden aurka duen partidan.
Ikusezina ikusgarri egiten
Irrien Lagunak kluba lanketa berezia egiten ari da Gizartekintza proiektuaren bidez, ume ezinduek kirola egiteko duten eskubidea aldarrikatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu