Usain batek leku batera, une batera, edo pertsona batengana eraman zaitzake. Cristobal Balentziagari (Getaria, Gipuzkoa, 1895-Xavia, Herrialde Katalanak, 1972) halaxe gertatu zitzaion. Casa Torreseko markesak herrian igarotzen zituen udak, eta, egun batez, elizatik ateratzean, kalean gora zihoala, haren perfumea usaindu zuen. Balentziaga, artean, ume koskor bat zen, baina aroma hura iltzatuta geratu zitzaion, kresalarena bezainbat.
«Balentziagak gauza gutxi kontatzen zuen, baina kontatu zituen gauzetako bat izan zen markesarekin topatu zeneko une hura». Igor Uria Balentziaga museoko bilduma zuzendariaren hitzetan, bioleta usain horrek bihotzean taupada bat eragin zion: «Balentziagak 8-9 urte izango zituen. Blanca Carrillo de Albornoz eta Elio markesarentzat josten zuen bere amak, eta litekeena da hark erabiltzen zituen ehun, jantzi eta lurrinek inpaktu handia izatea berarengan».
Getariako Balentziaga museoak zabaldu berri duen erakusketan ikusi eta usaindu daitekeen perfumea da markesarena. Lurrina Balenciagaren garaian erakusketak askotariko artisau, diseinatzaile eta artistek sortutako ontziak, kutxak, kaxak eta afixak elkartu ditu, jostunaren bizitza kronologikoaren bidez, perfume modernoaren historia azaltzeko: 1895 eta 1972 bitartean sortutako zortziehun pieza dira, bere horretan artelan bat direnak. Sarreran Le Parfum Ideal perfumearen faktura bat ere badago, markesaren jatorrizko faktura. «Parisen egindako perfume bat zen, bere garaian oso arrakastatsua izan zena», zehaztu du Uriak.
Euskal Herrian lurrinen inguruan egin duten lehenengo erakusketa da museoarena. Balentziagaren bizitzatik paraleloan lurrinen historiaren ibilbidea egin daiteke, eta tartean pieza ikonikoak topatu, tartean inoiz publikoan erakutsi ez direnak ere bai. Guerlain etxeko bi pieza enblematiko daude: Imperial Rousse eta Shalimar. Eta mende honetako perfumea izendatu dutena: Chanel etxearen Nº5. Marilyn Monroek iragartzen zuen lurrin hura mugarri bat izan zen.
Erakusketaren lehen parte horretan badira euskal enpresari batek sortutako lurrinak ere. Salvador Etxeandia Gal irundarrak lurrindegi bat sortu zuen 1898an, Madrilen; Perfumeria Gal. Donostian egiten zituzten lurrinak ere ikus daitezke espazio horretan: Gury’s eta Calber lurrindegiek mende hasierako gizarte aristokratikoan harrera bikaina izan zuten kolonia urak sortu zituzten. Benegas etxea ere garai hartan hasi zen lehen lurrinak egiten. Donostiako Garibai eta Peñaflorida kaleen arteko izkinan dagoen dendak 1908an zabaldu zituen ateak. Balentziaga bezeroa zen.
Molekula sintetikoak
Lurringintza modernoa XIX. mendearen amaieran sortu zen, kimikan eta teknologian egin zituzten aurrerapenei esker. Ordura arte perfumegileak oso mugatuta zeuden: loreak, zurak, erretxinak eta musketa erabiltzen zuten, baina molekula sintetikoak agertu zirenean —kumarina, heliotropina edo banillina—, mundu oso bat zabaldu zitzaien.
Belle époque arteko lurrinak ikus daitezke aurreneko aretoan. Anbar kolorez pintatutako pareten artean dauden kristalezko beira-arasen barruan bioletaz egindako perfumeak daude. Beheko aretoa laranjaz dago margotuta, eta, bertan beste garai bati erreparatzen zaio: 1930-1950. Moda diseinatzaileek lurringintza modernoan izan zuten eragina islatzen da bertan. Lurringintza bere gorenean zegoen eta demokratizatu egin zen. Chanel, Dior, Schiaparelli, Nina Riccik... Denek nahi zuten lurrin propioa izan. Baita Balentziagak berak ere. Garai horretan sortu zuen moda diseinatzaile getariarrak bere lehen perfumea: Le Dix (1947). Perfume gozo eta erromantikoa zen hura, eta gerora beste bi lurrin sortu zituen: La Fruite des heures (1949) eta Quadrille (1955). Germaine Cellier perfumegile famatuarekin egin zituen bi horiek, gizonen eskuetan zegoen industria horretan nabarmendu zen lehen emakumearekin. Lorezko lurrin intimoa zen bata, eta fruta usainekoa bestea.
Balentziagak bere irudia erabili zuen bere lurrinak iragartzeko. Quadrille lurrinaren argazkiaren inguruko xehetasunak eman ditu Uriak: «Igeldon atera zuten argazki hura. Polo urdin batekin dago jantzita. Ameriketan zabaltzeko iragarkia zen eta hor jarri zuen esaldi hura: Balenciaga is France. Horregatik pentsatu zuten askok jostuna frantsesa zela». Madame D'orak atera zion argazki hura.
Jostuna, ordurako, mito bat zen. Uriarentzat, prentsak sortu zuen mitoa: «Egia da bi elkarrizketa baino ez zituela eman. Azkenekoan aipatu zuen bere mezenas izan zen markesaren pasartea. Soinean zeraman soinekoa egin nahi ziola esan zion. Balentziagak lana baino ez zuen egin nahi, ez zuen fama bilatzen». Maisuaren aipu errepikatuenetakoa da honako hau: «Prestigioa fama baino inportanteagoa da. Prestigioak iraun egiten du; fama, aldiz, efimeroa da».
Esperimentaziorako tartea
Aldamar jauregiko hirugarren aretoak esperimentaziorako tartea ematen du. Versaillesen dagoen lurrin kontserbatorioaren erreplika txiki bat egin dute bertan, eta, erakusketan dauden hamar lurrin ikoniko usaintzeko aukera dago, tartean, markesaren perfume bioleta, eta, jostunaren biak: Le Dix eta Quadrille. Areto hau gorrixka da. «Usaimenaren bidez iraganerako bidaia bat egitea da asmoa. Erakusketa ederra da, eta oso didaktikoa. Osmotheque-ri esker osatu dugu parte hau. Hamar perfume egin dituzte guretzat. Haiek lurrinen liburutegi moduko bat dute, jatorrizko formulak dituzte, eta garai batean egiten ziren moduan egiten dute lurrin bakoitza. Oso milimetrikoak dira». Uriak dioenez, molekula sintetikoak denborarekin aldatuz doaz. Azken garaiko lurrinak daude hemen. 1960ko hamarkadan, lurringintzak beste norabide bat hartu zuen, produktu kimikoek iraultza bat ekarri zuten, eta perfumegileak limoia, mandarina eta bergamota tantak erabiltzen hasi ziren.
Ontzia zabaldu eta usain bakoitzak ñabardura bat dauka, arrasto bat, ezen gure zentzumenen artean usaimena primitiboena da. Sistema linbikoan kokatzen da, hau da, gure garun emozionalean, eta gizakia 10.000 usain identifikatzeko gai da. Haur jaioberriak usaimenaren bidez identifikatzen du ama, jaiotzean garatua duen zentzumen bakarra baita.
Cristobal Balentziagaren eta Coco Chanelen bizitzak paraleloan joan ziren; miresmen sakona zioten elkarri, eta, besteak beste, biek zuten lurrinekiko lilura hori. Chanelentzat, lurrina modaren osagarri ikusezina zen. Balentziagarentzat, berriz, edertasunaren, oroitzapenen eta ametsen lengoaia.
Anne Thoisy-Dallem eta Juanjo Ruiz Criville bilduma partikularren piezak jasotzen dituen erakusketa abenduaren 8ra arte egongo da zabalik.