Etxekoak telesailaren grabaketak etxean sakelako telefono batekin egiten dituzte Olatz Ganboak (Getxo, Bizkaia, 1985) eta Mikel Losadak (Ermua, Bizkaia, 1978). Pausokaren deiaren aurretik, Losada Arriagako Madre coraje antzezlana prestatzen ari zen eta Ganboa Tartean konpainiaren Simplicissimus kabaretarekin zebilen, bira erdian. Bertan behera gelditu ziren baten prestaketa eta bestearen bira. «Okerrena da ez dakigula zer etorriko den».
Etxekoak telesailean bikote protagonista zarete. Aurretik fikzioan izan al zarete inoiz bikote?
OLATZ GANBOA: Bai, Patxo Telleriak idatzi eta zuzendutako Alde zaharreko amoranteak antzezlanean.
MIKEL LOSADA: Bai, baina ez geunden etxean konfinatuta.
Telesaila oso bizkor jarri zen martxan. Pertsonaiak prestatzeko denbora gutxi izan duzue, ezta?
O.G.: Oso-oso gutxi. Jaso genuen deia astearte batean, eta ostiralean grabazioei ekin genien. Oso bizkor joan da dena.
M.L.: Gidoiak heldu ahala joan gara pertsonaiak sortzen. Beste aukerarik ez dugu eduki.
Zuen artean buelta asko ematen al dizkiezue etxean gidoiei?
O.G.: Mikelek bere lagunekin ditu eszena zenbait; nik, neure lagunekin, eta familiarekin dauzkagun bideo deietan egoten gara elkarrekin. Azken horiek entseatzen ditugu, bai.
M.L.: Gidoian, zenbaitetan agertzen dira gauzak edo objektuak etxean ez dauzkagunak. Aldiz, etxean zer mozorro ditugun esan genien gidoilariei, horren arabera testua moldatzeko.
Hasieran lau atal ziren egitekoak, baina beste lau egingo dituzue. Konfinamenduaren gaiak ematen du, oraingoz, ezta?
M.L.: Bai, konfinamenduak irauten duen bitartean, eta haiek nahi badute, gu hemen prest egongo gara. Ikus-entzuleak identifikatu egiten dira pertsonaiekin eta pasadizoekin.
O.G.: Jendea etxean dagoenez, plan ona da Etxekoak ikustea.
Nola doa zeuen burua grabatzeko esperientzia?
O.G.: Grabatzen, makillatzen, arropa prestatzen, atrezzoa eta etxea txukuntzen... Nahiko lan izaten dugu.
M.L.: Etxea prest egon behar da grabaziorako [barreak].
O.G.: Grabazioak astean hiru egunetan egiten ditugu, baina aste osoa ematen dugu telesailarekin lanpetuta.
Telesailak bat egiten du aktualitatearekin. Hori fikzioan gutxi gertatu ohi da.
M.L.: Jabi Elortegi zuzendariak arreta handia jartzen du horretan. Espainiako Gobernuak esan zuenean apirilaren 26an haurrak kalera atera ahalko zirela, grabaketa berri bat egin genuen, eta gidoian aldaketak egon ziren.
O.G.: Sanferminak bertan behera geldituko zirela jakin zenean ere, beste sekuentzia bat grabatu genuen berehala.
Aurreko astean euskal kulturako sortzaileen greba digitala egon zen. Sortzaile asko daude kinka larrian. Nola ikusten duzue egoera?
M.L.: Euskal Aktoreen Batasunean sindikatuta gaude, eta adi gaude ea zer ohar bidaltzen dizkiguten. Egoera ez da batere ona. Laguntza behar dugu, baina ez bakarrik aktoreok. Kulturak lanpostu asko sortzen ditu, eta zaindu egin behar da. Familia asko bizi dira kulturaren inguruan.
Azkeneko asteetan, musikarik, libururik, telesailik eta filmik gabe, herritarren buruko osasuna ziur aski ez litzateke erabat ondo egongo, ezta?
O.G.: Ezinbestekoak gara.
M.L.: Espainiako Kultura ministroak esan zuen kultura ez dela premia larriko ondasuna. Ziur nago prentsaurrekoa amaitu zenean, autoa hartu eta bertan musika jarriko zuela, eta etxera iritsitakoan film bat edo telesail bat ikusiko zuela.
Atzerriko zein telesailetan gustatuko litzaizueke pertsonaia bat interpretatzea?
O.G.: La casa de papel edo Stranger things telesailetan aritzea sekulakoa litzateke.
M.L.: Homeland-en oso gustura egingo nuke pertsonaia bat. Baita Alemaniako Dark-en ere.
Mikel Losada eta Olatz Ganboa. Aktoreak
«Ikus-entzuleak identifikatu egiten dira gure pertsonaiekin»
ETB1eko 'Etxekoak' telesailaren laugarren atala emango dute gaur. Pausokak beste lau atal grabatzeko akordioa egin du ETBrekin. Ganboak eta Losadak bikote protagonista interpretatzen dute asteazkenero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu