Iktusa edo istripu zerebrobaskularra da munduan heriotza gehien eragiten dituen bigarren kausa OME Osasunaren Mundu Erakundearen datuen arabera. Mundu osoko heriotzen %11 eragiten ditu. Gainera, elbarri kopurua handitu egin da, eta istripu zerebrobaskularra da horren erantzuleetako bat. Angel Chamorro doktorea (Oñati, Gipuzkoa, 1958) gai horretan aditua da, hori baita bere ikerketa gaia, baita laneko espezialitatea ere. Bartzelonako Ospitale Klinikoko Garuneko Patologia Baskularren Unitate Funtzionaleko zuzendaria da, eta, berriki, SEN Espainiako Neurologia Elkartearen saria jaso du.
Iktusa zer da? Zer eragiten dio pairatzen duenari?
Burmuineko eremu batera odola iristen ez denean sortzen den gaitz sorta bat da. Batetik, iktus sistemikoa dago: odolaren zirkulazioaren buxadura gertatzen da, eta horrek odolaren zirkulazio falta dakar. Bestetik, iktus hemorragikoa dago: kasu horretan zirkulazio sistema hautsi egiten da; beraz, odola garun ehundurara ateratzen da, eta garuneko odol isuria sortzen du.
Zer jakin behar da iktusari buruz? Zein dira ohartarazpenak?
Gehienetan bat-batean agertzen dira sintomak. Minutu batean gorputzaren parte bat gelditu egiten da, hitz egiteko gaitasuna galtzen da —ezin du hitz egin edo beste hizkuntza batean ari dela dirudi—, baliteke ikusmena izugarri galtzea, gorputzaren zati bat lokartzea, edo badirudi hamar minutuan bi botila koñak edan dituela: zorabioak, ezin ibili, lurrera erori... Batzuetan buruko mina ere izan dezake pertsona horrek, baina gehienetan ez. Hori da ohikoena, baina litekeena da batzuetan sintomak ezkutukoagoak izatea, eta horrek ekar dezake pazienteak berehala ez erantzutea, uste baitu ez dela deus larririk.
Larrialdietara berehala hots egin beharra dago, beraz?
Iktus kodea oso zabalduta dago osasun zerbitzuetan; larrialdi zerbitzuetako alarma sistema bat da. Langileek berehalaxe bidaltzen dute anbulantzia bat pertsona horren bila. Horrela egitea garrantzitsua da, anbulantzia ospitalera ailegatu aurretik ospitaleko piezak mugitzen hasten baitira berehala erantzun ahal izateko.
Agudo erantzutea ezinbestekoa baita. Zenbateraino?
Garunera odola modu egokian ailegatzen ez zaion minutu bakoitzeko, pazienteak bi milioi neurona galtzen ditu. Beraz, berebizikoa da ziztu bizian ibiltzea.
Hobe da larrialdietara deitzea ospitalera joatea baino?
Kontua da ospitale guziak ez daudela prestaturik iktusak artatzeko: esaterako, oinarrizko arreta edo eskanerrik ez duen ospitale txiki bat. Profesionalek badakite nora jo behar duten. Hala ere, zientzialariok eztabaida bat dugu: zer da hobeki, gertuen dagoen lekura joatea edo hobekien prestaturik dagoenera? Erantzuna tokian-tokian aztertu beharra dago.
Egin liteke zerbait iktusa saihesteko?
Asko egin liteke: bizitza osasungarria izatea oso garrantzitsua da. Prebentzio neurrien artean onuraren %80 bizi estiloari loturik dago. Ez baduzu erretzen, dieta mediterraneo osasuntsu bat egiten baduzu, gatz gutxirekin jaten baduzu, egunero kirola egiten baduzu eta zure gorpuzkerari dagokion pisua edukitzen saiatzen bazara, iktusari %80ko oztopoak jarriko dizkiozu. Prebentzioaren beste %20an botikak daude, baldin eta iktus bat izateko arriskua baduzu: presio altua, diabetesa, azukrea edo kolesterol altua, erretzea, gehiegi edatea... Adin batetik aurrera ohiko gaixotasun batzuk zaindu behar dira, batez ere aurikula fibrilazioa. Horretarako ona da urtean behin elektrograma bat egitea.
Nola egiten diozue aurre iktusari paziente bat iristen denean?
Lehenbiziko gauza da oso agudo eta taldean erantzutea. Ospitalean horretan bakarrik aritzen den talde bat dugu, eta ez gara iristen: urtean 1.000 ospitaleratze ditugu. Diagnostikoa berehala egin behar da, pazientea ailegatzen denetik garunaren argazkia dugun arte ezin dira 30 minutu baino gehiago pasatu. Buxadura den edo hodiak hautsi diren jakiteko modu bakarra eskanerreko irudia da. Buxadura bada, alteplasa ematen diogu pazienteari makina aretoan, odolbilduak desegiteko. Oso handia bada eta botikarekin ezin bada desegin, gailu mekaniko bidez kentzen dugu. Pazientea iztaian ziztatzen dugunetik ezin da ordubete baino gehiago igaro.
Ikerketengatik eman dizu saria SENek; besteak beste, azido urikoarekin egindakoagatik. Zer gertatzen da horrekin?
Azken bi hamarkadetan nire lanen erdigunean egon da azido urikoa. AEBetan ikasi nuen datu baseekin lan egitearen garrantzia. Bartzelonara etorrita, 2.000 paziente katalanen datuak bildu nituenean hasi nintzen nire datu basea aztertzen. Sorpresa handia izan zen, ordura arte ez baitzen inor jabetu: ospitaleko atarian egindako odol analisien emaitzak ikusita, ohartu nintzen une horretako azido uriko kopurua handitzen zen heinean hiru hilabetera kalte askoz ere txikiagoa izateko aukera handitzen zela modu esponentzialean.
Zer du azido urikoak, bada?
Antioxidatzaile oso indartsua da. Gorputzean dugun produktu endogeno bat da, zabor biltzaile profesional bat. Horrek ez du esan nahi hori ona denik, basoa suhiltzailez beterik izatea ona ez den modu berean; horrelakoetan sua piztu dela esan nahi baitu. Odolean azido uriko asko baldin badago, seguruenik su asko piztu dira gorputzean. Hori bai, behin sua piztuta, hobe da basoa suhiltzailez beteta izatea. Iktus bat baduzu, horrek lagunduko zaitu.
Nola izan zen azido urikoarekin egin zenuen ikerketa?
Laborategian hasi ginen lanean, animaliekin. Gero, Espainiako Botiken Agentziak baimena eman zidan Bartzelonan 24 pazienterekin probatzeko. Azido urikoa eman genien pazienteen odolean toxiko gutxiago sortzen zirela ikusi genuen. Ikerketa handiago bat egiteko baimena eskatzean, Good Manufacturing Practice botikak fabrikatzeko arauekin egin nuen topo. Ohartu nintzen diru asko behar nuela. Kataluniako enpresa batek sortu zidan botika, bi urtean, eta 450 paziente artatu nituen. Etorkizun oso handikoak ziren emaitzak, eta ikusi genuen paziente batzuentzat sekulakoa zela, emakumeentzat batez ere. Baina hor geratu da.
Zein izan da arazoa?
Inbertsoreei ez zaie axola egiten duzunak sendatzen duen edo ez; jabetza intelektualaren babesa, horixe bakarrik nahi dute, eta orain hiru jartzekotan, hiru urtean hamar jasotzea. Horrela dira negozioak.
Zenbateko inbertsioaz ari zara?
Zortzi milioi eurorekin seguruenik munduko merkatuetara ailegatu gintezke. Azken ikerketa falta zait, oinarrizko ikerketa izenekoa. Espainian ez didate milioi bat edo milioi eta erdi baino gehiago emanen. Sistema hau ez dago pentsatuta ikerketa biomedikoa burura eramateko, eta, azkenean, nik ikertzen dut pazientearengana ailegatzeko, eta horretarako botiketara ailegatu behar da. 2020an enpresa batekin akordio bat ixtekotan ginen, baina pandemiarekin dena pikutara joan zen.
Zortzi milioi zertarako?
Bi milioi botika ekoizteko; badakigu nola egin GMT arauak beteta. Hiruzpalau behar ditugu pazienteekin ikerketa klinikoa egiteko. Gainerakoa botikak arautzeko agentziekin harremana mantentzeko, txostenak egiteko, alor administratiborako... Pentsa, botika enpresa batek 500 milioi behar ditu produktu bat munduko merkatura eramateko. Gainera, kontuak egin ditut, eta, Espainian azido urikoa erabiliko balitz, urtero mila pertsona gutxiagok izanen lituzkete kalte larriak iktusaren ondoren.
CHOICE ikerketagatik ere eman dizute saria. Zertan datza?
Orain gutxi aurkeztu ditugu emaitzak, eta jendea seko harriturik dago. Gailu mekanikoekin eta alteplasmarekin buxadurak garbitzeko moduan erabateko paradigma aldaketa dakar. Arestian esan bezala, tronbotikoak ezin badu odolbildua desagerrarazi, gailu mekanikoa erabiltzen dugu. Tronboa kenduta, dena egintzat genuen. Baina ez nengoen batere seguru, eta 1960ko hamarkadako ikerketa batzuk aztertu nituen. Odolbildu handiena kenduta, kapilarrak ere itxi daitezke, oxido estresa egon delako, eta iduriz odol jarioa itzuli arren eta inon gainezka ez egin arren, odola ez da ongi iristen azken kapilarrera. Arteriografiekin sumatu ez ditugun tronboak sortu izan dira. Ibaiaren isuria irekita dago, baina zeluletara odola eta azukrea eramaten duten kanal txikitxoak? Beraz, tronbolitiko gehiago ematea proposatu nuen, iduriz garbi zegoen hori libratzen jarraitzeko. Sekulakoa izan da. Angiografia aretoan sendatu direnen kopurua %19 handitu da. Ikerketa baieztatzeko baimena eskatu dut, eta hau seguruenik egin ahalko dugu.
Zientzia. Angel Chamorro. Neurologoa eta iktusetan aditua
«Iktusaren ondotik kalteak txikitzeko aukera handitzen du azido urikoak»
Iktusei aurre egiteko ikerketan aritu da bere lan ibilbidean, eta Espainiako Neurologia Elkarteak saritu egin du horregatik. Azido urikoarekin tratatzeko aukeraz ohartu zen, eta haren ikerketak tratamenduaren «paradigma aldatu» du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu