Paquita Saenz de Urturi. Arkeologoa

«Ikertutakoa jaso behar da; bestela, galduko da»

Urte luzez aritu da Saenz de Urturi indusketa lanetan. Lehen emakume profesionala izan da Arabako arkeologian, eta zenbait aztarnategitan egin ditu ikerketak. Azken urteotan ikertutako guztia jasotzen dabil, baina indusketetara ere joan ohi da.

RAUL BOGAJO / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Ikastaro batean egin zituen lehen urratsak Paquita Saenz de Urturi arkeologoak (Apodaka, Araba, 1950). Ordutik, jardun horretan aritu da, «etenik gabe». Haren arabera, indusketek iraganean nola bizi ziren erakusten dute, eta ilusio «handia» egin ohi diote aurkikuntzek. Halere, aitortu du arkeologiaren sektorea prekarioa dela, eta lan egin behar dela. Gaur egun, erretiratuta baldin badago ere, ikertutakoa idazten dabil, ez dadin galdu. Arkeologiarik gabe, ez luke jakingo zer egin.

Ez da ohiko arloa arkeologia. Nolatan gerturatu zinen?

Batxilergoan irakasle onak izan nituen, eta gogoko nuen antzinako historia. Latineko eta grekoko irakasleek, hizkuntzaz gain, mitologiaz ere hitz egiten ziguten. Iragana ezagutu zitekeen. Gainera, herri batekoa naiz, eta bertako adineko pertsonek kontatzen zituzten istorioekin ere jakin zitekeen nolakoa zen iragana.

Azkenean, jakin-min hori praktikan jartzea erabaki zenuen.

Irakasle batek arkeologiaren hastapenerako ikastaro bat zegoela aipatu zigun, Arabako Aurrezki Kutxak antolatuta, eta izena ematea erabaki genuen, 1969an. Federico Baraibar arkeologo arabarra zen arduraduna. Landetara eta leizeetara bisitak egiten hasi ginen, eta lehenengoko indusketa Henaioko kastroan izan zen, Dulantzin [Araba]. Ikastaro hori izan zen arkeologiarekin izan nuen lehen kontaktua.

Gainera, ordaindu egin zenuten parte hartzeko.

Lehenengo indusketa horretan 500 pezeta ordaindu behar izan genituen ostatuarengatik, eta, hortik aurrera, diru laguntzak jasotzen hasi ginen. Egun, normalean, janariarentzako eta indusketarako beharrezkoak diren materialarentzako ematen dituzte laguntzak, betiere ikerketa bat egitea oinarri bada.

Lehen indusketa hori mugarri bat izan al zen?

Indusketa horretan parte hartu zuen taldeari esker jakin nuen zer den arkeologia. Hain zuzen, Armando Llanosek, Jaime Fariñak, Jose Antonio Agorretak eta Juan Maria Apellanizek osatzen zuten taldea. Horrez gain, Juan Antonio Madinabeitiari esker ikasi nuen nola azter zitekeen landagune bat, ea zer izan daitekeen hobi bat eta zein ez; oro har, indusketa baterako ezaugarriak.

Zeintzuk dira ezaugarri horiek?

Besteak beste, lurraren kolorea. Leku ilunak eta argiak daude, eta horri esker jakin daiteke garai batean bertan zerbait egon zen ala ez. Toponimiak ere garrantzia du, eta baita inguruan kontatu ohi diren istorioek ere. Adibidez, garai batean urrezko kanpai bat leku jakin batean lurperatu zela kontatzen bada, seguruenetik, ez da egia izango. Hala ere, posible da bertan antzinako aztarnategi bat egotea, agian burdin arokoa, metala lantzen zen garairen batekoa.

Lehen urrats horiekin batera, unibertsitatean hasi zinen.

Filosofia eta Letrak ikasi nituen Nafarroako Unibertsitatean, eta urtebetez bizi izan nintzen bertan. Bien bitartean, Arabako Arkeologia Museora joaten jarraitzen nuen, materialak eta liburutegia ordenatzera; indusketetatik ateratzen zen guztia.

Zuzendu zenuen lehen lana, berriz, Karanka (Araba) herriko Lastrako kastroan izan zen.

Ikasketak amaituta nituen, eta aurrez indusketa lanetan aritua nintzen bertan; beraz, zuzendaritza hartzeko eskatu zidaten 1975ean, eta bertan egon nintzen 1997ra arte. Indusketa horiek, gainera, udan egiten genituen, neguan lan egitea zailagoa baita. Gaubea udalerrian aurkitu daitekeen antzinako herrixkarik handiena da, hiriburua izan zitekeena. Uste dugu Uxama Barka zela hiriaren izena, eta autrigoien tribua bizi zela bertan.

Erronka bat izan al zen zuzendaritza hartzea?

Bai. Gogoan dut lehen urtean parte hartu zutenak ikasleak zirela, eta ez zekiten nola egin behar zen indusketa bat. Beraz, nire erantzukizuna zen pertsona horiei erakustea, eta, une oro adi egon behar nuen, ahalik eta datu gehien lortzea ere garrantzitsua baitzen.

Zer eskaintzen du landako gune batean lan egiteak?

Landan lan egitea oso polita da. Indusketak egin eta gauzak irteten joan ahala, jakin daiteke zer gertatu zen orain dela urte batzuk, zer utzi ziguten antzinako herritarrek. Hein batean, arkeologiak erakusten digu nola bizi ziren iraganean.

Zer da aurkitu daitekeen gauzarik ederrena?

Ilusio handia egin dezaketen gauzak aurkitzen dira indusketetan. Bat nabarmentzeagatik, esango nuke osorik dagoen ontzi bat izan daitekeela, ia beti puskatuta daudenak aurkitzen baititugu.

Gainera, autonomoa zara. Zer dakar horrek?

Eusko Legebiltzarrak Ondare Legea onartu zuen 1990ean. Horrek eskatzen zuen aztarnategietan eragina izan zezaketen obra handietan kontrol arkeologikoa behar zela, eta hori arkeologo batek egin behar zuela. Hala, autonomoa egin, eta Indusarke enpresa sortu nuen. Kontrolak egiten nituen; makinen gainean egon, eta zerbait agertuko balitz, ikertu.

Sektore prekarioa al da arkeologia?

Baietz esango nuke. Azken batean, obrek agintzen dute, eta zaila da aurrekontu bat zehaztea. Izan ere, ez da jakinekoa zerbait agertuko den ala ez. Beraz, denbora tarte baterako lana kalkulatu ohi da, baina tarte hori gainditzen bada, normalean, ez da egoten hori handitzeko aukera, aurrekontua jada egina baitago.

Zein da aurkikuntzarik handiena?

Ez dakit handiena den, baina Guardiako [Araba] alde zaharreko hoditeria aldatzeko lanak egin zituzten, eta horrek bide eman zigun herriaren gainaldean orain dela 3.000 urte biztanleak zeudela jakiteko. Gainera, pixkanaka bilakaera bat izan duen populazio bat izan da. Hain zuzen, gainazalaren eta metro bateko sakoneraren artean agertu ziren hiriaren arrasto batzuk. Areago, La Hoya [Araba] aztarnategia ere alboan du, eta badirudi elkarbizitza egin zutela garai horietan.

Arabako arkeologian aritu den lehen emakume profesionala ere izan zara.

Autonomoa egin nintzenean, beste bi emakumek ere hartu zuten arduraren bat edo beste, baina gero utzi egin zuten. Beraz, ni naiz garai horretatik gelditzen den bakarra, eta dagoeneko 50 urte daramatzat zeregin honetan jo eta ke, gelditu gabe.

Kontuan hartzen al zen zure hitza?

Batzuetan esaten zidaten emakumea eta ama izanda ezingo nukeela gizonezkoen jardun berbera egin, baina lanean jarraitu dut. Gainontzean, ez dut desberdintasunik atzeman.

Egun, Iruña-Veleia aztarnategia entzutetsua da. Egon al zara?

Sailak ureztatzea oinarri zuten obra batzuk kontrolatzen egon nintzen, 1993an. Obrak ez ziren mugatutako eremutik igarotzen, baina bai kanpoaldetik. Erromatar garaiko bidearen zati garrantzitsu bat ezagutzeko aukera izan genuen, Bordeletik Astorgarazihoana. Horrek aukera eman zidan bidea hobeto ezagutzeko, eta, azkenean, esan dezaket zehazki nondik igarotzen zen bide hori. Horrez gain, zundaketa gehiago egin genituen mugaz bestaldera, eta aurkitu genuena barruan dagoenaren garrantzi berberekoa da. Baina ez genuen grafito berezirik aurkitu.

Zein iritzi duzu grafitoei buruz?

Hainbat grafito agertu dira Iruña-Veleian, baina ez da ohikoa euskararekin lotura dutenak agertzea. Berdin kristautasunarekin ere. Harritzen nau. Proba objektiboak izan arte, ez dut sinesten halakorik egon zitekeenik; benetako probak behar ditut.

Egon al da aldaketarik urte hauetan arkeologian?

Teknologiari dagokionez, asko aldatu da; argazkilaritza, adibidez. Lehen argazki kamera onak zeuden, baina ez ginen adituak, eta, sarritan, ez ginen gogoratzen argia aldatzeaz ere. Gainera, argazkiak paperera pasatu behar ziren, eta horrek denbora behar zuen. Egun, argazkiak atera eta momentuan balora ditzakezu, ea ondo dagoen ala ez. Horrez gain, neurriak hartzeko ere aurrerapenak egon dira, hala nola GPSekin. Datuak zehatzagoak dira.

Beraz, zer eskaintzen dizu arkeologiak?

Beti pentsatu izan dut arkeologia egiten utziko ez balidate, ez nukeela zentzurik izango hemen. Erretiratu naiteke, baina lan honetan jarraituko dut. Beraz, egun, orain arteko guztiarekin memoriak idazten nabil, guztia prest uzten, argitaratzeko aukerarik izango ez banu ere. Indusketetan egiten den lana da politena, landan, baina gero paperera pasatu behar da. Ikertutakoa jaso behar da; bestela, galdu egingo da. Indusketetara joaten ere jarraitzen dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.