Gizakia txakurrekin iritsi zen Amerikara, duela 15.000 urte. Hala dio PNAS Amerikako Estatu Batuetako Zientzia Akademiaren aldizkarian argitaratutako ikerketa batek. Txakurren jatorria argitu nahian, Angela Perri Durhameko Unibertsitateko (Erresuma Batua) arkeologia doktoreak zuzendutako ikerlari taldeak aztertu ditu pertsonen eta txakurren erregistro arkeologikoak, eta ondorio horretara heldu da.
Ikerlarien arabera, ziurrenik, gizakia duela 23.000 urte hasi zen txakurrak etxekotzen, Siberian. Hangoak ziren Amerikara heldu ziren lehen gizakiak, eta Europara eta Asiara ere zabaldu ziren, txakurrekin.
Amerika izan zen gizakia heldu zen munduko azken eskualdeetako bat. Ikerketak dioenez, ordurako txakurrak etxekotuta zeuden hainbat zibilizaziotan, guztietan eginkizun bera ez zuten arren. Ikerketan parte hartu duen Laurent Frantz genetistak adierazi duenez, hasi zirenean argi zuten gauza bakarra zen txakurrak ez zituztela Amerikan etxekotu: «Orain, Amerikara heldu zirenen arbasoen firma genetikoa begiratuta, badakigu Siberiako lekuren batekoak zirela».
Etxekotzearen jatorria
Oxfordeko Unibertsitateko Greger Larson irakaslearen arabera, berriz, txakurrak Eurasian etxekotu zituztela uste zen lehen, Europatik Txinaraino, baita tarteko hainbat tokitan ere: «Gizakien eta txakurren erregistro arkeologikoak bateratuta, ordea, geroz eta argiago dugu Siberian etxekotu zituztela lehenbizi».
Azken izozte handian, duela 23.000 eta 19.000 urte artean, Siberia eta Beringia —Errusiaren eta Kanadaren arteko eremua— oso lurralde hotzak eta lehorrak izan ziren. Litekeena da horrek gizakien eta otsoen arteko hartu-emana handitzea, halabeharrez, harrapatzen zituzten animaliak antzekoak zirelako.
Ikerlarien ustez, hor egon daiteke txakurren etxekotzearen jatorria, gizakiek txakurrei ematen baitzizkieten harrapatutako animalien kondarrak; adibidez, zaldienak, oreinenak edo altzeenak. Otsoek eta txakurrek hilabeteak iraun ditzakete proteina soilik jaten.