Txekor muturrak bizkaitar saltsan

GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Iker Markinez.
2011ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
OSAGAIAK

6 pertsonarentzako osagaiak:

Txekor mutur bat.

2 tipula.

2 porru.

2 azenario.

Tipulina sorta bat.

6 baratxuri ale.

Tomate heldu bat.

6 piper txorizero lehor.

Kaiena piper 1.

Basokada bat ardo zuri.

Irina.

2 arrautza.

Lehen sakaldiko oliba olioa.

Gatza.

Txekor muturrak egosi. Lapiko batean ura jarri, bi tipula, bi porru eta azenarioekin batera. Bi orduz irakin. Lapiko azkarrean ere egin daiteke; lapiko mota horretan, 30 bat minutu nahikoa da. Muturrak atera eta hozten utzi. Lapikoko salda iragazi beste lapiko batera, eta gorde.

Bizkaitar saltsarako, tipulinak garbitu, txikitu eta oliba olio txorrotada batekin lapiko batean erregosten jarri. Bost bat minuturen ondoren, baratxuri ale txikituak eta kaiena piperra gehitu. Jarraian, tomatea laukitxoetan moztuta gehitu, eta ondoren, ardo zuri basokada. Sua bizituz irakiten eduki, duen alkohola lurrundu dadin.

Ondoren, hiru edo lau kazokada mutur salda gehitu, eta bizkaitar kutsua emango dion osagaia gehitu, piper txorizero lehorrak, dituzten hazi eta txortena aurrez kenduta noski. Hogei bat minutuz irakiten eduki. Ondoren, piper txorizeroak atera eta duten haragi mamia atera, eta berriz ere saltsara bota. Guztia txanotik pasatu, eta ondoren, gatzatu.

Bukatzeko, txekor muturrak xaflatan moztu eta irin eta arrautzetatik pasatu eta frijitu. Horrela egin beste xaflekin ere. Ondoren, bizkaitar saltsan mutur xafla guztiak jarri, eta hamabost bat minutuz irakiten eduki, saltsa goxatzen eta loditzen joan dadin.

Aurreko egunean prestatuz gero, errezeta askoz ere zaporetsuagoa aterako da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.