4 LAGUNENTZAT
Tagliatelleak egiteko:
400 gramo irin.
Lau arrautza.
Koilarakada bat olio.
Gainerako osagaiak:
100 gramo hirugihar.
100 gramo boilur.
Lau arrautza gorringo.
1. Guk geuk egingo dugu gaurko platera prestatzeko osagai nagusia: tagliatelleak. Oso erraza da. Horretarako, jarri ontzi batean lau arrautza oso eta koilarakada bat olio. Guztia ongi irabiatu, eta gehitu irina. Guztia ongi oratu eskuekin, bola fin bat lortu arte. Gorde hozkailuan, film plastikoarekin bilduta, ordu batez.
2. Zabaldu irin pixka bat mahai baten gainean, eta pasta bola bertan jarri, lau zatitan moztuta. Zati bakoitza ongi zabaldu, xafla finak egin arte. Labana batekin tira luze eta finak moztu, tagliatelle batzuk lortzeko.
3. Jarraian, jarri ura irakiten lapiko batean, gatz pitin batekin. Ura irakiten hastean, gehitu tagliatelleak eta egosi hiru bat minutuan. Gero, atera.
4. Jarri hirugiharra berotzen zartagin batean, zati txikitan moztuta eta oliorik gabe. Hirugihar zatiak pixka bat egiten direnean, kendu zartagina sutatik, gehitu bertara tagliatelleak, eta zartaginean mantendu.
5. Ontzi batean irabiatu arrautza gorringoak, gehitu pasta egosteko erabilitako kazokada bat ur, eta baita boilurraren erdia ere, birrinduta. Nahastu osagai guztiak, krema bat lortu arte.
6. Bota krema zartaginean dagoen pastaren gainera, eta guztia ongi nahastu.
7. Azkenik, errezeta amaitzeko, kremarekin nahastutako tagliatelleak banatu plateretan, eta gainetik zabaldu gordetako boilurra, xafla finetan moztuta.