Otarrainxkak leka freskoekin

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Iker Markinez.
2019ko irailaren 14a
00:00
Entzun

osagaiak

4 LAGUNENTZAT

12 bat ale otarrainxka.

4 baratxuri ale.

Baserriko lekak: kilo erdia.

Oliba olioa.

Gatza.

Basokada bat esne gain.

1

Lapiko bat urez bete, eta gatz pittin batekin irakiten ipini.

2

Bitartean, lekak juliana moduan moztu. Ur irakinetan sartu, eta 10-15 minutuz egosi. Jarraian, ur hotzetik pasatu, egosketa prozesua mozteko.

3

Otarrainxkak zuritu. Buruak eta azalak saldarako erabiliko ditugu. Horretarako, lapiko batean ipini, eta urez estali. Irakiten eduki hamar bat minutuz, eta, ondoren, salda beste ontzi batera pasatu.

4

Lapiko txiki batean, basokada bat esne gain jarri irakiten, gatz pittin batekin. Aurrez prestaturiko otarrainxka saldaren kazokada bat gehitu, eta irakiten jarri; mantendu irakiten krema antzeko saltsa lodia lortu arte.

5

Baratxuriak aletu, eta puxka txikietan moztu. Zartagin handi batean, oliba olio txorrotada bat bota, eta bertan baratxuriak berotzen jarri. Baratxuriak dantzan hastean, otarrainxkak gehitu, gatz pittin bat ere bai, eta, minutu bat pasatu ondoren, lekak ere gehitu zartagin horretara. Guztia ongi berotu, eta nahasi pare bat minutuz.

6

Platereratzeko garaian, lekak plater erdian jarri, eta otarrainxkak gainean, sakabanaturik. Azkenik, gainetik bustiko ditugu otarrainxka zaporeko kremarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.