OSAGAIAK
4 LAGUNENTZAT
Kilo erdi aurreko solomo.
Piper morro bat.
Tipula erdia.
Kuiatxo bat.
Azenario bat.
100 gramo ilar, aletuak.
Oliba olio birjina.
Gatza.
Basokada bat ardo.
1. Txekor haragia erosiko dugu errezeta hau prestatzeko. Guk txekorraren aurreko solomoa aukeratu dugu, lonja ere deitzen den zatiko haragia. Haragi urtsua eta samurra da. Moztu karratuetan, eta jarri presio eltzean, su bizian, urik gabe eta taparik gabe. Gatz pittin batekin eta olio tanta batekin baino ez.
2. Haragia gorritutakoan, gehitu basokada bat ardo, eta utzi sutan, bost minutu inguruan, irakiten, ardoari alkohol soberakin guztia kentzeko. Bost minutuak pasatutakoan, haragia urarekin estali, presio eltzeari tapa jarri, itxi, eta egosi hogei minutuan.
3. Haragia egosi bitartean, garbitu barazkiak eta moztu karratu txikietan —ilarrak ez, jakina—, pisto bat prestatzeko egiten den moduan.
4. Jarri barazki guztiak zartagin batean edo kazola zabal batean, gehitu gatz pittin bat eta olio txorrotada bat, eta erregosi hogei minutuz.
5. Egosi ilarrak lapiko txiki batean, hamar minutuz. Egosi eta gero, gorde.
6. Platerari zapore gehiago emateko, atera haragia presio eltzetik, eta jarri haragiak utzitako salda irakiten, hogei minutuz. Horrela, salda kontzentratu edo indartu egingo da.
7. Gehitu haragi saldaren pare bat burruntzalikada barazkiak egosi ditugun kazolara, eta baita ilarrak ere.
8. Piztu sua, eta guztia irakiten hasten denean, gehitu haragi egosia. Haragi eta barazki menestra prest egongo da plateretan banatzeko.
Zer prestatu nahi duzu?
Iker Markinezen errezetak
Haragi eta barazki menestra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu
Errezeta gehiago
- 2024ko abenduaren 20a
- 2024ko abenduaren 6a
- 2024ko azaroaren 22a
- 2024ko azaroaren 8a
- 2024ko urriaren 25a