4 pertsonarentzako osagaiak:
Basmati arroza (400 g)
Azenario bat / Tipulin bat
Kuia txiki bat
Piper gorria eta piper berdea
Leka eskukada bat
Bi tomate, entsaladarako
Oliba olio birjina / Gatza
Sagar ozpina
• Azenarioa zuritu, eta laukitxotan moztu, baita kuia txikia eta lekak ere.
• Barazki horiek egosteko, lapiko bat urez bete, eta berotzen jarri. Irakiten hastean, gatza bota, eta uretan egosi hamar bat minutuz; ez dugu nahi gehiegi egosterik. Ondoren, atera, eta gorde.
• Nahi izanez gero, ur horixe erabili: irakiten eutsi, eta arroza bota. Hamabost bat minutuz irakiten eduki, eta, iragazki baten laguntzaz, arroza ur hotzetan ongi freskatu. Gorde.
• Piper berdea, gorria eta tipula txiki-txiki egin, eta lehen egosiriko barazkiekin nahastuko ditugu. Gatz pitin bat eta koilarakada batzuk sagar ozpin bota, baita oliba olioa ere. Norberaren gustura oliozpindu.
• Ongi nahastu, eta, gero, arroza gehitu. Berriro ongi nahastu, arrozak oliozpinaren zapore guztia har dezan.
• Erretilu polit batean, tomatea xaflatan moztu, eta erretiluaren bueltan jarri; gatza bota, eta oliozpindu.
• Bukatzeko, arroza erretiluaren erdian jarri, eta prest izango dugu mahaira zerbitzatzeko. Udako beroekin, gustukoa izango dugu, dudarik gabe!