Ollerieta esatea eltzegintzaz aritzea da. Elosuko (Araba) auzo hori eta buztingintza lotzen dituen agiri zaharrenak mila urte ditu. Blanka Gomez de Segurak (Zeanuri, Bizkaia, 1952) horren arrazoiak xehatu ditu. «Behar den guztia gertu dago: urtegia, buztina eta ura hartzeko; eta basoak, labearen sua elikatzeko». Duela 23 urte Euskal Buztingintzaren Museoa sortu zuen Ollerietan bertan. Ez da museoa soilik. Denda ere bada, baita ofizioa ikasi nahi dutenentzat tailerra ere. Alegia, Jose Ortiz de Zarate eltzegilearengandik ikasi zuena erakusten du orain.
Hainbatetan aipatu du konpromiso hitza, bai museoari, bai tailerrari, baita beste hainbat alorri buruz hitz egiteko orduan ere. Ideia hori txiki-txikitatik barneratu zuela nabarmendu du.
Markina-Xemeingotzat duzu zeure burua, Zeanurin jaio arren.
Bai, 6 urte nituela Markina-Xemeinera mugitu ginen. Dena den, gu Zubizabalen jaio ginen. Gaur egun, zuhaitzetan etxolak dituzten kanpin bat dago bertan. Kanpinaren harrerako eraikina gure etxebizitza zen, eta zuhaitz horietako batzuk nire aitak landatu zituen.
Hortaz, 6 urte bete arte mendian bizi izan zinen?
Bai. Ubideko eskolara joaten ginen, Zeanuri baino gertuago zegoelako. Bi kilometro ziren eskolaraino, eta, egunero, oinez joaten ginen: euripean, elurpean... Bizimodu horrek markatzen zaitu. Indartuta atera ginen handik. Ez dut gogoratzen aterkirik, pentsa! Oraindik gogoratzen dut arratsaldean etxera bueltatzeko beldurra.
Zergatik?
Autoengatik. Lau bat pasatuko ziren orduan, baina izugarrizko beldurra genien. Garai hartan, esaten ziguten Sakamantekas egon zitekeela autoen barruan. «Auto bat gelditzen bada, ez sartu barrura!», agintzen ziguten.
Markina-Xemeinera joan zinetenean asko aldatu zen egoera?
Amak uste zuen Markinan gehiago ikasteko aukera izango genuela; sei anai-arreba ginen. Markina herri handiagoa zen, baina ez handiegia. Ondo bizi izan ginen, baina kanpotarrak izan ginen, beti. Aita arabarra zen, eta ama, Nafarroakoa; ez batak eta ez besteak ez zekiten euskaraz. Hori bai, gure prestakuntza oso humanista izan zen. Konpromisoaren garrantzia ikasi genuen txiki-txikitatik.
Konpromisoa?
Adibidez, gazteak ginenean lehen konpromisoa gauzatu genuen: euskaraz egitea. 18 urte nituela ikastaro trinko bat egin nuen Deustuan. Etxean gazteleraz egiten jarraitu nuen, etxekoek ez zekitelako euskaraz. Kalean, baina, edo euskaraz, edo mutu. Hilabete batez, euskaraz egiten zidatenean baino ez nuen hitz egin. Eta ordutik gaur egunera arte...
Euskarari lotuta?
Museo batean lehenetarikoak izan ginen bisita gidatuak euskaraz egiten, duela 23 urte. Horretan sinesten genuen! Eta orain ere bai, familian euskaraz bizi baikara.
18 urte zenituenean 1970. urtea zen. Hots, frankismoaren azken txanpan hasi zinen euskara ikasten.
Belaunaldi horretakoak gara, bai. Sasoi hartan euskarazko gau eskolak sortu genituen. Eta... [isildu da tarte batez, pentsakor] adibideesanguratsu eta adierazgarri batekin azalduko dut orduko belaunaldiak zuen izateko modua, ados?
Esan.
1990ean-edo Jose Migel Barandiaran ezagutu nuen. Garai hartan, INEMen ikastaroak ematen nituen, buztingintza irakasteko. Barandiaranek 100 urte bete behar zituela eta, 300 katilu baino gehiago egin genizkion, haren urtebetetzeko ospakizunetan mamia zerbitza zezaten. Katiluak aurrez aurre eman genizkion. Ikasle taldea ikusita, Barandiaranek esan zigun: «Gazteak, ikasi ahal duzuen guztia, eta ikasitakoa erakutsi, beti». Orduan pentsatu nuen hori zela nire bizitzaren leloa. 18 urte nituenetik hala izan da.
Aurretik aipatu dituzun gau eskolak horren adibide al dira?
Gau eskoletan ez genuen kobratzen; goizean ikastera joaten ginen, gauez irakatsi ahal izateko. Euskal dantzak ikasi genituen Markinako kanposantutik gertuko parrokiaren aterpean; ez genuen ez musikarik, ez ezer. Ahotsarekin egiten genuen doinua. Mairuelegorretara joaten ginen, euskal kantak abesten zituztelako. Gaztetan sortu genuen aberastasunaz jabetzen ari naiz orain.
Administrari eta delineatzaile ikasketak egin zenituen.
Batxilergo administratiboa ikasi nuen, eta, gero, kontabilitatea. Metalgintzako enpresa batera joan nintzen, Durangora [Bizkaia]. Gero, gauez, jesuitengana joaten nintzen ikastera. Nondik ateratzen nuen denbora hori guztia egiteko? Gitarra ikastaroa eta guzti egin nuen! Ikasteko grina genuen, baina atzean beste helburu bat zegoen: burujabe izatea.Gaur egun, gai batzuez hitz egitean, galdetzen didate. «Feminista al zara, ala?». Zer nahi duzu izatea, ba? Gaztetatik nire bidea, nire nortasuna, aukeratu dut. Horregatik ikasi nuen delineatzaile izateko.
Gustuko zenuelako, ezta?
Emakumeak administrari izan behar genuen, asko jota. Ordea, niri irudiak egitea gustatzen zitzaidan. Eskolan ohorezko matrikulak halakoetan ateratzen nituen. Geografia klaseko mapa onenak nireak ziren! Irtenbide bakarra marrazketa teknikoa izan nuen, eta ikastaroak egin nituen. Gero, Madrilera joan ginen. Han nengoela ezagutu nuen buztinaren mundua.
Noiz izan zenuen esku artean lehenengoz buztina?
Madrilen. Garai hartan, auzo elkarteak sortzen hasi ziren. Konpromisoa, berriro ere. Emakumeekin tailerrak egiten genituen, eta haiek inoiz egin ez zituzten ekintzen tailerrak prestatu genituen. Horrela hasi nintzen buztinarekin.
Hutsetik hasi zinen, beraz, mundu horretan?
Gaur egun errazagoa da: Googlen bilatuta, erraz agertuko zaizu nola ikasi. Garai hartan, liburuetan begiratu behar genuen. Oinarritik hasi ginen, eta hortik aurrera.
Konpromisoarekin jarraitu zenuten, orduan?
Hori da. 1982an Arte Eskola sortu genuen Markinan. Talde bat ginen, eta bakoitzak zekiena erakusten zuen, musu truk. 200 pertsona inguru pasatzen zen handik, astero. Zeramika ematen nuen nik. Irakasteko, jakin egin behar zen, eta, horretarako, nik neuk ikasi behar nuen. Ikastaroetara joaten hasi nintzen, familiarekin, udako oporretan: Gironara, Bartzelonara... Senarrak alabak zaintzen zituen, eta, nik, ikastaroak egiten nituen. Ondarroako [Bizkaia] Kresala kultur elkartean ere ikasten genuen. Barandiaranek esaten zuen hori egiteko.
Ikastea irakasteko?
Konpromiso pertsonala da. Ikasten duzuna ez da soilik zuretzat izan behar, inoiz ez; bestela alferrikako lana da. Euskal zeramikaren kasua da, adibidez. Hona etorri nintzen, Jose [Ortiz de Zarate] ezagutu nuen, buru-belarri jarri eta ikasi egin nuen. Niretzako bakarrik ez, ordea. Ikasi nuen erakusteko eta irakasteko. Horrela, gauza asko lortu ditugu museoa sortu genuenetik.
1987an ezagutu zenuen Ortiz de Zarate. Nola izan zen?
Enrique Ibabek liburu bat argitaratu zuen euskal zeramikari buruz, altxor bat. Urteen joanarekin Markinara etorri zen, hitzaldi bat ematera. Ordurako, buztingile gutxi batzuk baino ez zeuden, hiru bat edo. Horietako bat Jose zen, eta harengana jo nuen. Bizkaiko Foru Aldundiak ofizioak ikasteko bekak atera zituen, eta, niretzat, aukera aparta izan zen; diru gutxi zen, baina baloratua sentitzeko beste.
Ikastaro hori izan al zen egungo museoaren ernamuina?
Ikusi nuen, Joserekin batera, jakintza hori galdu egingo zela, eta buru-belarri sartu nintzen. Hala, nire lan eremua sortu nuen, helburu batekin: ekonomikoki independentea izatea. Ikuspuntu feministatik funtsezko helburua genuen hori. Gure amak nola bizi izan ziren ikusi, eta horri aurre egiteko neurritzat har daiteke. Ez da erraza izan, baina. Familia proiektuan sartu, eta geneukan guztia ezbaian jarri genuen.
Emakume izateak eraginik izan al du museoaren proiektuan?
Honaino heldu banaiz, oskol batekin babesten naizelako heldu naiz, eta neure buruari errepikatzen diodalako: «Ez dio axola». Museoa daraman gizonarengatik galdetzen dizutenean? Ez dio axola. Familia eta lana uztartzearen gaia ere badago. Gizarteak ez du horretan laguntzen, bakoitzak lortzen du. Nik lortu behar izan dut oreka, fin jokatuta.
Aipatu izan duzu Euskal Herriko buztingintza gizonekin lotu izan dela. Baina munduko beste leku batzuetan emakumeekin lotzen da. Zergatik?
Ikerlariek adostu dute horren zergatia. Eskuz egindako zeramika, modelatua, etxean egindakoa izan da. Etxekoa denean, emakumeen eskua nabaritzen da: finak dira, landuak... Makina bat sartzen denean, tornu mota bat kasurako, kategoria handiagoa duelakoan, gizonen lana bilakatzen da. Hori da Euskal Herrian gertatu zena, seguru asko. Are gehiago, bada jende aditua, profesionalak, ez dutenak ondo hartzen emakume bat tornuarekin ikustea. Italian ikusi nuen hori.
Zer gertatu zen Italian?
Mondial Tornanti izeneko buztingintza azokara joan ginen, duela ia hamar urte. Ez genekien, baina txapelketa bat ere bazegoen: ea nork egiten zuen pieza altuena edo zabalena. Bi talde zeuden, maisu tornulariak eta emakumeak. Izena eman nuen, baina maisu tornularien multzoan. Falta zitzaiguna! Araudian ez zegoen inon zehaztuta gizona izan behar zenuenik maisua izateko. Bada, gizon batzuk aztoratu egin ziren! Ezin nuela parte hartu!
Zer moduz joan zitzaizun?
Ez nintzen barregarri geratu, ez pentsa. Prestatu gabe ere, 500 parte hartzailetik 200.aren bueltan sailkatu nintzen. Esan nien: «Hurrengoan prest etorriko naiz». Nire alea jarri nuen. Kulturaren alorrean bezala.
Zein aje antzeman diozu kulturari?
Sormena ez da aintzat hartzen, ezta kultur proiektuak ere. Edo egitasmo erraldoiak dira, edo akabo. Washingtonen egon nintzenean, argi ikusi nuen hori. Euskal Herriko asko hara daude begira, eta hango guztia XXL neurrikoa da. Baina hori ez da gure eredua.
Zein izan beharko luke gure ereduak?
Gure herrialdearen neurrira egindako bat. Baina kontrakoa egiten tematu gara. Maila guztiez ari naiz. Trenik azkarrena, AHTa, egiten ari gara, eta natura suntsitzen. Errepide sarea ere, handiena... Oreka bat behar dugu, bestela galduta gaude.
Blanka Gomez de Segura. Buztinlaria
«Ikasten duzuna ez da soilik zuretzat izan behar, inoiz ez; alferrikako lana da bestela»
Euskal Herrian oso zabalduta egon zen ofizioari eusten dio Gomez de Segurak, egunerokoan: buztingintzari. Are gehiago, euskal zeramikari buruzko museo bat jarri zuen martxan duela 23 urte, Ollerietan, jarduera hori ikasi zuen lekuan bertan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu