Komunikazioa. Julen Arregi. Hala Bediko 'Haraba!' irratsaioko esataria

«Ikasleria hausnartzera eta kritiko izatera bultzatu nahiko genuke»

Hazten eta bizitzen ari den webgunea dute Gasteizko kanpuseko ikasleek: 'Haraba.info'. Horrez gain, astelehen arratsaldetan irratsaio bat egiten dute Hala Bedi irrati librean.

BERRIA.
urtzi urkizu
2013ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Bost ikasle dira Haraba! irratsaioko kideak: Eñaut Asurabarrena (Gabiria, Gipuzkoa, 1992), Irati Seijo (Lekeitio, Bizkaia, 1992), Nahia Aboitiz (Lekeitio, 1992), Beñat Azkona (Iruñea, 1989) eta Julen Arregi (Bilbo, 1990).

Gasteizko campuseko proiektu komunikatiboa da Haraba!. Zeintzuk dira proiektuaren ezaugarri nagusiak?

Proiektua duela bi urte inguru sortu zen, hainbat fakultatetako ikasleen artean dagoen komunikazio faltagatik. Hasieran blog bat baino ez zen izan. Haziz joan zen, eta, orain, aukera dugu egunez egun unibertsitatean egiten den lana erakusgarri jartzeko.

Astelehenero 19:00etatik 20:00etara irratsaio bat egiten duzue Hala Bedi irratian. Nolako programa da?

Hala Bedik emandako aukerari esker, saio bat izatea lortu dugu. Unibertsitateko berriak lantzen dira. Bestalde, asteko elkarrizketa normalean hezkuntzari lotua izaten da. Kolaboratzaileak ere baditugu, unibertsitateko eragileekin lotura dutenak. Sexualitatea, natura, ikasle pisuetako errezetak, ikasle mugimendua eta bestelakoak dauzkagu.

Umore pixka bat ere sartzen duzue azterketen kontura, ezta?

Bai. Azterketa garaia ikasleontzat gogorra eta estresagarria da, eta hoberena umore pixka bat jartzea izaten da. Ebaluazio sistema egokia den aztertzea ere ez dago sobera.

Ba al duzue harremanik Euskal Herriko beste campusetako ikasleekin harremanik?

Ez askorik. Hori da etorkizunari begira daukagun proiektuetako bat. Leioako campuseko ikasle mugimenduak web orri bat ireki duela jakin dugu. Aurrerako helburuen artean dago unibertsitateen arteko ekimenen bat egitea.

Bost kide zarete saioan. Euskalki ezberdinak entzuteko aukera ematen du horrek.

Bai, bi Lekeitiokoak dira, beste bat Gabirikoa... Euskal Herriko txoko askotako ikasleak daude unibertsitatean, eta hori ere irratsaioan islatu nahi genuen. Askotariko ikasketetan gabiltza, gainera.

Zer ekarpen egin diezaiekete ikasleek irrati libreei?

Agian, haiek egiten digute guri ekarpen handiagoa, txoko bat eskainita gure berriak helarazteko. Garai batean, bazegoen gazteen inguruko irratsaio bat Hala Bedin. Iruditzen zait interesgarria dela irratian jende gaztea sartzea. Gasteizen unibertsitateak duen balioa ikusita, esango nuke ondo datorrela irratiari ikasle eta gazte ukitu bat ematea.

Laster, Hala Bedin euskara hutsezko irrati bat egiteko bidean dira. Nola ikusten duzu irratiaren etorkizuna?

Hala Bedik 30 urteotan egin duen lana oso esanguratsua. Etengabe haziz doan proiektua da, saio berriekin eta Halabelarri berriekin. Euskara hutsezko irratiaren sorrerarekin are gehiago.

Haraba! proiektuaren webgunean, irratsaioaz gain telebista edukiak ere sareratzen dituzue. Nolakoak dira eduki horiek?

Blog txiki batekin hasi ginen. Txikitasunetik handitasunera handituz goaz. Orain, webgunea dugu; gero, irratiarena etorri zen. Eta webguneari bizitasuna emateko, bideoei garrantzia eman behar geniela erabaki genuen. Gaur egun, letrek gero eta garrantzi txikiagoa dute. Erreportajeak bideoekin egin behar genituela pentsatu genuen, unibertsitateko ekintzak hobeto zabaltzeko.

Zeintzuk dira proiektuaren helburuak etorkizunari begira?

Webgunean bi atal berri sortuko ditugu. Bata ikasgela da, ikaslearen trebakuntzarako materialarekin. Bestea eztabaida gunea da. Horrekin lortu nahi duguna dahausnartzera eta kritiko izatera bultzatzea ikasleak. Eta ondoren, ikasleen mugimendua indartzea eta unibertsitateko borroketan ikasleen parte hartzea lortzea. Proiektua irekia da, eta parte hartzera animatu nahi ditugu ikasle guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.