Ezarian. Imanol Urbieta ikasle ohiekin

Ikasleak, sormen iturri

Imanol Urbieta musikariak ikasleak bihurtzen zituen maiz bere abestietako protagonista. 'Ran Rober Ran', 'Jon Braun' eta 'MacMikel' Eneko Olarra, Jon Ugalde eta Mikel Biain ikasleengatik sortu zituen.

Urbieta musikari eta irakaslearen alboan, ezkerretik eskuinera: Eneko Olarra, Jon Ugalde eta Mikel Biain ikasle ohiak. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Ilargi Agirre.
Zarautz
2013ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Sendagileak ibiltzea debekatua dio Imanol Urbietari, baina jaramonik egin gabe, gurpil aulkitik altxatu eta pausoa ematen hasi da. Hunkidura uneek sortzen dituzten bulkadei aurre egin ezinik, beharbada. Eneko Olarra ikasle ohiari emandako besarkada beroa izan da oso. Aspaldi ikusi gabeko lagun zaharren gisan, begiak bustiak dituzte biek. «Nork esango zuen hemen elkartuko ginenik». Bizpahiru belaunaldirentzat erreferentzia izan diren abestien egilea da Urbieta. Musikari, irakasle eta euskaltzalea; Olarra izan zuen inspirazio iturri Ran Rober Ran abestia asmatzean.

Oso ohikoa izan da ikasleak bere abestietako protagonista bilakatzeko ohitura Urbietarengan. «Gu hilezkorrak bihurtu gara gizon honen ondorioz», dio Mikel Biainek, MacMikel abestiko protagonistak. Jon Ugalde Jon Braun-ek baiezkoa egin dio buruarekin albotik. Urte askoren ondoren bildu dira hiru ikasle ohiak, Urbieta bera eta Kontxi Aizarna, emaztea. Hamarkada batzuk pasata oraindik ere nabaria da haurtzaroan hainbeste eragin zien irakasleari dioten mirespen eta begirunea. Irakasle onek arrastoa uzten dute gerora ere. «Nire bizitzako urterik onenak Imanolekin pasatakoak izan dira zalantzarik gabe», aitortu du Biainek.

Aurrezki Kutxan zuen lan erosoa utzi, eta Zarauzko Ikastolan klaseak ematen hasi zen 60ko hamarkadaren amaieran Urbieta. Frankismo bete-betean, ikasleak eskolatze txartelik gabe ibili ziren hasieran. Hantxe izan zuen irakasle Biainek lau urtez. «Mutil ona zen, baina oso berezia. Indioen eta bakeroen marrazkiak egiten pasatzen zuen eguna», esan du Urbietak. Eta horrela sortu zen MacMikel. «Bakeroen alde egiten nuen nik hasieran, baina gero Imanolek erakutsi zidan indioak zirela txintxoak», kontatu du Biainek. Urbieta kantari hasi da halako batean daukan indar apurra baliatuta, eta gainontzekoek kuadrillan jarraitu diote: «MacMikel, MacMikel, badoa, zaldi pintto baten gainean…». Urteak pasatu diren arren, hitzak ez zaizkie ahaztu; maitasunez ikasitakoak denborari aurre egiten dio.

Frantziskotarrek utzitako lokal batzuetan eta garajetan ematen zituzten klaseak hasiera haietan. Lanak izaten zituzten askotan. Biainen arabera, uholdeak ez zeudenean, arratoiak ateratzen ziren, eta berandu hasten ziren klasean.

Zarauzko Ikastolan lanean jardun eta gero, musika eskola ireki zuen herrian Urbietak. «Ikastolan izandako ikasle asko joan zitzaizkion hara, adin guztietakoak, 500 lagun inguru», azaldu du Aizarnak. Hantxe pasatzen zituen arratsaldeak Jon Ugaldek. Xabier Urbieta, Imanol Urbietaren semea zuen lagun mina, eta euren etxean ere askotan egoten zen. «Hau familiakoa dugu», dio Urbietak. Musika jolasa zen akademian; futbolean, ezkutaketan, gitarra edo txirula jotzen aritzen ziren. «Txikia eta mugitua nintzen ni». Eta hortik sortu zen Jon Braun.

Donostiako Elizbarrutiko Maisutza Eskolan irakasleei klaseak ematera joan zen handik urte batzuetara, eta baita Martuteneko ikastolara ere. Hantxe egin zuen topo Olarrarekin, musika irakasgaia ematen zionean. Olarra lau urteko ikasle isila zen, uzkurra, gelako jardueretan parte hartzea kostatzen zitzaiona. «Zer egin ote diot nik honi batere ez hitz egiteko, galdetzen nion neure buruari», esan du Urbietak. Eguberrietako oporren bueltan, ordea, erregeek zer ekarri zioten galdetu, eta berehala erantzun zion haurrak. «'Traktorea, motorra eta Land Roverra' esan zidan errea gaizki ahoskatuz. Orduan ulertu nuen zergatik hitz egiten zuen gutxi, eta abestia asmatu nion. Omenaldi bat izan zen berarentzat, izugarrizko poza hartu zuen, eta askoz ere gehiago parte hartzen hasi zen».

Oraindik ere motorzalea dela aitortu du Olarrak. Bi haur ditu, eta kanta oso gustuko dutela dio. «Ez al dituzu ekarri?», bota dio Urbietak. Etxarrin (Nafarroa) bizi da, eta emaztea eta haurrak Donostian utzita joan da Zarautzera.

Eguneroko bizipenetatik egiten zituen abestiak, beraz, Urbietak. Haren semeak, Xabierrek, egindako amets batekin sortu zuen beste kanta bat Bart amets egin nuen izenekoa. Baina abestien zerrenda amaiezina da: Behin betiko, Bakarrik eta libre, Alferraren astea, Astoa ikusi nuen, Txoria nintzela, Txiki txiki txikia… Bizpahiru belaunaldiren oroimenean iltzatuta geratu diren kantuak egin ditu, eta ikastetxeetan isiltasuna nagusi zen garaian musika ikasgelara sartzen aitzindaria izan zen Urbieta.

Abesten denbora osoan

Oso ongi dakite hori ikasleek. Kantuan oroitzen dituzte egunak hirurek; kantuan ikasten zituzten ibaien izenak, eta abesten barneratzen zituzten gainontzeko irakasgaien edukiak ere. Andoni Egaña bertsolaria izan zen hasierako ikasleetako bat Zarauzko Ikastolan. Baina Urbietaren lana ez zen amaitzen ikasgelan. Udan ikasleak hartu, eta batetik bestera bidaiatzen zuen Joxe Antonio Azpeitia lankidearekin batera. Biainek makina bat leku ezagutu du: «Arantzazura, Goiatzeko Mikelandegi baserrira, Alfarora, Galiziara, Madrilera, Pirinioetara…». Parisera ere joan ziren behin, eta ikurrina atera zuten, Euskal Herrian oraindik debekatuta zegoenean. Ugaldek Goiatz baserrian egiten zituzten gaubelak gogorarazi ditu: «Bereziak izaten ziren. Suaren inguruan bildu, Imanolek gitarra hartu, eta indioen eta bakeroen istorioak entzuten ederki pasatzen genuen».

Bidaiak musikaren bidez ordaintzen zituzten. Haurrentzat eginiko lehen diskoa Haur kantariak izan zen, eta Bartzelonan grabatu zuten, 1967an. Handik bi urtera hasi ziren herriz herri emanaldiak egiten. «Senideei eta lagunei saltzeko ematen zizkigun. Gainontzekoei hiruzpalau bakarrik egokitzen zitzaizkien, baina niri maleta oso bat ematen zidan», dio Biainek. «Banekien zein zen saltzaile ona», erantzun dio Urbietak. 1979an etorri zen Xirula Mirula, eta 80ko hamarkadan, Xixupika eta Lau katu eta danbor bat izeneko ikasmaterialak. Euskal Herri osoko ia ikastetxe guztietan erabili zituzten. Ia 60 lan ditu kaleratuak: Txalopin txalo —1980—, Haur kantarien birlorak —1988—, Otsoko —1994— eta Urtxintxa proiektuan —1999— parte hartu du Imanol Urbietak. Santillana argitaletxeak ere argitaratu ditu haren zenbait lan. «Gaztelaniazko bertsioa badu Ran Rober Ran abestiak».

Musikarekin batera, kirolari ere garrantzia ematen zioten. Balonastoa asmatu zuen Urbietak. «Legerik gabeko kirola zen. Eskubaloiaren eta errubgiaren arteko zerbait». Aterik eta pistarik ez zutenez, jertseak pilatuz egiten zituzten zutoinak. Horrez gain, 80ko hamarkadan Reala ikustera joaten ziren Atotxara asteburuetan. Ehun txistulari bildu, eta girotu egiten zuten. «Downen sindromea zuen bat zegoen tartean, erritmoa oso ongi markatzen zuela ikusi nuen, eta txistulari banda gidatzen jarri nuen. Jendeak ausardia gehiegi nuela zioen».

Musikak bizi du Urbieta. 79 urte ditu, eta hainbat pasadizo gogorarazteko emaztearen laguntza behar du; baina kantuan hasten da noizbehinka eta abestietako hitzak ongi asko oroitzen ditu. Lan egiteko modu bera izan du bizitza osoan. Haurrak izan ditu maisu, haiei begira ikasi du dakien guztia. «Erraza egin zait umeekin komunikatzea. Begietara begiratu, eta euren barnean sartzeko gaitasuna izan dut. Nire haurrak balira bezala hartu ditut guztiak». Aizarnaren arabera, pedagogoek askotan esaten dute gaur egun irakasleak ikasleen begirada aldatu behar dutela, eta horretan ere, aitzindaria izan da Urbieta.

Bideoa ikusteko BERRIAko webgunera sartu : www.berria.info
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.