Ikasleak, kirioak dantzan

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hainbat ikaslek hasi dituzte jada unibertsitatera sartzeko probak. Urduritasuna da nagusi ia denen artean. Iparraldean hilaren 17an hasiko dira.

Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan lau taldetan sailkatu zituzten ikasleak. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2013ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Gainerako fakultateetan bezala, apunteak eskutan zeuden atzo Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan ere. Kirioak dantzan gehienak, eta biharko eguna iristeko irrikan. Argazki nagusia zera zen: ikasleak azterketari buruz elkarrekin hizketan, eta irakasleak, inguruan. Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako hainbat eta hainbat ikasle atzo hasi eta bihar eguerdira bitarte ari dira egiten unibertsitatera sartzeko hautaprobak. Horietatik 8.820 ikaslek Batxilergoa amaitu berri dute, eta 626k, Lanbide Heziketa. Azterketak bi atal ditu: orokorra —derrigorrezko bost azterketa — eta espezifikoa —borondatezkoa da, eta puntu gehiago lortzeko balio du—.

Gaztelania eta Literaturari zegokiona izan zen lehenengo azterketa. Hura amaituta, irribarrea zen nagusi; ikasleak goizeko lehen orduan baino lasaiago zeudela aise suma zitekeen. Leire Hernandez ikasleak argi eta garbi adierazi zuen: «Espero baino errazagoa izan da».Albaitaritza ikasi gura du, eta Euskal Herritik kanpo egin beharko du hori: «Notaren arabera, Zaragozara edo Leonera (Espainia) joan beharko dut. Gutxienez, bederatziko nota behar dut».

Batzuk zutik zebiltzan, bueltaka, urduritasunari eutsi ezinik, eta beste batzuk, eserita, liburuen orriak pasa eta pasa. Miguel de Unamuno institutuko Teresa Fernandez eta Aitziber Irureta, kasu. «Presio handia da, baina behin azterketara helduta, hainbesterako ez dela ohartu gara», aitortu zuen Iruretak. Lehen azterketa eginda, hobeto sentitzen ziren biak ala biak. Iruretak, gainera, argi du zein ikasketak egingo dituen: «Psikologia ikasi gura dut Bilbon, Deustuko Unibertsitatean». Fernandezek ez du hain argi: «Zalantzan nago Filologia edo Ikus-entzunezkoaren artean».

Atsedenaldian, korridoreak beteta

Lehenengo eta bigarren azterketen arteko atsedenaldia komunera joateko baliatu zuten askok, eta beste hainbat kalera irten ziren: haizea hartzera, zigarreta erretzera... Nahiko lasai zeuden hizketarako. Tartean, askok bazekiten-eta zer den azterketa hori egitea. «Erizaintza ikasten ari naiz, eta medikuntzan sartu nahi dudalako nago hemen», azaldu zuen Jon Ander Jausonek. Ayala Lopez de Argumedo eta Iker Carral, berriz, azterketa zelan egin zuten komentatzen aritu ziren. «Etorri aurretik banekien Gaztelaniakoa gaizki egingo nuela, baina erraza izan da», zioen lehenak. «Denbora aldetik nahiko justu ibili naiz», aitortu zuen bigarrenak.

Korridoreetan zoramena igartzen zen. Filosofiako eta Historiako apunteek zalaparta sortu zuten atsedenaldiaren ondoren, azken errepasoak ez baitziren falta izan. «Orain Historiako azterketa egingo dut. Urduri jarraitzen dut oraindik ere, eta dena ongi amaitzea besterik ez dut nahi», zioen Jorge Hernandez ikasleak. Aldarte hobean zeuden beste batzuk. «Ni lasai etorri naiz goizean, eta hala jarraitzen dut », adierazi zuen Asier Limak. Lasai zegoen haren lagun Iñigo Urizar ere: «Bilboko Deustuko Unibertsitatean Informatika egiteko onartu naute; beraz, baditut lasai egoteko motiboak».

Gaur eta bihar hautaprobekin jarraituko dute EAEko ehunka ikaslek, eta ondoren, udako oporraldiaz gozatzeko aukera izango dute. Ezohiko deialdia uztailaren 3tik 5era egingo da. Ipar Euskal Herrian, berriz, hilaren 17an ekingo diote baxoari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.