ATZEKOZ AURRERA. Asier Suberbiola. Musikaria

«Ikasi dut Iñigo Muguruza artistikoki oso koherentea zela»

Suberbiolak Iñigo Muguruzaren ibilbide musikalaren inguruko lan bat egin du, Muguruzaren izena daraman beka irabazi ostean. Musikari guztientzat egindako lana da, eta interpretaziorako aukera ematen du.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2021eko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Iñigo Muguruzaren eta haren musika ibilbidearen inguruko lan bat egin du Asier Suberbiola musikariak (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1978). Izan ere, Irungo Udalak sortutako Iñigo Muguruza beka eskuratu zuen joan den urrian. Eta, hortik abiatuta, interpretaziorako aukera ematen duen lan bat egin berri du; material didaktikoa sortu du musikarientzat.

Nola jakin zenuen Iñigo Muguruza bekaren berri?

K Bulegoa zerbitzuaren bitartez izan nuen bekaren berri. Eta, nolabait, nire nerabezaroko musikarekin topo egiteko aukera bat izan da, eta batez ere, garai horretan nituen buruhausteei koherentzia bat ematekoa. Beti izaten nuen buruhauste bera: biolin jotzailea izatea ez zitzaidan uztargarria iruditzen parranda egitearekin. Eta beka hau irabazita garatu dudan lanak erakutsi dit baietz: bi mundu horiek bat egin dezaketela, alegia.

Iñigo Muguruzaren zalea zinen lehenago ere?

Sutsua. 12 urte inguru nituenean, anaia zaharragoek Kortatu entzuten zuten. Gerora---, nire kabuz, Delirium Tremens, Negu Gorriak eta Joxe Ripiau entzuten hasi nitzen; hortik zetorkidan harekiko zaletasuna.

Orduan, zuretzako propio eginiko beka bat zen!

Hala iruditu zitzaidan niri ere beka horren berri jaso nuenean. Pentsatu nuen irabaziz gero oso gustura egingo nukeela lana, ikusi nuelako nirekin oso lotuta zegoela eta euskal kulturari ekarpen hori pozarren egingo niokeela. Izan ere, musika herrikoia itzalean gelditu izan da askotan, eta nik merezi duen tokia eman nahi izan nion.

Zeini zuzenduta dago zure lana?

Musikarientzat egindako lan bat da, ez du balioko soilik irakaskuntzarako. Printzipioz, Euskal Herriko udal musika eskola guztietara bidaltzea da asmoa. Horretarako, paperezko bertsioa eta bertsio digitala egiten ari gara. Gainera, modua bilatzen ari gara lana gehiago zabal dadin; Kataluniara, adibidez.

In?igo Muguruza hainbat taldetan ibili zen. Ez zenuen lan erraza izango... Zein izan zen prozesua?

Lehendabiziko bi hilabeteetan, lana testuinguruan kokatu nuen; hau da, Iñigo Muguruzaren musika ezagutzen nuen arren, Interneten haren gaineko informazio sakonagoa eskuratu nuen, eta berehala hasi nintzen Iñigoren gertukoenekin harremanetan jartzen.

Familiakoengana eta taldekide izandakoengana jo nuen: Jabier eta Fermin Muguruzarengana lehenik, eta Iñigoren taldekide izan ziren Kaki Arkarazo, Carlos Zubikoa eta Andoni Basterretxearengana ondoren. Haiei esker jakin nuen nolakoa zen Iñigo Muguruza, eta agertzen ez zuena ezagutu nuen. Ondoren, Badok atariaren bidez haren diskografia guztia entzun, eta bertsioak egiteko abesti egokienak aukeratu nituen. Azkenik, lana garatzeari ekin nion, etorkizunean lan hori irakurriko dutenei inprobisazioa lantzeko aukera zabalduz, betiere.

Lan hori egin bitartean, ikasi al duzu Iñigori buruz ez zenekien zerbait?

Bai. Ikasi dut oso pertsona humanoa zela, eta ez zuela bilatzen berebiziko protagonismorik. Baina, batez ere, ikasi dut artistikoki oso koherentea zela: artista bati zaila egiten zaio publikoak harengandik espero duen estilotik ateratzea, baina Iñigo Muguruza, alde horretatik, oso bestelakoa zen, eta hori miretsi izan diot. Izan ere, barrenak estiloz aldatzeko eskatzen zion momentuan, kasu egiten zion barrenari, eta gustatzen zait koherentzia artistiko hori publikoak espero zuenaren gainetik ipini izana.

Orain, zuk landutakoa irakasgai izango dute datozen belaunaldiek. Zer da hori zuretzat?

Ohorea da. Horixe zen nire helburua hasieratik; Iñigo Muguruzaren musika erabiltzea musika irakasteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.