ATZEKOZ AURRERA. Jon Abril. Elhuyarreko zuzendari nagusia

«Ikasgairik atera gabe pasatzen dugu orria»

Nortasuna Sarean jardunaldian ariko da bihar Abril. Komunikazioaren krisiaz eta krisiaren komunikazioaz mintzo da. Birusak «eraman» dion aitaz ere bai. Datuez harago, sentimenduak mahai gainean jarri beharraz.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Usurbil
2021eko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Ez dago zirimiri zaputzik Jon Abrili (Bera, Nafarroa, 1975) irribarrea zimelduko dionik. Ezta argazkilariak Elhuyarreko egoitzaren kanpoaldean tantapean jarri duenean ere. Ta Puntuk antolatutako Nortasuna Sarean jardunaldian hizlari ariko denetako bat da Elhuyarreko zuzendari nagusia. Online ikusi ahalko da bihar, www.nortasunasarean.eus webgunean, 18:30etik aurrera.

Komunikazioa dago krisian? Ala krisiaren komunikazioa?

Bietatik dagoela esango nuke. Komunikazioa pandemiaren aurretik ere bazegoen krisian. Eraldaketa asko izaten ari da, eta oraindik pultsua guztiz topatu gabe dago. Sare sozialak, digitalizazioa, paperaren krisia, telebistaren iraultza... Kontsumitzeko bideak, eta, beraz, produzitzeko bideak erabat aldatu dira. Oraindik ez dakigu oso ongi zer eredu izango den. Bestalde, krisiak erakutsi digu, hain zuzen, komunikazioaren garrantzia.

Krisietatik ere ikas daiteke.

Aunitz. Eta horretarako balio behar luke. Baina, tamalez, errazegi pasatzen dugu orria, eta aitzinera egin, ikasgairik atera gabe.

Ondorioetako bat izan da zientziaren dibulgazioaren garrantzia?

Bai, eta guk izugarri nabaritu dugu hori. Elhuyarrek ia 50 urte daramatza hori eskatzen, eta inoiz baino ageriagoan gelditu da horren inportantzia. Gu bakarrik ez, eragile aunitz ari dira horretan, eta hori azpimarratzen. Gizarte kritiko eta irizpidedun batek hobeto erantzungo dio horrelako egoera bati.

«Milesker itzultzaile neuronalagatik». Zenbatek esan dizuete?

[Barrez]. Aunitzek, eta nik ere egunero eskerrak ematen dizkiet nire lankideei. Magia iruditzen zait. Bi hizkuntzekin elkarrekin bizi behar dugunontzat sekulako tresna da, eta hurrengo urteetan oraindik jauzi kualitatibo aunitzez ere handiagoak biziko ditugu.

Adimen artifizialak aukera handia ematen du.

Ikaragarria. Eta horretan euskaratik ari gara. Garrantzitsua da Elhuyar bezalako erakundeek ere horretan jardutea. Batez ere, ikuspegi sozial bat emateko. Adimen artifizialaren erabilera ez dadin oinarritu bakarrik datuen esplotazioan edo onura ekonomikoan. Egin dezagun ekarpena gure gizartean, gurea bezalako hizkuntza eta kultura batek izan dezakeen garapenean.

Pandemiak badu alde humanoa ere. Testigantza gogorra izan zen aitaren heriotzarena.

Humanizatu behar baita pandemia. Gertutik tokatu zait. Aita aspalditik zegoen gaixo egoitza batean, eta birusak eraman du. Hamabortz egun hagitz gogor pasatu genituen, jakinda bazihoala, eta ezin bere ondoan egon, eta ezin ukitu. Garrantzitsua iruditu zitzaidan, aukera eman zidatenean, sentimendu horiek azaleratzea. Uste dut ezinbertzekoa dela. Datuak beharrezkoak dira, baina datuetan bakarrik gelditzeko arriskua daukagu. Eta benetan honi neurria hartu eta soluzioak bilatu nahi badizkiogu, sentimenduak ere mahai gainean jarrita izanen da.

Faltan botatzen duzu politika?

Bizimodu bezala, ez [barrez]. Politikarekiko interesa ez dut galdu. Aunitzetan halako galbana moduko bat sartzen zait eta esaten diot neure buruari: «Uf! Orain ez nintzateke sartuko». Bizitakoarekin gustura nago, asko ikasi nuen, baina profesionalki ez dut faltan botatzen.

Non dago Aralar?

Defenditu genituen ideiak eta ildoak presente daude gaur egungo politikagintzan, eta alderdi batek baino gehiagok hartu du handik zerbait. Bide bat urratu genuen bere emaitza eman zuena. Erranen nuke ez dela abantean galdu. Bereziki normalizazio politikoaren bidean eta bakegintzan lortu da zerbait.

Baina kazetaritza bai botatzen duzu faltan.

Gehiago. Baina ez naiz behin ere erabat deskonektatu kazetaritzatik. Segitu dut hainbat hedabidetan kolaboratzen, idazten... Hori beti ateratzen zait modu batera edo bestera: idaztea beti gustatu izan zait, eta papereko kazetaria izan naiz, batez ere. Euskaldunon Egunkaria eta BERRIA eskola ikaragarriak izan ziren; esperientzia zoragarriak izan nituen han.

Tene Mujika beka lortu duen zure proiektua ildo horretan doa?

Hori da. Hamaika lanbide aukeratu ditut, eta hamaika emakumeren ahotsetan jarriko ditut. Eta bertzelako datuekin emanda, haien errealitatea ikusarazi.

Gizon baten begirada feminista?

Bai. Gizon baten eskutik etorriko da. Horretaz kontziente naiz, eta batzuetan kontraesanak sortzen dizkit. Baina, aldi berean, uste dut inportantea dela gizonek ere ikustea historia gizonen ahotsetik kontatu dela eta emakumeei ere ahotsa eman behar zaiela. Ezkutuan egon zirelako, eta ezkutuan egon zirenez, aunitzez pentsatzen dugu ez zirela egon ere egin. Neskatoak dokumentalarekin Euskal Herriko 80 bat herritan ibili naiz han eta hemen, eta aunitzetan sumatu dut jendeak nola duen beharra gure izaera kolektibo hori ikusarazteko, emakumeen ekarpena zeinen inportantea izan den ikusarazteko, eta errateko: «Bai! Izan ginen, eta bagara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.