IK, lehen pertsonan

Sylvie Garaten 'Generation des autonomistes basques' dokumentala emitituko du France 3k larunbatean; Iparretarrak talde armatuaren historia kontatzen du, protagonisten bitartez.

Filipe Bidart Iparretarrak talde armatuaren sortzaileetako bat, filmetik hartu irudi batean. BERRIA.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2014ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Hiru hamarkada joan dira Iparretarrak (IK) talde armatuak egin zuen lehen ekintzatik, Bankako (Baxenabarre) La Rosee osasun zerbitzuko langileen aldeko aldarrikapenen sostengatzeko. Horixe du kontatzen Sylvie Garaten Generation autonomistes basques (Autonomiaren aldeko euskaldunen belaunaldia) dokumentalak. Garat euskalduna da sortzez, eta France 3 katean ari da lanean, azkenaldian Marseillan. Terreur d'État au Pays Basque dokumentala zuzendu zuen 2000n, Arthur Mac Caigkin.

France 3 Frantziako kate publikoak eta 13 Productions elkarteak ekoiztua dute dokumental berria. Larunbatean, France 3ren Akitaniako adarrak emititzekoa du, 15:25ean. Interneten france3.fr/ emission/generation-des-autonomistes-basques helbidean ikusi ahalko da. Eztabaidak lagundu gaualdi berezia antolatzekoa dute ere Baionako Atalante zinema gelan urriaren 14an, 21:00etan. Eztabaida ere izan zen, funtsean, astearte arratseko proiekzio pribatuan, Baionan, filmaren eragile gehienen presentziarekin.

Hortxe, beraz, 52 minutuak. Ekintzak, atxiloketak, bi aldeetako hilak, eskapatzeak, desagertzeak, helburuak, testuinguruak. Kontakizun bat, lehen pertsonan. Barnetik. IK-ko militante ohi Filipe Bidarte, Gabi Mouesca, baita beste IK-ko militante ohi andana bat ere mintzo dira. Horien erreferan, Frantziako goi mailako arduradun zenbait. Pierre Joxe, adibidez, Barne ministro izana François Mitterrand presidente zela. Mitterrandek kanpainan euskal departamendua hitzeman arren, ondotik, haien artean aipatu zuten gaiak ez zirudiela «seriosa». Mintzo da baita Bernard Squarcini ere, barne informazio zentraleko zuzendari izana Nicolas Sarkozy presidente zen garaian. Euskal Herriko gatazka badela aitortu du dokumentalean, eta Madrildik jasotako «elkartasun» eskaerak esplikatu.

Filmaren xedeak esplikatzean, produkzioaren partetik, deus ez dakitenei begira aritu direla azaldu dute egileek. Horregatik dutela aukeratu frantsesez egitea, nahiz eta Garat film zuzendariak, zein protagonista gehienek euskaraz egitea galdegin. «Hautsi-mautsiak onartu behar dira», erranez esplikatu zuen hautua13 Productions elkarteko Gilles Perezek. «Historia beste eskualde batzuei transmititzeko anbizioa genuen». Horregatik ere dutela autonomiaren aldeko ideia hori atxiki izenburuan, hasierako izenburua, Generation IK, Herriak bizi behar du baitzen. Diru laguntzen aldetik, Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusitik eta Akitaniatik laguntzak eskuratu ditu filmak. Marie Christine Aragon kontseilari nagusi sozialista etorri zen ordezkari, hain zuzen, asteartean. Eta filmari sostengua berresteaz gain, bere mintzaldian IKren borroka aitortu zuen, eta nolabaiteko paradoxa sortu. Talde armatua aktibo zen garaian sozialistak ari baitziren Frantzian agintzen. Hori nola ikusten ote duen galdera eginik filmetik ateratzean, Mixel Bergouignan IK-ko militante ohiak hauxe erantzun zuen, irriz karkailaka: «Zer erran nahi duzu? Erosi nahi dutela?». Galdera berari ihardetsiz, hori sozialisten kontraesana dela nabarmendu zuen Filipe Bidartek: «ez da gurea». IK-ko ohien partetik, filma beren mezua pasarazteko balio izan duela gaineratu zuen. Eta egia da emaitza arras IKren alde itzulikatzen dela.

Filma «biziki inportanta» zaiela azpimarratu zuen Bidartek: «Transmisioa egiteko belaunaldi berriei. Erakusteko horra zer gertatu den 30 urtez. Horra zergatik borrokan sartu garen. Horra, gure ustez, zer ekarri duen eta nola ikusten dugun gaurko egoera». Gaur egungo gazteak «nahi dutena eginen badute ere», hori guztia kontutan hartu behar dutela uste du Bidartek: «Biziki inportanta da memorioa atxikitzea. Ez jakitea aitzinetik zer pasatu den, horrek itsutzen du».

Lekuko pasatze lana

Karta guztiak eman behar zaizkiela gazteei zioen Bidartek: «Konprenitzeko iragana. Hobeki uler dezaten gaurko egoera. Argikiago ikusteko nora buruz joan behar den. Orain gure lana da lekukoa pasatzea, herria bizi dadin. Gure helburua beti da herriak bizi behar duela».

Baina, 52 minutuan dena ez dela sartzen, lanaren egilea bera damu zen. Xan Koskarat militante politikoak honela laburbildu zuen: «Hor erran dena garrantzitsua da. Erran ez dena, beharbada, inportantago da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.