Iheslarien errealitatea aurrez aurre

Gari Garaialde eta Javi Julio fotokazetariek ihesean ari direnen errealitatea ikusarazteko erakusketa bat paratu dute Donostiako Bulebarrean; formatu handiko 46 argazkiz dago osatua.

'IHESA ZILEGI BALITZ' ARGAZKI ERAKUSKETA - JAVI JULIO ETA GARI GARAIALDE
Javi Julio eta Gari Garaialde, 'Ihesa zilegi balitz' argazki erakusketan ikus daitezkeen irudietako baten aurrean. BERRIA
Kristina Berasain Tristan.
Donostia
2024ko martxoaren 5a
15:30
Entzun

Kalean. Aurrez aurre. Formatu handiko argazkiak. Donostiako Bulebarrean. Hiri ederraren bihotzean irudi latzak. Parez pare. Ezinbestean topatzen dituzu; hartara, ezinezkoa izango da ez ikusiarena egitea garai hauetako drama handienetako baten inguruan: ihesean doazenen errealitatea. Bidasotik muga zeharkatzen saiatzen direnen egoera ikusaraztea eta kontatzea da asmoa. Azken bost urteetan 25.000 pertsona inguruk zeharkatu dute muga modu klandestinoan. Saiaketa horretan bederatzi lagun hil dira.

Ihesa zilegi balitz argazki erakusketak ez luke existitu behar. Bidasoko muga zeharkatzeko migratzaileek egiten duten ibilbidea erakutsi nahi izan dute Gari Garaialde eta Javi Julio fotokazetariek, eta errealitate hori testuinguruan jarri. Horretarako, U formako sei egitura handitan formatu handiko 46 argazki paratu dituzte. Garaialderen eta Julioren argazkiez gain, beste bi argazkilariren lanak ere ikusgai daude: Mikel Oibar eta Santi Donairerenak. Bidasoan ateratako argazkiak dira, baina baita urrunagokoak ere: Espainia, Grezia, Tunisia, Italia, Mediterraneoa... Argazkiak euskarazko, gaztelaniazko eta frantsesezko testuekin eta mapekin tartekatuta daude, betiere gizaki gisa interpelatzen duten drama batera gerturatzeko asmoz. 

'IHESA ZILEGI BALITZ' ARGAZKI ERAKUSKETA - JAVI JULIO ETA GARI GARAIALDE
Javi Julio eta Gari Garaialde fotokazetariak, hizketan, erakusketako argazkien artean. GOTZON BARANDIARAN / FOKU

«Migratzaileek hona iristeko egiten duten peripezia erakutsi nahi dugu. Dena da bide bat. Askotan, lau edo bost urteko bidaia egiten dute, oztopoz betea. Orokorrean, talde gisa ikusten ditugu migratzaileak, ente baten moduan, baina pertsonak dira: izen-abizenak dituzte, istorio bat, eta hori jarri nahi izan dugu agerian». Garaialderen hitzek ihesean doazen iheslarien errealitateari egiten diote erreferentzia. Ihesi doaz, gerratik, jazarpenetik edo miseriatik, beti norabide berean, hegoaldetik iparraldera, bizimodu hobe baten bila, baina zeharkaldian oztopoak baino ez dituzte aurkitzen: harresiak, hesiak, mugak, kontrolak, miaketak, atxiloketak, deportazioak...

Bidasoa, abiapuntua

Bidasoa da abiapuntua. Hori izan da aitzakia. Frantziak muga militarizatu eta egunero deportatzen ditu muga modu klandestinoan zeharkatzea lortu duten herritarrak. «Bidasoa harresi bat bilakatu da. Milaka pertsona igarotzen dira hemendik Europarantz». Garaialdek hausnarketa ariketa bat egin nahi du: «Ez da urruneko errealitate bat. Gure garaiko tragedia handienetako bat da, baina nahiago dugu beste alde batera begiratu; horregatik uste dugu gizarteak interpelatuta sentitu behar duela».

'IHESA ZILEGI BALITZ' ARGAZKI ERAKUSKETA
'Ihesa zilegi balitz' argazki erakusketan ikus daitekeen argazkietako bat. 'Aita Mari' ontziaren lehen erreskate operazioan ateratako irudia da. JAVI JULIO

Javi Juliok kritika zorrotza egin du: «Giza eskubideen urraketa etengabea da migrazio ibilbideetan. Politika krudelak eta ankerrak ezartzen dira, eta hori kalera atera nahi genuen, aurrez aurre ikus dadin errealitate hori, gorrotoaren diskurtsoak isilarazteko itxaropenarekin. Azken batean, gu bezalako pertsonak dira, bizimodu baten bila abiatzen direnak». Tunisian hilotzak arrantzatzen dituen gizonaren argazkia aipatu du: «Hondartzara iristen diren migratzaileen gorpuak dira. Jada ez du arrainik arrantzatzen».

Aita Mari-k egindako lehen erreskate operazioko argazkiak ere badaude tartean. Javi Juliok 2019ko azaroan atera zituen irudi horiek. Sei egunez egon ziren porturatzeko baimenaren zain. 

Garaialdek Bidasoko muga menditik zeharkatu zuten migratzaileen argazkiari erreparatu dio: «Haiekin egin nuen bidea, sasiz eta iratzez betetako bidea. Latza izan zen. Oumar akituta zegoen, baina aurrera egiteko eskatu zioten bidea berekin egiten ari zirenek. Aden, Abdeoulaye eta Ibrahima».

'IHESA ZILEGI BALITZ' ARGAZKI ERAKUSKETA
'Ihesa zilegi balitz' argazki erakusketan ikus daitezkeen argazkietako bat. Bidasoa menditik zeharkatu zuen iheslari talde bat ikusten da. GARI GARAIALDE

Harresiak

Harresien bidez irudikatu dute drama, olana bakoitza horma bat balitz bezala. Berlingo Harresia erori zenean hamabost harresi zeuden mundu osoan. Egun, ia bost aldiz gehiago dira. Argazkiek laguntzen duten testuetan irakur daitezkeen datuetako bat da hori. Azken egitura berezia da. Saharaz hegoaldeko lau pertsonaren odisea kontatzen da, jatorrizko herrialdeetatik kontinente zaharrera etortzeko egin duten milaka kilometroko ibilbidea, alegia.

Erakusketari izenburua ematen dion poema irakur daiteke bukaeran: Xabier Leteren Ihesa zilegi balitz. Argazkilarien hitzetan, ihes egitea zilegi balitz, ez litzateke gertatuko gaur egungo egoera: «Inork ez du merezi hiltzea bizitza hobe baten bila abiatzeagatik». Bi argazkilarien eskutik bisitatu ahalko da erakusketa. Horretarako, www.ihesazilegibalitz.eus atarian eman daiteke izena. Ondoren, Euskal Herriko hainbat txokotara eramango dute. Mikel Laboak musikatu zuen poema ezagun hura buruan, argazki itzel horiek begi bistan, horixe da ondorioa; ihesa zilegi balitz, erakusketa ez zen existituko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.