ATZEKOZ AURRERA

Ihesaldia prest dute presoek

Sei eguneko etxeko espetxe zigorra Katakrak kultur gunean betetzen ari dira Sergio Salinas, Julio Villanueva eta Jorge Correa. Azken eguna dute gaurkoa, eta Alkatakraz kartzelatik irteteko ihesaldia egingo dute gauerdian.

Lohizune Amatria.
Iruñea
2015eko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Zigor ziegan esnatu dira gaur ere Julio Villanueva, Sergio Salinas eta Jorge Correa Boro; Alkatakraz kartzelan. Seigarren eguna dute gaurkoa, azkenekoa. Euskal Jai gaztetxearen okupazioaren 20. urteurrenean pintaketak egiteagatik, sei eguneko etxeko espetxealdira zigortu dituzte. Eta leku berezia aukeratu dute zigorra betetzeko: Iruñeko Katakrak kultur gunea.

Jantzi marradunak soinean eta oinei lotuta girgiluak dituztela, Katakraken bezeroen artean eman dute astea presoek. «Normalean halako zigorrak nork bere etxean betetzen ditu. Guk, aldiz, zigor politiko bat dela ikusarazi nahi izan dugu», azaldu du Villanuevak. Alkatakraz espetxe gisa izendatu dute Katakrak gunea; eta, espetxealdia iraun bitartean, okupazioa eta desobedientzia gaiak lantzeko ekitaldi andana antolatu dute. «Azkeneko larrialdi errepresiboari aurre egin behar diogu. Orain arte gauzak oso oker zeuden, baina hemendik aurrera are larriagoa izango da». Desobedientzia oso tresna baliagarria da, presoen ustez, errepresioari aurre egiteko.

Bizikleta bidezko ginkana egingo dute, gaur 11:30ean, Iruñeko kaleetan. Ondoren, sari banaketa egingo dute, eta jatekoa ere izango da Alkatakraz espetxean. Orain arte, hitzaldiak eta bideo emanaldiak egin dituzte. Atzo, berriz, A ambos lados del muro antzezlana izan zuten; eta aretoa prestatzen pasatu zuten presoek goiz guztia. Detritus margolariaren erakusketa ere ezarri dute goiko aretoan; astelehenera arte izango da ikusgai.

Gauerdian izango da, baina,gaurko ekitaldi nagusia: Alkatakrazko ihesaldia. Kartzelatik nola ihes egin asmatzen ibili dira presoak azken egunotan, eta nondik egingo duten badakite jada. «Kartzelak dituen zoko guztiak ezagutzen ditugu, ihesaldia ikusgarria izango da», aurreratu du Villanuevak irri artean. Umorea baliatuz lortuko dute askatasuna presoek.

Jende askoren babesa jaso dute aste honetan zigortuek, eta pozik daude horregatik. Hala ere, bada haiek ikusi, eta zertan diren ulertu ez duenik ere: «Jendea sartzen delarik pentsatzen du inauterietan gaudela». Janzkerak atentzioa eman die bezeroei. Eta egunak igaro eta mozorroturik jarraitzen dutela ikusita, galdetzera animatu dira zenbait: «Askok ez dakite zer den etxeko espetxealdia, baina azaldu egin diegu», dio Villanuevak. Iruñeko udaltzainen bisita ere jaso dute egunero, goizez eta arratsaldez.

Oasia, basamortuan

Iazko maiatzean izan zen Euskal Jai gaztetxearen okupazioaren hogeigarren urteurrena, eta ospatzeko egun berezia prestatu zuten iruindarrek. «Ospakizuna iragartzeko kanpaina bat antolatu genuen», azaldu du Villanuevak. Txantiloiak erabilita, Maia, Maia queremos playa! (Maia, Maia hondartza nahi dugu!) mezua idatzi zuten Iruñeko horma zenbaitetan. «Islatu nahi genuen guretzako Euskal Jai oasi bat zela, Iruñeko basamortu kultural eta politikoan». Pintaketa hura egiten harrapatu zituzten Villanueva, Salinas eta Correa; eta sei eguneko etxeko espetxealdira eta 624 euroko isuna ordaintzera zigortu dituzte.

Sei egunez izan dira presoak kartzelan, eta ez dute aspertzeko astirik izan. «Liburu artean pasatu ditugu egunak; baina ez dugu denborarik izan bat bera ere hartzeko». Gaur ere, ez dute libururik hartuko; ez bada, behintzat, ihesaldirako behar dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.