Bat-batean, igogailuak zarata handia atera du. Ainhoak ez daki zer gertatzen ari den... Igogailu batean harrapatuta geldituko da, eta igogailu barneko interfonoaren bidez arreta ematen duen pertsonarekin hitz egiten hasiko da. Abiapuntu horrekin, Hiru Damatxo ekoiztetxeak Igogailua fikziozko podcast-a sortu du, AEKren enkarguz. Lehen atala gaur estreinatuko dute AEKren webgunean; Helios del Santo komunikazio arduradunak iragarri duenez, Twitter, Facebook eta Instagram sare sozialen bidez zabalduko dute. «Horiez gain, Whatsapp, Telegram eta posta elektronikoa ere baliatuko ditugu». Bost atal izango ditu irrati-nobela laburrak. Hurrengo lau atalak hilaren 29an, ekainaren 4an, 6an eta 12an jarriko dituzte entzungai.
Del Santok esan du balioa eman nahi dietela euskaltegietan euskaraz ikasten ari diren herritarrei. «Euskara ikasleek goza dezaten nahi dugulako sortu dugu Igogailua. Bereziki euskara ikasleentzat sortu dugu fikziozko saila, baina edonork entzun dezakeen euskarazko produktu bat da. Edonola ere, euskaltegietarako baliabide bat izan daitekeela uste dugu, ikasgeletan ere entzuteko eta lantzeko». Euskarazko aisialdian ekarpen bat egin nahi dutela ere nabarmendu du AEK-ko komunikazio arduradunak.
Duela bi urte, 20. Korrikako bideoklipa eta dokumental bat egin zituen Hiru Damatxo enpresak AEKrentzat. Orain berriro jarri dira elkarlanean Hiru Damatxo eta AEK.
Kepa Matxain Hiru Damatxoko kide eta Igogailua-ren gidoilariak uste du igogailu batean girotutako «istorio sinple batek» AEK-k behar zituen baldintzei ondo erantzun ziezaiokeela. «Fisioterapeutara doan emakume bat igogailuan harrapatuta geldituko da. Hasiera batean zoritxarreko gertakari bat izan zitekeena ez dela dirudiena ikusiko du handik gutxira», kontatu du Matxainek. «Kontua korapilatuz joango da, baina ezin dugu askoz gehiago iragarri».
Soilik bi ahots entzuten dira Igogailua-n: Nerea Arriola (Gutuberrak) eta Nerea Aranburu (Atzean Zuloa) aktoreenak.
Matxaini iruditzen zaio azkenaldian podcast-ak indarra hartzen ari direla. «Badakit podcast berriak sortzeko proiektuak badaudela. Kasu honetan, esango nuke irrati-nobela tradizio luzeko formatua dela, podcast-en modez harago». Duela bi urte Info7rako beste irrati-nobela labur bat sortu zuen Matxainek. «Ezin da berdin idatzi istorio bat literaturarako, telebistarako edo irratirako. Irratikoan irudirik ez dagoenez, elkarrizketek asko baldintzatzen dute». Igogailua-n narratzailea kendu egin dute, «bizitasuna» emateko. «Protagonisten soinuekin, efektuekin, giroko soinuekin eta elkarrizketekin ulertu behar da istorioa. Narratzailerik ez egoteak esan nahi du protagonistek gauza asko esan behar dituztela».