Donostiak itsasoarekin duen lotura ekitaldi askoren bidez ikusten da Aste Nagusian; zalantzarik gabe, horien artean garrantzitsuenetakoa Pasealeku Berriko igeriketa lehiaketa izan ohi da. Fortuna Kirol Elkarteak antolatzen duen lehiaketak 56. aldia izan du aurten, eta atzo goizean jokatu zuten.
Zoritxarrez, ordea, antolatzaileek lehiaketaren ibilbidea moldatu egin behar izan zuten. Normalean, ibilbidea Zurriola hondartzan hasten dute, eta Pasealeku Berritik barrena Kontxako badiara iristen dira, La Perla parean amaitzeko. Atzo goizean, ordea, Zurriola parean itsaso txarra zegoela ikusita, proba bera badian egitea erabaki zuten: «Azken orduan itsasoa oso zakar jarri dela ikusi dugu. Garrantzitsuena parte hartzaile bakoitzaren segurtasuna bermatzea izanik, ibilbidea aldatzea erabaki dugu», esan zuen Daniel Soliño koordinatzaileak.
Hala, beraz, parte hartzaileek Kontxako badiari bira osoa eman behar izan zioten: lehenik, hondartzatik kaira joan behar izan zuten, eta ondoren, Santa Klara uhartera; handik, Ondarretako tenis pistaren parera joan behar izan zuten, eta, azkenik, Kontxara, hasierako lekura, iristeko. Modu horretan, guztira ia hiru kilometroko ibilbidea osatu zuten. 12:00 aldera aurreikusia zegoen lasterketaren hasiera, baina azkenean ordu erdi geroago hasi zen, balizak ibilbide berrian jarri behar izan zituztelako.
Atzerapenak atzerapen, giro ona zegoen Kontxako badian. Proba aurreko minutuetan, igerilari asko euren familiarteko zein lagunekin hizketan ari ez baziren, berotze ariketak egiten zebiltzan. Gorka Moreno Plentziatik (Bizkaia) joan zen lehiaketara, eta ibilbidea aldatu zelako «pena» hartu bazuen ere, erabakia ulertzen zuela esan zuen: «Pena litzateke lehiaketa bertan behera utzi izan balute. Zirkuitu hau ez da bestea bezalakoa, baina gutxienez igeri egin ahal izango dugu». Ainhoa Azurmendik, berriz, kasu hauetan «ordezko planak» egon behar dutela azpimarratu zuen, eta lehiaketan parte hartzen zuen lehen aldia zuela esan zuen: «Orain arte igerilekuetan egin dut igeri, baina aurten lehiaketan parte hartzera animatu naiz». Onintza Iruretari, berriz, ez zitzaion iruditu itsasoaren egoera ibilbidea aldatzeko adinakoa zenik, baina ulertzen zituen antolatzaileek emandako arrazoiak: «Erabakiak eurek hartu behar dituzte. Ez da ahaztu behar itsasoa arriskutsua dela».
Estatubatuarrak nagusi
Guztira ia 600 igerilarik hartu zuten parte lehiaketan. Lehenik, gizonezkoak abiatu ziren, etahandik gutxira hasi ziren emakumeak. Aitor Burgoa koordinatzailearen esanetan, «segurtasunagatik» hartu zuten erabaki hori: «Kai ingurura 600 pertsona batera iristea arriskutsua izan zitekeela iruditu zaigu, eta pilaketak saihesteko hartu dugu erabakia».
Ameriketako Estatu Batuetako igerilariak izan ziren lehiaketako protagonistak; izan ere, gizonezkoen mailan, Benjamin Kanute Chicagokoa izan baitzen lehena 34 minutu eta 23 segundoko denborarekin. Zazpi segundora iritsi zen bigarrena, Hunter Lussi washingtondarra. Kanuteren arabera, «zirkuitua polita» zen, eta, amaierarako nekatu egin bazen ere, «eroso» joan zen. Lussik, berriz, «pena» hartu zuen ibilbidea aldatu zelako, baina hala ere zirkuitu polita izan zela onartu zuen. Hirugarren sailkatua Pablo Etxeberria azpeitiarra izan zen, 34 minutu eta 37 segundora: «Gustura nago egindako lanarekin, nahiz eta bi estatubatuarrek alde pixka bat atera didaten».
Emakumezkoen artean, berriz, Irati Mendia izan zen helmugaratzen lehena, 35 minutu eta 54 segundora: «Mutilak aurreratzen nituela ikusteak motibazio handia eman dit». Horrez gain, horrelako probak igeriketa mundua sustatzeko «garrantzitsuak» zirela ere esan zuen. Bigarren sailkatu zen Jones Erin estatubatuarra, 37 minutu eta 42 segundora; «ibilbidea gogorra» izan arren, gustura ibili zela esan zuen. Hirugarren sailkatua Nerea Egia donostiarra izan zen, 39 minutu eta 20 segundorekin, eta lehiaketaren hazkundea azpimarratu zuen: «Duela gutxira arte 200 lagunek hartzen genuen parte, eta aurten, adibidez, parte hartzaileen kopurua hirukoiztu egin da».
Ibilbide aldaketak sortutako arazoak alde batera utzita, antolatzaileek igerialdiaren balorazio ona egin zuten: «Ibilbidea aldatu egin badugu ere, jendearen erantzuna ona izan da», esan zuen Burgoak. Maila oneko lehiaketa izan zela ere azpimarratu zuen: «Bereziki deigarria iruditu zaigu parte hartzaile estatubatuarrek emandako maila».
Donostiako Aste Nagusia
Igerian zeharkatutako badia
Itsasoaren egoeragatik, Kontxako Badian egin dute Pasealeku Berriko 56. igerialdia. Parte hartzaileek badiari bira eman behar izan diote. Gizonezkoetan, Benjamin Kanute estatubatuarrak irabazi du; eta emakumezkoetan, berriz, Irati Mendia donostiarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu