ATZEKOZ AURRERA

Igerian, uraren hezurduran

Urumea ibaia barrutik ezagutzeko aukera izan dute hainbat lagunek Haritzalde Naturzaleen Elkarteak eta Erribertxo Kultur Elkarteak Donostian txalupaz egindako bisita gidatuetan.

Txalupaz egin zituzten bisita gidatuak Urumea ibaiaren ibilguan, Mundaitzeko portutik abiatuta. GORKA RUBIO / FOKU.
Izaro Zinkunegi Barandiaran.
Donostia
2018ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Ibaia ez da ura bakarrik, askoz gehiago da: haren ertzak, ingurua, maldak eta gainerakoa ere ibaia da», esan du Xabier Rubio Haritzalde Naturzaleen Elkarteko biologoak. Urumea ibaian barrena dabil, Aitona Julian ontzian. Azalpenak ematen ari da, mikrofonoa eskuan; adi-adi daude ontziko dozenaka lagunak. Gora eta behera ibili zen atzo txalupa; ibaia barrutik ezagutzeko aukera izan zuten han ibili zirenek.

Bare dago Urumea; piraguaren batek ebakitzen du tarteka kolore berdedun ura. Jende ugari bildu da Kristina Enea parkeko sarrerara, Mikel Laboa pasabidearen ondora. Mundaitzeko portutxoan dagoen egurrezko ontzi txikira sartzeko zain daude. Han dago Unai Urkiola: «Erriberakoak gara; gertukoa dugu Urumea».Bat dator Arrate Landa ere: «Lasaitasuna esan nahi du guretzat Urumeak». Seme-alabekin etorri dira, ibaia ezagutzeko asmoz, Haritzaldek eta Erribertxo Kultur Elkarteak antolatutako bisita gidatura.

Kezka ibaiaren etorkizunaz

Jendea eseri bezain laster abiatu da txalupa ibilguan goraka. Landareak dira nagusi ibaiaren ezkerraldean; milazkak eta lezkak, besteak beste. Eskuinean, ostera, harrizko horma bat dago; paseatzen dabil jendea haren gainean. «1996an eraiki zuten harresi hori», azaldu du Rubiok; gogoratu du horren ondorioz padura desagertu egin zela.

Animaliak ere badabiltza inguruan; ubarroiak, basahateak, kulixkak... Liztor beltzaren habiak ere badaude zuhaitzetako adarretatik zintzilik. Bista zorrotzena dutenek bizkar urdinxka eta papar gorrizta dituen hegazti txiki bat ikusi dute: «Martin arrantzalea da hori», esan die Rubiok.

Loiola auzora iristen ari da txalupa; Latsarien plaza ikusten da handik. «Ibaia hiriaren bizkarrezurra izan zen», esan du Rubiok. Azaldu duenez, ogibide ugari omen zeuden garai batean Urumean; tartean, latsariena: «Nobleziaren maindireak garbitzen zituzten hemen».

Bizkarrezurra izateari utzi, eta «estolderia» bilakatu da ibaia, Rubioren iritziz. Horri lotuta, kezka azaldu du Txominenean egingo duten ibai parkearen inguruan: «Inork ez daki zer izango den». Haurrei mintzatu zaie gero: «Gustuko al dituzue gozokiak?», baietz erantzun diote haiek, aho batez. Gozokien zorroak eta bilgarriak dagokien ontzira bota behar direla esan die orduan, ibaiaren ertzeko zorroak seinalatuz.

Inguruko baserriei, errotei eta zubiei buruzko azalpenak ere eman ditu biologoak bisitan. Ordubeteren buruan iritsi da txalupa abiapuntura, eta pozik jaitsi dira Elur Ordoñez eta haren lagunak; «ahate arrak eta emeak bereizten ikasi dugu, kolorearen arabera», azaldu du mutikoak. Batzuk jaitsi orduko igo da hurrengo taldea ontzira, ibaiaren bizkarrezurra ezagutzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.