Idokik Eguberrietako lehen azoka antolatu du gaurko, Saran

Etxe ekoizleen eta artelan egileen produktuak erosteko aukera izango da Sarako kiroldegian

Adrian Garcia.
2012ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Udan izan ohi da Idoki Euskal Herriko Etxe Ekoizleen Elkarteak antolatzen duen azoka nagusia, Ezpeletan (Lapurdi). Badira hamalau urte feria hori antolatzen dutela, etxeko produktuei balioa emateko helburuarekin. Aurten, lehenengo aldiz antolatu dute neguko azoka, gaurko. Azokaren bidez tokiko jendeari zuzentzeko asmoa du elkarteak. Saran (Lapurdi) izango da azoka, herriko kiroldegian. 30 erakusmahai inguru bilduko dira, 10:00etatik 18:00etara bitartean.

Eguberrietako otorduetarako jakiak erosteko aukera baliatu ahal izango du azokara biltzen denak. Sagardoa, Ezpeletako piperrak, fruituak, barazkiak, esnekiak, gazta, eztia eta beste hainbat produktu natural izango dira salgai. Denak etxekoak.

Horiekin batera tokiko arte langileak egongo dira, eta haiek eskuz eginiko lanak ikusi eta erosi ahalko dira; aproposa Gabonetako opariren bat erosi nahi duenarentzat.

Etxe ekoizle eta artelan egileen ezagutza zabaltzea eta, bidez batez, egun-pasa goxo bat antolatzea da azokaren helburua, antolatzaileek azaldu dutenez. Horretarako, hainbat animazio aurreikusi dituzte, eguna alai dezaten. Pantxix eta Marie Bidarten kantaldia izango da, besteak beste. Familia guztiak elkarrekin igarotzeko eguna proposatu du Idokik, eta gaztetxoentzako hainbat ekitaldi prestatu dituzte. Euren txoko berezia izango dute haurrek, eta Xiba jokoaren eta asto ibilaldiaren gisako ekitaldiak antolatuko dituzte. Bestalde, azoka ikusi bitartean egongo da mokadutxoren bat ahora eramateko aukera: talo postuak izango dira erakusmahaiekin batera.

Hogei urte ekoizle txikien alde

Orain dela hogei urte eratu zuten Idoki, tokiko ekoizle txikien ekoizpena bururaino eraman eta irabaziak lurraldean atxikitzeko xedez. Horrela, tokiko jendeari kalitatezko janaria prezio onargarrietan eskaintzen diote. Ipar Euskal Herriko 250 etxe ekoizle elkartzen ditu, eta horien artean 95 Idoki jatorri izenean sartuta daude. Hamazazpi ekoizpen mota proposatzen dituzte, lurralde osoan ekoizpen aniztasuna bermatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.