Ez zuten imajinatuko. 1987a urrun dago jadanik, baina denborak aurrera egin ahala, ikusi dute loratzen garai hartan ereindako hazia. Izan ere, Idiazabal sor-marka eratu zuten gaztagileak zorioneko daude.
Apustua ongi atera zaiela nabarmentzen ari da azken urteetan. Atzo beste pauso bat eman zuten bide horretan: lankidetza akordio bat sinatu dute Eroskik eta Idiazabal sor-markako Kontseilu Arautzaileak. Akordioarekin, aukera izango dute Idiazabal gazta saldu eta, bide batez, ahalik eta gehien sustatzeko.
Ardi latxaren eta Karrantzako ardiaren esnearekin egiten da Idiazabal gazta, eta urte luzeetan landutako ohitura bati jarraituz egiten dute: «Eskuz egindako gazta da, euskal ardi esnearekin eginikoa, eta eskuz eginda dagoelako da berezia», dio Pablo Basterra Artzain Gaztako presidenteak. Gaur egun 400 bat etxaldek eta 123 gaztandegik osatzen duteIdiazabal sor-marka, eta orain arte inoiz eman ez duten pausoa eman dute: Kontseilu Arautzaileak akordio bat egin du banatzaile batekin, lehen aldiz.
Atzo aurkeztu zuten hitzarmena, Leioako Artea hipermerkatuan. Bertan izan ziren, besteak beste, Jose Maria Ustarroz Kontseilu Arautzailearen presidentea eta Asuncion Bastida Eroskiren zuzendari komertzialaren laguntzailea. Bastidak azaldu zuen zein den hitzarmenaren helburu nagusia: «Konpromisoa hartzen dugu Idiazabal sor-markako kalitatea ikusgarri egiteko». Horretarako, Eroskik dastatzeak, eskaintzak eta ekitaldiak antolatuko ditu, «kontsumitzaileari produktu horiek balioesten irakasteko».
Ekoizpenaren %10
Iaz, Idiazabal sor-markako 1.000 tona baino gehiago ekoitzi zituzten, eta aurten ekoizpen hori %20 haztea aurreikusi dute. Aurreikuspen horiek Arantxa Tapia Industria sailburuak egin zituen, joan den igandean, Idiazabalen (Gipuzkoa) ospatutako Gazta Egunean.
Idiazabaletik gertu, Ordizian, bertako azokak erakus dezake Idiazabalgo gaztak daukan arrakasta. Hedabideek irudi berbera erakusten dute urtero: urteko gazta txapelduna erosteko lehian milaka euro gastatzen dituzten erosleak. Iaz, Catalana Occidente aseguru etxeak eraman zuen gazta txapelduna. 7.400 euro ordaindu zituen harengatik.
Idiazabal gaztagileetako askok Artzain Gazta zigiluaren babespean egiten dute lan, eta produktu hori merkaturatuko du Eroskik Seleqtia markaren bitartez. Hala ere, hitzarmenasinatu aurretik, Eroskik nabarmendu du apustu garrantzitsua egin duela. «Iaz, esaterako, Eroskik bi milioi euro baino gehiago gastatu zituen Idiazabal sor-markako gaztak erosiz, ekoizpen bolumen osoaren %10 inguru», azaldu dute.
Jose Maria Ustarroz Kontseilu Arautzailearen zuzendariaren aburuz, atzo martxan jarritako lankidetza onuragarria izango da bi aldeentzat. «Izan ere, Idiazabal markako gaztak Eroskiren saltokietan sustatuta eta salduta, ezagutarazi egingo ditugu produktuen ezaugarriak».
Hitzarmen horrekin, Eroskik eta Idiazabal sor-markak batera handitzeko abagunea izango dute.Ongi ondutako gazta izan ohi da Idiazabalgoa, gutxienez ere 60 egunez egon behar baita ontzen. Beren aldetik, ekoizleek ere erakutsi dute badakitela ongi ondutako akordioak lortzen.
Idiazabal marka zabaltzeko
Idiazabal sor markaren ekoizpen osoaren %10 merkaturatzen du Eroskik, eta bi aldeak horretaz baliatuko dira Idiazabal gaztaren irudia sustatu eta garatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu