Komunikazioa. Xabier Letona. 'Argia' astekariko zuzendaria

«Ideia eta indar berriak behar dira; horrek on egingo digu guztioi»

Irailean zuzendari kargua utziko du, baina kazetari gisa jarraituko du Letonak 'Argia'-n. Azken hamabi urteetan gidatu du astekaria.

Adrian Garcia.
2013ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Irailean Argia-ko zuzendaria izateari utziko dio Xabier Letonak (Arrasate, Gipuzkoa, 1966). Aldizkariaren azken zenbakian argitaratutako gutunean eman zuen erabakiaren berri. 2002. urtetik da astekariko zuzendaria, eta kargua uztea erabaki du, proiektuari on egingo diola iritzita. «Haize berriak ezinbestekoak dira goi mailako karguetan. Indar berriak eta ideia berriak behar dira». Estitxu Eizagirre oraingo erredaktore buruak hartuko dio lekukoa irailean.

Zergatik erabaki duzu Argia-ko zuzendaritza uztea?

Ia hamabi urte egin ditut zuzendari, eta kargu horretan egoteko denbora nahikoa dela iruditzen zait. Pentsatzen dut halako goi karguek mugimendu bat behar dutela. Ideia eta indar berriak behar dira, eta horrek on egingo digu guztioi. Alde horretatik, beste jende batek haize eta ideia berriak ekarriko ditu. Gainera, jende gaztea bultzaka ari da Argia-n, indartsu. Jende horri kudeaketarako ateak ireki behar zaizkio. Nik ere ekarpenak egingo ditut, baina beste ikuspegi batetik. Jende berriari uzten badiozu ekarpenak lehen lerrotik egiten, eta zuk zureekin jarraitzen baduzu, aberastasun handia sor daiteke.

Proiektua zuk zuzendaritza hartu zenuenean baino sendoago dagoela azaldu duzu Argia-n kaleratutako gutunean.

Horrela iruditzen zait, eta Argia osoan ikuspegi hori daukagula esan daiteke. Urte hauetan ahalegin handia egin dugu Interneten, paperean, taldea sendotzen... Zerbait ondo dagoenean uztea plazerik handiena da. Itsasontzi horretan jarraituko dut, baina beste leku batean.

1919an hasitako proiektua zure zuzendaritzapean amaituko ote zen beldur zinela diozu gutunean. Noiz uxatu zitzaizkizun beldur horiek?

Inork ez zidan azaldu zuzendariak zer egin behar zuen, eta bat- batean hartu behar izan nuen kargua. Apurka-apurka joan nintzen ulertzen zer den zuzendari izatea. Beldur handia duzu hasieran, ezjakintasun horrek proiektuari zer ekarriko dion ez dakizulako. Ilusioak eta lanak berehala uxatzen dute beldur hori.

Interneterako jauzia kudeatzea egokitu zaizu.

Egia esan, jauzi garrantzitsuena egina zegoen. 1997an hasi ginen Interneten, eta Ttipi-Ttapa-rekin batera, jauzi hori egiten lehen euskarazko hedabidea izan ginen. Hori izan zen erabaki garrantzitsuena. Garai haietan papereko hedabideetan Interneten sartzeko sekulako erresistentzia zegoen. 2002an iritsi nintzenean, eduki guztiak sarean zeuden. Gaur egungoarekin alderatuz, gauza gutxi ziren. Niri egokitu zaidana da talde hori antolatzea, egunerokotasunean indar handiagoa jartzea, eta multimediarako jauzia egitea. 2006an hasi ginen bideoak egiten, eta azkenean, hainbat saio egin ditugu. Sare sozialetarako jauzia antolatzea ere tokatu zait.

Argia-ko Interneteko edukiek arrakasta dute, amaitu berri den Beranduegi saioak, esaterako.

Gure taldean Internet asko maite duen jendea dago, eta nik horien lana errespetatu dut. Argia proiektua paperetik dator, astekari batetik. Halako batean, Interneti esker egunerokoa jorra dezakezula ikusten duzu. Hori aski ez, eta bideoak jar ditzakezula ere ikusten duzu. Bideo asko jartzean konturatzen zara akaso telebista saio bat egin dezakezula. Saioa egiten duzu, eta azkenerako konturatzen zara telebista egiten ari zarela. Asteroko idatzizko komunikazioa eguneroko era guztietako multimedia komunikazioa bilakatu da.

Argia astekari bat izanik, errazagoa al zaizue papera eta Interneten arteko osagarritasuna aurkitzea?

Nire ustez, hori da daukagun abantailetako bat. Papereanez daukagu egunerokoarihainbeste begiratu beharrik, Internet baitugu horretarako. Oso ibilbide luzea dugu paperean, eta eremu hori hobeto kontrolatzen dugu. Hainbeste kontrolatzen ez duguna, ordea, egunerokoa da, baliabide aldetik sekulako ahalegina eskatzen baitu. Hala ere, geroz eta indar handiagoz heltzen ari gatzaizkio. Sarean hainbeste informazio dago, jada lan garrantzitsuena ez da berria sortzea, dagoen horretan guztian arakatzea eta irakurleari zerbait eskaintzea baizik. Bide baten bila ari gara, pentsatzen dut denok bezala, eta oraingoz gustura gaude egindakoarekin.

Kazetari gisa jarraituko duzu aurrerantzean. Faltan sumatzen al zenuen kazetaritza lan hori?

Kazetaritza lan asko egin ditut hamabi urte hauetan, baina egunerokoan kudeaketa lanetan ibili naiz. Horrek berregokitze lan bat eskatuko dit. Kazetaritza asko gustatzen zait, eta kemen guztia jarriko dut lan horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.