Telesailak

Idaztearen pasioa eta ikara

Apple TV Plus plataformak 'Lisey's Story' telesaila estreinatu du. Stephen Kingek idatzi du, eta Pablo Larrainek zuzendu. Thrillerrak zortzi atal ditu.

LISEY'S STORY.
Mikel Yarza Artola.
2021eko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Duela 15 urte, 2006an plazaratu zuen Stephen Kingek Lisey's Story eleberria. Ordurako, mende erdi zeraman beldurrezko generoaren maisuak fikziozko literatur lanak argitaratzen. Kingentzat, ordea, Liseyren istorioa da bere ibilbide osoko kuttunena. Horregatik, ez da harritzekoa Apple TV Plus plataformak eta Kingek berak telebistarako egokitzapen honen aldeko apustu sutsua egin izana.

Nobelagile estatubatuar sonatuak idatzi ditu telesaileko atal guztiak, eta Pablo Larrain kultuzko zinemagile txiletarrak zuzendu. Jackie filmarekin egin zuen Larrainek Hollywoderako jauzia, eta hau da AEBetako kodeen menpe pantaila txikirako osatu duen lehen lana. Ekoizpena sekulakoa da, baita aktore protagonisten zerrenda ere: tartean daude Julianne Moore, Clive Owen, Joan Allen eta Jennifer Jason Leigh. Primerako osagai horiekin guztiekin, zerk egin lezake huts?

Telesaila ez da hondamendi bat, baina minaz beteriko zelai baten itxura du. Emakume alargun bat da istorio honetako protagonista. Senarra, idazle arrakastatsua, tiroz hil zuten ekitaldi publiko batean, eta ordutik haren galera eta mamu pertsonalak gainditu ezinik dabil. Kontakizun hori jorratzeko, Kingek bere autorezko estiloa bereizi duten elementuei heldu die. Izu psikologikoa da abenturaren ardatza, protagonistek iparra galdu dute, eta maldan behera doaz, espiral suntsitzailean. Larrainek aparteko artisau lana egin du giro itogarri hori iruditan islatzeko, eta ausardia formal handia erakutsi, pasarte onirikoetan, batez ere.

Tamalez, lantaldeak eszenaratzean jarri ditu indarrak, eta narrazioa ahaztu du. Gidoiak gabezia gehiago ditu bertuteak baino, zulo beltzez beteta dago, eta ez du lehen mailako thrillerren erakarpen gaitasunik. Une zehatzetan irudiek gogorarazten dute zeinen bortitza den istorioa, baina, azkenerako, pantailan agertzen diren ur zingiratsuak bezain astuna bilakatzen da. Minutuek aurrera egin arren, ikusleek puntu berean katramilatuta egotearen sentsazioa eduki lezakete, eta hori da, ziurrenik, telesail baten bekatu kapitala.

Flashbacken erabilera nahasgarria da eta eszena batzuek betegarri itxura dute, telesaila zortzi ataleko iraupenera luzatzeko trikimailu merkeen pare. Antagonisten muturreko zikoizkeriak, berriz, ikusleei zuzenduriko disuasio neurri bat dirudi. Kingek eta Larrainek shocka baliatu nahi izan dute kontakizuna publikoaren oroimenean iltzatuta gera dadin, baina lorpen horretatik oso urrun geratu dira.

Telesailaren porrota horren agerikoa izanik, batek baino gehiagok pentsatuko du ea ez ote den Stephen Kingen itzal luzea arazo guztien iturburua. Idazle estatubatuar laudatuak 200 istorio labur eta 60 nobela plazaratu ditu 50 urtez gaindiko ibilbidean. Denbora horretan, haren lan asko egokitu dituzte ikus-entzunezko formatura modu gogoangarrian. Lisey's Story, ordea, ez da horietako bat. Sortzaileak ahalegindu dira papereko sentipen fantasmagorikoa pantailara eramaten, telesaila zipriztintzen izuaren generoko magia bereziarekin. Hobe ahaleginak eta bi egin izan balituzte.

'LISEY'S STORY
Sortzaileak: Stephen King, Pablo Larrain.
Aktoreak: Julianne Moore, Clive Owen, Joan Allen, Jennifer Jason Leigh, Dane DeHaan.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2021.
Non ikusi: Apple TV Plus.
Atal bakoitzaren iraupena: 50 minutu.
Generoa: Drama. Izua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.