Sarako (Lapurdi) Idazleen Biltzarraren 41. aldia egingo dute astelehenean eta asteartean. Liburu aurkezpenez eta hitzaldiez gain, Ixabe taldea lehenbizikoz izango dute biltzarrean. Asteartean, berriz, biltzarraren bigarren egunean, egun profesionalean, zenbait animazio proposatuko dituzte Sarako leize zuloetan.
Aurtengo Biltzar Saria Amets Arzallusi eta Jean Duverdieri emango diete, astelehenean, 12:15ean. Idazle, bertsolari eta kazetari gisa eginiko lanagatik omenduko dute Arzallus. Batez ere, Ibrahima Balderen migrazio historia kontatzeko idatziriko Miñan eleberriarengatik emango diote saria. Duverdier marrazkilari eta ilustratzailea, berriz, argitaratu dituen hogei bat liburuengatik eta Baionako jaietako Leon Erregea pertsonaiaren sortzaile izateagatik sarituko dute.
Guztira, 120 idazlek, hamazortzi argitaletxek eta hamahiru elkartek parte hartuko dute apirileko lehen bi egunetako azokan. Lehen egunean, argitaletxeak, idazleak eta elkarteak 76 mahaitan banatuta egongo dira.
Mahai inguru nagusia 16:00etan hasiko da, Sorkuntza editorialaren egoera Euskal Herrian izenpean, eta alorreko zortzi eragilek hartuko dute hitza. Ixabe taldearen kontzertua izango da ondoren, eta Sarako ikastola arduratuko da jatekoa eta edatekoa eskaintzeaz.
Horrez gain, haurren xokoa ere egongo da Saran, 10:30etik 16:30era. Sarako mediatekan harrera egingo diete parte hartzaileei, liburu eta jostailuekin. Bestalde, 11:00etatik 16:00etara, karparen azpian, irakurketa musikalak antolatu dituzte, Kiribil konpainiaren eskutik.
Egun profesionala
Aurten, Ipar Euskal Herriko historia izanen du ardatz bigarren egunak, egun profesionalak. 09:00etatik 17:00ak bitarte, Sarako leizeetan bilduko dira bisitariak. Fabrice Iparragirrek leizeetan lan egiten du, eta leize zuloek eskaini dezaketen giro berezia deskribatu du: «Eremua zinez partikularra da, eta, ikuskizunak antolatzen direlarik honen baitan, emozionalki bestelako gauzak azaleratzeko indarra badu; artistentzat ere aukera da emozio berri eta berezi horiekin jostatzeko».
Bisita gidatuarekin hasiko dute eguna, eta Gora euskal (H)errientsak (Herrima, 2023) saiakera grafikoaren inguruko performancea egingo dute Asisko Urmenetak eta Dom Campistronek. Bi hitzaldi antolatuko dituzte ondoren: 11:45ean, Ipar Euskal Herriko historia: argitalpenak hitzaldia eskainiko du Elkar saltegiko Peio Uhaltek. Bazkalordua pasatuta, Ipar Euskal Herriko historialarien inguruan hitz egingo du Claude Martinez historia irakasleak. Borobiltzeko, galdera zehatz bati erantzuteko mahai ingurua izango da: Ipar Euskal Herriko historia idazten ahal ote da?.
Egun horretan, liburuen munduan dabiltzanak joan ahal izango dira, eta baita tokiko historian interesa dutenak ere. Hori bai, antolatzaileek azaldu dutenez, izena eman beharko da parte hartzeko.