Idazkerak eskuaren jabeaz dioena

Hitzek ez ezik, horiek idazteko moduek ere adierazi egiten dute. Eskuz trazaturiko hizki batek azaldu dezake, erraterako, pertsona baten nortasunaren ezaugarriren bat. Grafologoek deszifratzen dituzte: eskuizkribuak eta haien egileak.

BERRIA
BERRIA
maddi ane txoperena iribarren
2024ko otsailaren 10a
05:00
Entzun

Testu batek anitz erran dezake idazten duen pertsonaz. Baina ez bakarrik hitzen aukeraketa dela medio, eta horien erranahiagatik eta ordenagatik. Ordenagailuz tekleatuta galtzen den zerbait dauka eskuz idazteak: nola marraztu dion batek b letrari sabel lodiagoa; egin ote duen narras, handi, ala zatikatuta... Letra eta hitz bakoitzari ematen zaion formak azaldu dezake pertsona baten nortasuna eta aldartea. Ala haren zati bat.

«Demagun t hizkiaren goiko marra», abiatu da Alicia Martinez Carrasco, Bilboko Grafotec kabineteko grafologoa, kriminologoa eta Euskadiko Grafologia Elkarteko sortzailea. «Hiru idatzi hauetan t hizkiaren marra oso goian dago [hiru pertsonaren hiru testu erakutsi ditu], eta horrek zera esan nahi du: pertsona horiek izaera independentea dutela, eta dominatzeko eta antolatzeko joera». Segidan zehaztu nahi izan du, ordea: «Zeinu bakoitzak ez dauka interpretazio bakarra; idazkeraren beste ezaugarrien arabera ñabartu behar da haren esanahia».

Alicia Martinez Carrasoren 'Tu escritura eres tú' liburutik ateratako hiru adibide: hirurek dute 't' hizki antzekoa. BERRIA
Alicia Martinez Carrascoren 'Tu escritura eres tú' liburutik ateratako hiru adibide. BERRIA

T hizkira bueltatuta: hiru testuetan lehendabizikoa presio onez idatzita dago, letra aski etzanez, hizkien bukaerak luzatuta, azkar, eta zuriune gutirekin: horrek adieraz dezake, Martinezen arabera, testu hori idatzi duen pertsonaren oldarkortasuna eta dinamismoa. Bigarren testuak bertze ezaugarri batzuk ditu, t hizkia antzeratsu idatziagatik: idazkera irmoa du, argia eta espazioduna, hizkien bukaera neurritsuak dituena, eta ez hain etzana. Konbinazioa diferentea izanen da, beraz: botere edo indar gehiegikeriarik gabe, erabakimenez zuzentzeko gaitasuna, eta buru antolamendu ona, gogoetatsua.

Hirugarren testuaren tentsio faltak, lerro gorabeheratsuek eta hutsune ezberdinki tartekatuek, berriz, segurtasun gabeziak azaleratzen dituzte: autosufizientzia faltsua, hain segur. «Ahula, baina ez otzana».

Sinple azalduriko adibideak dira, Martinezek Leticia Perinat grafologoarekin batera Tu escritura eres tú (Zure idazkera zu zara) liburuan aztertutakoak. Baina, gutxi asko, ongi azaltzen dute zer den grafologiak egiten duena: «Pertsonak haien idazkeraren arabera ezagutzeko teknika psikologikoa da». Isabelle Dehail Baionako grafologoak nabarmendu nahi izan du ez dela «magia» mota bat: «Giza zientzia bat da, psikologia bezala». XIX. mende akaberan ditu hastapenak, Frantzian: Jean Hippolyte Michon apez eta arkeologoak (1806-1881) sortu zuen, eta haren jarraitzaileek garatu eta teorizatu.

«Pertsonak haien idazkeraren arabera ezagutzeko teknika psikologikoa da grafologia».

 Alicia Martinez CarrascoGrafologoa

Dehailek berak Frantziako Grafologia Elkartean egin zituen ikasketak; psikologoa eta grafoterapeuta ere bada, eta umeekin eta gazteekin egiten du lan, batez ere: idazteko zailtasunak dituztenei eskua hezten laguntzen die, baita zer ikasi erabakitzen ari direnei haien izaeraren araberako lanbide orientazioa bilatzen ere. Norbere burua hobeki ezagutzeko ere balio dezake: «Idazten duen horren nortasuna definitzen du, sakontasunez». Idazkerak, eta grafologiak.

Puzzle bat, piezaka

«Euren idatzien analisia bueltatzen diedanean, jendea zur eta lur gelditzen da», kontatu du Dehailek Baionako bere etxean, eskuizkribu, txosten eta forma eta kolore ugaritako boligrafoz inguraturik. Esku baten tamainako lupa bat ere badu, hizkien marrak xehe behatzeko erabiltzen duena. Lizeoko azken mailan dagoen ikasle bati egin berri dion orientazio txostena erakutsi du, atalez atal: inteligentzia mota, jarduerak eta afektibitatea bereizita ditu, eta arlo bakoitzean azalpen zerrenda luzea. «Galdetu ohi didate nola ikusi ahal izan dudan hori guzia idazkeraren bitartez». Eta azaldu du nola: «Kontua da lotura bat dagoela zeinu grafikoen eta nortasun zeinuen artean».

Ziurtamen bera du Martinezek ere, eta, hobeki ulertzeko, gorputz espresioarekin alderatu du, izaera edo aldarte psikologikoen araberakoak baitira norbanakoen mugimenduak. «Adibidez, haserrearen ondorioz norbaiti gorputza tentsioan jartzen zaionean, eskua ere zurrundu egiten zaio, eta horrek marra grafiko urduri bat trazatuko du. Kontrara, erlaxatuta zaudenean marra elastikoagoa da, solteagoa».

Dehailek zehaztu du, erraterako, trazu bat finki zapaldua egotea «energia aunitzen» erakusle dela: «Baina aldaerak izan ditzake. Jarioa badu, ekintza eta engaiamendua adieraziko ditu; eta, aldiz, zurruntasuna sumatzen bada, eta angelu anitz baditu, burugogorkeria, edota, are, autoritarismoa erakutsi dezake». Dena ez baita zuria edo beltza. Benito Mussolini Italiako diktadorearen bi izenpe ditu Martinezek Perinatekin batera idatzitako liburuan, horren adibide: haren garai oparoenekoa da ezkerrekoa, handia eta borobildua: «Boterea islatzen du, handitasuna». Bigarrena, aldiz, espetxean zegoen garaikoa da: anitzez ere estuagoa da, ertzak ditu, eta marra dardartia; «segurtasun gabeziaren eta uzkurduraren» salatzaile.

MUSSOLINIREN IZENPEDURA
Benito Mussolini diktadorearen bi sinadurak. Ezkerrean, haren garai oparokoa; eskuinean, kartzelan zegoenekoa. BERRIA

Hizkien ezaugarri bakoitzak badu bere alderdia, Dehailek esplikatu duenez: «Horietako batzuek adierazi nahiko genukeenarekin dute zerikusia; eta, bertze batzuk, aldiz, ez dira kontzienteak: ezin dugu dena menperatu idazkeran». Idazteko tresnari eragindako presioak, erraterako, idazkeraren alderdi «inkontzientea» erakusten du: berdin espazioek eta hitzen norabideak ere. «Pentsatu gabe egiten dira». Pertsona baten izaerak izaten baititu ageriko eta ezkutuko alderdiak, eta halatsu hizki bakoitzak ere. Kazetariaren oharretan idatzitako d letra hartu du adibidetzat, lupaz begiratuta. «Gauza bat da d letraren kanpoan dagoen marra, eta bertzea barnean dagoena. Marraren kalitatea ezberdina izan daiteke: izan daiteke oso zuzena eta argia kanpotik, eta lausoagoa barnetik». Horrek erakutsiko luke, «sinbolikoki», pertsona bat nolakoa den kanpotik eta barnetik. «Batzuek oso ziurrak dirudite beren buruaz, kanpotik; baina barnetik zalantzatiak eta sentikorragoak izan daitezke, eta hori ez dute azaleratuko».

Azterturiko «pieza» horiekin guziekin «puzzle» bat egitean datza grafologoaren lana, Martinezen arabera; kontuan hartuta, betiere, ezinezkoa dela pertsona baten izaera bere osotasunean deskribatzea: «Ez da enpirikoki behatu dezakegun objektu aldagaitz bat». Horrek azaldu dezake, gertakari eta garaien arabera, pertsona baten bizitzan zehar idazkera formaz aldatuz joatea. Nolanahi den, analisi pertsonalerako bertzelako teknika batzuen aldean, fidagarriagotzat dute grafologia hala Martinezek nola Dehailek: psikologo bati gezurra erraten saiatu zaitezkeelako; baina idazkerak zurian beltz uzten baitu dena.

Izenpearen tranpa

Analizatzen dituen testuen idazleak parez pare ezagutu gabe egiten du lan Dehailek. Gutun bat idazteko eskatzen die; harengana jotzeko arrazoiak, eta, hala izanez gero, hari egiteko dituzten galderak zehaztuta; eta eskutitz horren zirriborroa ere bai. Eskura dituzten bertzelako testuak ere emanez gero, hobe: dela erosketak egiteko zerrenda edota klaseko apunteren bat. «Testuinguruaren arabera ezberdin idazten dugu». Eta, ezinbertzekoa, izenpea: «Ikusten badugu izenpeak testuaren ezaugarri berak dituela, horrek homogeneotasun bat erakutsiko du pertsona horren barne izaeraren eta sozialki denaren artean —nola erakusten duen bere burua—». Baina ez da beti horrela izaten: «Izenpearen bitartez saiatu gaitezke gure buruaz bertze irudi bat erakusten, norbera babesteko, edota garenak baino hobeak erakusteko».

«Izenpearen bitartez saiatu gaitezke gure buruaz bertze irudi bat erakusten».

Isabelle DehailGrafologoa

Gertatzen da izenpeak faltsutu nahia ere. Eta biek ala biek lan egin izan dute justizia sistemarentzat, peritu gisa: idazkera bat pertsona batena den ala ez frogatzeko, demagun. Enpresek ere erabiltzen dituzte grafologoak, langileak kontratatzerako garaian, horiek hobeki ezagutzeko, eta lanbide horretarako egokiak izan daitezkeenetz ebazteko. Dehail horretan aritu zen hasieran, baina uko egin zion gero: «Ez doa nire balioekin bat; nahiago dut jendea lagundu». Hark zirrimarratutako paper puska bat utzi du begi bistan: idazkera borobildua du.

IDAZKERAREN EZAUGARRIAK

Jules Crepieux-Jamin grafologo frantsesaren arabera (1859-1940), idazkeraren zazpi ezaugarriri jarri behar zaie arreta:

  • Forma. Hizkiak borobilak diren, estuak... 
  • Ordena. Orria nola dagoen antolatua, lerroak zuzenak ote diren, zuriuneak dauden...
  • Abiadura. Azkar edo mantso idatzia den.
  • Jarraitutasuna. Hizkiak bata bertzeari lotuta dauden hitzaren barnean, ala etenda.
  • Presioa. Marraren lodiera.
  • Dimentsioa. Hizkiak handiak ala txikiak diren, eta noraino luzatzen diren hizki bertikalenen goranzko eta beheranzko marrak.
  • Norabidea. Hizkiak eta lerroak zuzen idatzita dauden, ala etzanda, eta norantz.

ARDATZAK

Max Pulver grafologo suitzarraren (1889-1952) eta eskola sinbolikoaren arabera, eskuin-ezker eta goitik beheitiko ardatzek ere badute erranahia:

Ardatz bertikala

- Goiko aldeak ametsekin eta idealekin dauka zerikusia, baita espiritualtasunarekin, boterearekin, pentsamenduarekin eta irudimenarekin ere.

- Beheitiko aieka, berriz, instintuarekin, gorputzarekin eta behar lurtarrekin lotzen da: materialtasuna, praktikotasuna, elikadura, sexualitatea...

- Erdiguneak ere badu berea: egunerokotasuneko bizitza, eta mundu zehatz eta erreala sinbolizatzen ditu. Arlo afektibo-emozionala, ni-a eta nortasuna.

Ardatz horizontala

- Ezkerreko aldea: iragana, haurtzaroa eta norbera irudikatzen ditu. Ezkerrerantz biraturiko hizki eta testuek, beraz, aldaketaren beldurra eta babes nahia erakuts dezakete.

 - Eskuinekoa: etorkizuna, helduaroa eta bertzeak irudikatzen ditu. Eskuinerantz doan idazkera bat ausardiaren eta independentziaren sinbolo litzateke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.