Idatziek utzitako aztarnak

Iruzur zein krimenen ikerketetan eta auzitegietan gero eta garrantzitsuagoa da peritu kaligrafoen lana. Idazkera aztertuz, adituek frogatu dezakete idatziak zein dokumentuak egiazkoak diren edo ez.

Kaligrafia peritutza irudikatzen duen argazkia. CESAR CORDERO
Kaligrafia peritutza irudikatzen duen argazkia. CESAR CORDERO
unai etxenausia
2025eko apirilaren 9a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

1983an, Alemaniako Stern aldizkariak iragarri zuen Adolf Hitlerren egunerokoen bilduma esklusibo bat zuela. Albiste horrek oihartzun handia izan zuen mundu osoan. Baina, handik gutxira, zalantzak agertu ziren dokumentuak benetakoak ote ziren. Kaligrafia peritatze zehatzari eta dokumentoskopia teknikei esker, egia argitu zen: egunerokoak faltsuak ziren. Peritu kaligrafoek ondorioztatu zuten «letra estiloa eta trazuen dinamika» ez zetozela bat «Hitlerrek eskuz idatzitako jatorrizko dokumentuekin». Horrez gain, tintaren osaerak eta paperaren zahartze artifizialak agerian utzi zuten manipulazioa. Kasu horrek nazioartean erakutsi zuen zenbateko balioa duten kaligrafia perituek, eta nola gezurtatu zitekeen faltsututako kontakizun bat.

Hitlerren ustezko egunerokoa argitaratu zuteneko 'Stern' aldizkariaren azala. BERRIA
Hitlerren eguneroko faltsua argitaratu zuteneko 'Stern' aldizkariaren azala. BERRIA

Ez da kasu bakarra. Historian zehar hainbat aldiz aztertu dira idatziak, faltsuak ala egiazkoak diren zehazteko helburuz. Idazkeraren eta kaligrafiaren azterketak garrantzi handia izan du beti sistema judizialean. Ebidentzia digitalak eta froga zientifiko zurrunak gero eta zabalduago dauden arren, eskuz idatzitako testuek balio juridiko sendoa dute oraindik ere. Horretarako daude peritu kaligrafoak, eskuz idatzitako dokumentuen egiazkotasuna aztertzeko. Gero eta pisu handiagoa hartzen ari dira auzitegietan, tresna teknologiko eta zientifiko berriei esker. Baina nola funtzionatzen du, zehazki, kaligrafia peritutzak?

Trazuaren detektibeak dira. Dokumentu susmagarriak egilea egiaztatuta daukatenekin alderatzea da haien lana. Bi testuak eskuzko idazkera berarekin egin diren zehaztea da helburua. Baina ez da letraren itxura begi hutsez aztertzea soilik. Perituek hainbat faktore tekniko aztertzen dituzte: paperean egindako presioa, trazuaren abiadura, noranzkoa, etengabekotasuna, letren arteko loturak, marjinak...

Cesar Cordero Martin nazioartean ezaguna da kaligrafia peritutzaren esparruan. Ibilbide akademiko eta profesional zabala eta sendoa du, betiere idazkeraren azterketa zientifikoan eta haren aplikazio juridikoan ardaztuta. Euskal Herriko epaitegietan lan egiten du, peritu judizial kaligrafo gisa: «Kaligrafia peritutzan bi azterketa maila egiten dira: alde batetik, parametro morfologiko orokorrak aztertzen dira (noranzkoa, inklinazioa, presioa, abiadura...); eta, bestetik, mikroskopio bidezko keinu motak edo ohiko keinu grafikoak, pertsona bakoitzak modu inkontzientean errepikatzen dituenak», hasi du azalpena Corderok.

Grafoskopia da kaligrafia azterketaren ardatz nagusietako bat. Metodo horrek arreta berezia jartzen du idazkeraren elementu automatikoetan eta inkontzienteetan; hau da, pertsona batek berez eta pentsatu gabe egiten dituen mugimenduetan; hala zehaztu du Corderok: «Horren ondorioz, peritu kaligrafoak merkataritza edo finantza iruzurrak zehazten ditu dokumentuetan; are gehiago, mehatxu, kalumnia, gorroto eta abarren idazki anonimoen auzitegi egiletza ere zehaztu dezake».

«Gaur egun, oso ohikoa da indarkeria matxistarekin lotutako delitu iraingarrien egiletza zehaztea, eta, beraz, osagarri eta laguntzaile izan daiteke, hilketaren egiletzara iritsi arte»

CESAR CORDERO MARTINPeritu kaligrafoa

Azken urteotan asko garatu da diziplina hori. Corderok azaldu duenez, iraganean «lupa hutsa erabiliz» egiten ziren azterketak «tresna sofistikatuen bidez» egiten dira gaur egun: «Bideo espektro eramangarria edo Nega software aurreratua erabiltzen da gaur egun, irudi digitalen konparazio eta neurketa zehatzak egiteko. Horrek objektibotasun handiagoa ematen dio azterketari». Hala ere, digitalizazioak beste arrisku batzuk ekarri ditu. Gaur egun ohikoa da «kopiatu eta itsastearen bidezko faltsifikazioa», non benetako sinadura bat beste dokumentu batera eramaten den. Baina hori ere detekta daitekeela baieztatu du perituak, bi sinadura berdin-berdinak izatea ezinezkoa baita; «bat, behintzat, faltsua izango da».

Epaiketan, fidagarria?

Epaile eta kriminologoek goraipatu egiten dute peritu kaligrafoen lana. Cesar San Juan Guillenek, EHUko Psikologia Juridiko eta Kriminaleko doktore eta irakasleak, adierazi du teknika baliotsua izan daitekeela: «Ultramorea, infragorria eta beste teknika batzuk erabil daitezke; polizia zientifikoek maiz erabiltzen dituzte faltsifikazioak detektatzeko». Beraz, epaiketetan erabili izan da kaligrafia peritutza.

San Juanen ustez, zaila da idazkerak zuzenean hilketa baten egilea seinalatzea, baina kaligrafia frogek beren ekarpena egin dezakete ikerketetan: «Adibidez, ezin da froga zuzena izan krimen baten egiletza frogatzeko, nahiz eta lagundu dezakeen. Dena dela, erabilgarria da mehatxu gutun baten egilea identifikatzeko edo suizidio ohar bat benetakoa ote den baieztatzeko». Idazki luze edo paper zuri batean utzitako esaldi bakan bat bihur daiteke egia oso baten aztarna. Horrek krimenik ilunenak argitzeko bidea leundu dezakeela nabarmendu du Corderok. «Gaur egun, oso ohikoa da indarkeria matxistarekin lotutako delitu iraingarrien egiletza zehaztea, eta, beraz, osagarri eta laguntzaile izan daiteke, hilketaren egiletzara iritsi arte».

DNAren edo froga toxikologikoen aldean oso subjektiboa dela ohartarazi du doktoreak: «Oraingoz ezin da bestela izan, gainera». Baina horrek ez dio baliorik kentzen: «Nahikoa fidagarria da auzitegi batean kontuan hartua izateko. Izan ere, zientziaren irizpideak, perituen esperientzia eta tresna teknologikoen erabilera uztartzen direnean, emaitzak gero eta zehatzagoak dira», argitu du.

Era berean, letra aztertu eta norena den epaitu aurretik, beste faktore batzuk ere kontuan hartu behar dira. Adinak, gaixotasun neurologikoek eta tankerako faktoreek eragin zuzena dute idazkeraren ezaugarrietan. «Parkinsonen edo Alzheimerren gaitzak, besteak beste, idazkera nabarmen alda dezakete, eta horrek arreta berezia eskatzen dio perituari», azaldu du doktoreak. Hori dela eta, ezinbestekoa da perituak prestakuntza sendoa izatea eta metodologia zorrotz eta eguneratua aplikatzea, azterketaren fidagarritasuna bermatzeko.

Grafologia, «sasizientzia»?

Kaligrafia peritutzaren barruan, bada askotan eztabaidatua izan den alor bat, iritzi kontrajarriak dituena: grafologia. Ustez, pertsonaren nortasunaren inguruko ondorioak ateratzen dituzte idazkera aztertuz; hala ere, ez du zientifikoki aitortutako oinarri juridikorik. Idazkera ikertuz eta analizatuz, grafologo batek ezaugarri psikologikoak eta emozionalak identifikatu nahi izaten ditu, baita adimen mota eta gaitasun profesional jakin batzuk ere.

Bi adituak ez datoz bat. Alde batetik, grafologoa ere bada Cordero; beraz, sutsuki defendatu du haren garrantzia: «Idazketaren trazuak egiterakoan, paperean egiten dugun ekintza edo indarra da presioa. Presioaren parametroa idazlearen energiarekin eta bizitasunarekin lotzen da, baita haren sasoiarekin ere». Enpresetan, esaterako, langileak kontratatzeko orduan erabili izan da teknika hori, perituak azaldu duenez: «Adibidez, salmentak kudeatzeko lanposturako norbait behar izanez gero, pertsona dotore eta atsegin bat beharko du enpresak; beraz, trazadura oso puztuak eta begizta asko egiteko joera dutenak aukeratu ohi dituzte».

Kontrara: doktoreak ez du uste azterketa grafologikoa fidagarria denik. «Sasizientzia» gisa definitu du, «ez baitu ebidentzia enpirikorik» bere balioa frogatzeko: «Interesgarria izan daiteke arlo klinikoan, baina froga gisa ez da onargarria sistema judizialean. Batzuen arabera, letra handia dutenak irekiak dira; trazu sendoa dutenek nortasun sendoa dute... Halako ideiek arrakasta izan dezakete iruditeria kolektiboan, baina ez dute babes zientifikorik».

«Kaligrafia peritutza konprometitua dago metodo zientifikoarekin; grafologia, ez»

CESAR SAN JUAN GUILLENEHUko Psikologia Juridiko eta Kriminaleko doktorea

Legeari begira eta ofizialki, grafologia sasizientzia bat da teknikoki. Epaiketetan erabil daiteke, eta hala egiten ari dira epaileak hala erabakitzen duenean; baina, normalean, ez da froga erabakigarritzat hartzen. Kaligrafiaren inguruko interpretazio asko «mitoen munduan» daude oraindik, eta «ondo» bereizi behar direla uste du San Juanek: «Kaligrafia peritutza konprometitua dago metodo zientifikoarekin; grafologia, ez».

Eztabaidak eztabaida, kaligrafia peritutzak lortu du peritu, kriminologo eta juristen onespen orokorra. Adimen artifizialaren, analisi konputazionalaren eta bereizmen handiko eskaneatzeen bidez, gainera, gero eta objektiboagoa eta estandarizatuagoa bihurtzen ari da. Giza begiak antzematen ez dituen mikrobariantzak detektatzea gero eta ohikoagoa da laborategietan.

Testamentu faltsu batetik hasi eta gutun anonimo baten egiletzaraino, boligrafo batek utzitako aztarnak froga erabakigarriak bihur daitezke esku adituetan. «Jendeak argi izan behar du sinadura edo letra mota bat imitatzean marka grafiko pertsonala uzten dutela, eta horrek identifikagarri egiten dituela. Inork ezin ditu bi sinadura berdin egin: hor dago froga», amaitu du Corderok.

Kriminologian, berriz, etorkizuneko erronka nagusia izango da diziplina profesionalizatzen jarraitzea, eta bereizketa argia egitea zientziaren eta sasizientziaren artean; hala ondorioztatu du San Juanek: «Kaligrafiaren analisi forentsea baliabide baliotsua da sistema judizialean, baldin eta arduraz, prestakuntza zientifikoz eta babes teknologikoz erabiltzen bada». Azken batean, idazkera bakoitzak aztarna bat uzten du, bakarra eta berdinik gabea, egilea bezalaxe. Eta, batzuetan, hitzek isildu nahi dutena esaten du aztarna horrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.